BIZIKLETENTZAKO BILBO-GETXO BULEBARRAK AIDEAN DAGOZAN TARTEAK IZANGO DITU ERANDION ITSASADARRAREN GANEAN
- Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak Bilbo eta Getxo itsasadarretik lotuko dituan bulebarraren proiektua azaldu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan. Proiektuak Barakaldogaz loturea eukiko dau Erandio parean, zubi mobikor baten bitartez.
(Bilbon, 2021eko martiaren 10ean). “XXI. mendeko Bizkaiaren beste erreferente bat” izan gura dau. Halan definidu dau Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak, Batzarretako Talde Berezia-PPB eta Elkarrekin Bizkaia taldeek eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldi batean. Getxo, Leioa, Erandio eta Bilbo itsasadarraren ertzetik lotuko dituan bizikletentzako eta oinezkoentzako bulebar bat eta ardatz hori Barakaldogaz lotuko dauen oinezkoentzako eta bizikletentzako zubi bat eregiteko proiektua izango da. Azpiegitura biek 36,5 milioi euroko inbertsinoa eskatuko dabe eta 2024aren amaieran erabili ahal izango dira.
Gaur egun, Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen Saila, zubiaren eta bulebarraren ezaugarriak eta trazadurak definiduko dituan ingeniaritza-proiektuan ari da lanean. Obrak 2022ko bigarren erdialdean hasiko dirala aurreikuten da. Behin betiko proiektuak emongo dauen definizinoaren faltan, Pradalesek aurreratu dau bulebarrak gune bereiztuak izango dituala oinezkoentzat, bizikletentzat eta ibilgailuentzat. Trazadurak “asmo handiko” sekzinoa izango dau, eta itsasadarraren ondotik igaroko da sei kilometro baino gehiagotan. Erandioko hainbat gunetan, plataforma estutu egingo da, eta ibilbideak itsasadarraren ganean hegan egin beharko dauela aurreratu dau. Inbertsinoa 20 milioi eurokoa izango da, hamahiru Erandion gastauko dira eta beste zazpi Getxon.
Diputatuak baieztu dauenez, oraindino Bilboko Portuko Agintaritzaren jaubetzako “3.512 metro” transferitu barik dagoz Erandion. Ingeniaritza-proiektua amaitu ostean, proiektuak beste puntu batzuk bideratu beharko ditu, horreen artean ingurumen-ebaluazinoa, txosten sektorialak eta jente aurreko informazino-aldia eta alegazinoak.
Bestalde, beste 16,5 milioi euroko inbertsinoa beharko dauen zubia, bizikletentzat eta oinezkoentzat bakarrik bideratuta egongo dan itsasadarreko lehengo eraikina izango da, eta zubi mobikor moduan planteatzen da, Erandiotik Barakaldora itsasadarretik nabigatu ahal izateko. Pradalesek baztertu egin dau ibilgailu motordunak ibilteko aukera moduan erabiltea, azpiegitura horregaz “mobikortasun jasangarria sustatu gura dalako”. Aldundia daborduko Lamiakoko erreka azpiko errepidearen aukerea aztertzen ari da ertz bien arteko trafikoa desbideratzeko.
Proiektua “berandu” iritsi dala esan dau oposizinoak, 1999tik datorren eskaera soziala dalako. Eduardo Andradek (Talde Berezia-PP) Erandioko aparkalekuak kentzearen ganean galdetu dau. Emilio Lobatok (Elkarrekin Bizkaia) kritikau egin dau herritarrek proiektuan izan daben parte-hartze eskasa, eta gizarte zibilak ekarpenak egin ahal izango dituen galdetu dau. Finantzaketari jagokonez, aurrekontuetan urte honetarako partidarik egongo ete dan eta erakundeen arteko finantzaketaren banaketea zelangoa izango dan galdetu dau. Raul Mendezek (EH Bildu), bere aldetik, zezeilaren 9an Erandion egindako aurkezpenean EAJko ordezkariak eta alkateak bakarrik parte hartu izana kritikau dau, eta keinu bat egin gura izan deutso proiektua gauzatzeko hainbat urtez lan egin dauen Biziz Bizi alkarteari.
Zalantza eta kritika horreek gorabehera, Pradales pozik agertu da, itsasadarraren ertzeko eraldaketa-proiektu “erradikal” bat gauzatzeko, Batzarretako talde guztien artean dagon “adostasuna dala eta”. Proiektu horretan Bredako Unibersidadeak, Dutch Cyclist Embassyk eta Bizkaian bizikletea bultzatzeko taldeak hartu dabe parte, eta “erakundeen arteko” konpromisoa erakusten dau.
Oraingoz, aurton, proiektuak partida bi izango ditu aurrekontuetan: “285.000 eurokoa” eta “411.000 eurokoa”, bulebarraren eta zubiaren ingeniaritza-proiektuetan aurrera egiteko, hurrenez hurren. Erandion aparkalekuak kentzeari jagokonez, Pradalesek esan dau enpresek eta herritarrek erabilten dituen plazak “berrantolatu” egingo dituela, eta soluzino hori udalagaz “adostuta” dagola.
OBRAK AVANZADAN ETA AP-68KO ORDAINLEKUAN
Talde Berezia-PPB taldeak eskatutako beste agerraldi batean, Imanol Pradalesek, Leioatik Bilborako noranzkoan doan bidearen tarte bat hobetzeko, Avanzadan egiten ari diran obrak aitatu ditu. Lan horreek zezeilaren 11n hasi ziran eta 9 hilebete iraungo dabe. Lanek, arrisku puntuak kentzea (bide paraleloagaz dagozan hainbat kurutzaketa), trafikoaren arintasuna eta bide-segurtasuna hobetzea eta istripuak izateko arriskua murriztea daukie helburu. 2014tik “40 istripu” izan dira tarte horretan, eta “32 zauritu arin eta larri bat eragin ditue”. Pradalesek berretsi dau Aldundia prest dagola, Leioako Udalagaz batera, proiektua “barrikusteko” egikaritzearen hirugarren eta azkenengo azpi-fasean.
Modu berean, Pradalesek iragarri dauenez, “ezelan be ez da urtebete baino lehen” antzeko hobekuntzarik egingo zirkulazinoaren beste noranzkoan, Getxorantz, Unibersidaderako lotunearen eta Avanzadako tuneletarako sarbidearen artean. Une honetan, saila proiektua idazten eta udalagaz lehenengo ideak partekatzen ari da.
Beste alde batetik, EH Bilduk egindako erantzun-eske batean, Pradalesek ezin izan dau zehaztu AP-68 autobidea Bizkaiko bidesarien tarifa-sisteman sartzeko datarik. Foru Aldundiak “lanean jarraitzen dau” errepide horren emakidadunagaz batzorde tekniko batean datuen konfidentzialtasuna, ekipamendua eta sistema informatikoen bateragarritasuna lantzen, besteak beste.