Aurreko Albisteak

GERNIKAKO ARBOLAREN OINORDEKO BATEK SUSTRAIAK ZABALDUKO DITU ARTEAN, UDAL BANDERA BARRIA OSPATZEKO

  • Landatzeko ekitaldi ofiziala gaur goizean egin dabe Maurizia pandero-jotzailearen eta Leon albokariaren eskulturaren ondoan. Bertan izan dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Alberto Intxaurraga Goti herriko alkatea.

  • Ganera, udalerriko zinegotziek, hainbat herritarrek eta Arteako Ikastolako umeek hartu dabe parte.

(Artean, 2021eko martiaren 12an). 10 urte eskaseko haretx gazte bat, Gernikako Arbolaren oinordekoa, Arteako leku esanguratsuenetako batean dago gaurtik. Udalak bere bandera berria onartu dauela eta, Arratiako herri txikiak toki mailako egun garrantzitsu hori, haretx sinbolikoaren oinordeko bat landatuz ospatu gura izan dau. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Alberto Intxaurraga Goti herriko alkatea izan dira ekitaldiaren buru, eta udalbatzako kideek, herritarrek eta Arteako ikastolako umeek hartu dabe parte.

Arbolak sustraiak botako ditu herriko lekurik jentetsuenetako batetik, Herriko plazatik, gertu, udaletxearen eta Arteako Ikastolaren ondoan, Maurizia pandero-jotzailea eta Leon albokaria herriko pertsonaia ospetsu biri eskainitako eskultura dagon parkean.

Bizkaiko Batzarrerako lehendakaria pozik agertu da Arteak Gernikako haretx zaharraren leinua zabaltzea erabagi dauelako udal bandera barriaren onarpena ospatzeko. Aldaketa hori tramitean dago Bizkaiko Batzarretan. Oinordekoa “bakeagaz, demokraziagaz, batasunagaz, adostasunagaz, eskubide historikoakaz, foruakaz eta euskal askatasunakaz” lotuta dago, eta, pandemia une honetan, “burrukan jarraitzeko eta egoera horretatik urtetako itxaropena emoten deusku, bizitza eta etorkizuna ordezten ditualako”, Otaduik nabarmendu dauenez.

Amaitu aurretik, Bizkaiko Batzarretako lehendakariak foru oinordekoaren benetakotasuna bermatzen dauen ziurtagiria emon deutso alkateari. Haretxaren leinuaren jarraipena bermatuta dago ale barri honi eta XIX. mendetik bost kontinenteetan landatu diran 500 oinordeko inguruei esker. Arteak bat egin dau Gernikako haretxaren oinordekoak dituen herrien zerrenda luzeagaz: Gotemburgo, Pforzeim, Sidney, Auschwitz, Washington…