Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK RENFE-RI ESKATU DEUTSIE MUSKIZKO LINEAKO MATXUREA "HAINBAT ARINEN" KONPONTZEKO

  • Batzarretako talde guztiek babestu dabe Elkarrekin Bizkaiaren ez-arauzko proposamen bateko puntuetako bat, Gobernu Zentralari Aldirikoen C2 lineako zerbitzua berrezartzeko eskatzen dauana.

(Bilbo, 2021eko martiaren 12a). Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe, Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Batzordean, Elkarrekin Bizkaiak aurkeztutako ez-arauzko proposamen bateko puntuetako bat. Zehazki, Gobernu Zentralari eskatu jako “beharrezko neurriak” hartzeko, RENFEk “hainbat arinen” berrezarri daian C2 Muskiz-Abando lineako tren zerbitzua eta linea horren erabiltzaileek “mugikortasun eskubidea berreskuratu ahal daien”.

Orain dala “hiru hilabete” gertatu eta konpondu bako matxura bat dala eta, erabiltzaileak Ortuellan jaitsi behar dabe trenetik, aldaketea egiteko. Horrek “12 minutuz” luzatzen dau Muskizen eta Bizkaiko uriburuaren arteko ibilbidea, Eva María Carbonero ahaldunak salatu dauanez. Zerbitzu arazoa ekatx batek eragin eban: Ortuella eta Muskiz arteko komunikazino sistemea deuseztatu eban, tren konpainiak jakinarazi eta José Alberto Álvarez Castrejón sozialistak gogorarazo dauanez. Matxurea “luzea eta gatxa” izango da, baina horrek ez dau esan gura RENFEk C2 linea abandonauta itxiko dauenik, bere ustez, Elkarrekin Bizkaia taldeko ordezkariak “iradoki” dauenaren kontra.

Ekimenak beste puntu bi biltzen zituan, baina baztertu egin dira. Baten, Aldundiari eskatu jakon Bizkaibusen 3340 Bilbo-Muskiz (A-8) lineako ibilbidea “egokitzeko”, San Mamesen geldialdi bat egiteko. Bestean, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sailari eskatu jakon Bizkaibusen maiztasunak handitzeko, linea horretan bertan, punta-puntako orduetan, Aldirikoak C2 linea erabilten eben pertsonek beste aukera bat eduki daien. Puntu bietan EH Bildu abstenidu egin da, eta Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta PPB Talde mistoak aurka bozkatu dabe.

GARRAIO PUBLIKOA MAGDALENARA

Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek baztertu egin dabe EH Bilduren ez-arauzko proposamen bat: Bizkaibusek bere zerbitzua La Magdalena urbanizazinora (Santurtzi eta Muskiz artean) hurreratzeko eskatzen zan, han “160 familia baino gehiago” bizi dirala eta. Koalizino abertzaleko ahaldun Raúl Méndezek 3335 Sestao-Muskiz linea hurreratu eta urbanizazino horretako errotondearen alboan geltokia egitea proposatu dau, egun hurren dagoan markesinea “kilometro batera baino gehiagora” dagoalako.

PPB Talde mistoa abstenidu egin da, proposamena “zabaltzeko modukoa” dalako, kontuan hartuta Bizkaiko beste nukleo garrantzitsu batzuetan (adibidez, Plentziako “Abanico” auzunea) garraio publikoko gabeziak dagozala. Elkarrekin Bizkaiak bakarrik babestu dau EH Bilduren ekimena, nukleo horretako bizilagunek garraio publikoa izateko “eskubidea daukielako”. “Konponbide erraza izango zan, ibilbidean ez leuke aldaketa handirik eragingo eta onurragarria izango litzateke”, Carbonerok esan dauanez.

Ekimena baztertu egin da Euzko Abertzaleen eta Euskal Sozialisten aurkako botoakaz. Álvarez Castrejónek (PSE) onartu egin dau “komunikazino arazo” bat dagoala, baina ez dau uste konponbidea Aldundiari jagokonik, ezpada Muskizko eta Santurtziko udalai: garraio “urbanoa” sortu beharko leukie, Bizkaiko beste herri batzuetan (Erandion, Etxebarrin edo Amorebietan) auzoak lotzeko egiten dan legez. Azken baten, Bizkaibusen zeregina da herriak komuniketako sare-begia sortzea. Unai Lermak (EAJ) uste dau alternatiba horrek aldaketa handiak eragingo ebazala ibilbidean. Egungo zerbitzua “5 minutuz” atzeratuko leuke, eta horrek kaltea eragingo leuke zerbitzuaren kalidadean eta linea erabilten daben ganerako pertsonai begira.

GÓMEZ VIAR-EN AGERRALDIA

EH Bilduk halan eskatuta, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Saileko foru diputadu Miguel Ángel Gómez Viar Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, eta informazinoa emon dau pandemian zehar Bizkaibuseko gidarientzat instalau diran komunez eta Bizkaiko Garraio Publikoko Plan Estrategikoaren aurkezpenaz.

Koalizino abertzaleak salatu egin dau Bizkaibuseko gidariek eta kabinetan behar egiten daben beharginek “mugatuta edo debekatuta” daukiela komuna erabiltea behar orduetan, COVID-19ak eragindako pandemia dala eta. Aldiz, diputaduak esan dau bere sailak “laguntzeko kudeaketak” egin ebazala behargin horreek alternatiba bat eduki egien, hori aldundiaren eskumena izan ez arren: esleipena daukien enpresai jagoke, bai kontratazino pleguetan, bai Lan Arriskuen Prebentzinoari buruzko Legean bertan ezarritakoaren arabera. Halaz be, Aldundiak akordio puntualak lortu ditu jaurerriko udalakaz, udal lokalak erabilteko. Guztira 6 komun eroangarri instalau dira Balmasedan, Galdakaon, Galdamesen eta Muskizen, eta kostua “29.133 eurokoa izan da”. EH Bilduren ustez, “oso bolumen txikia” da Bizkaibusen sarerako.

Bizkaiko Garraio Publikoko Plan Estrategikoari jagokonez, Bizkaiko Garraioen Partzuergoak urtarrilaren akabuan jaso eban, eta Gómez Viarrek berba emon dau “laster” aurkeztuko deutsiela talde batzarkideai, Batzar Nagusietan egiten dan hurrengo agerraldi baten, “zezeilaren 23an” Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzatik pasau ostean. EH Bilduren ustez pauso positiboa da, “14 hilabeteko atzerapenagaz” etorri arren.