BIRJINETXEK BERE FUNTZIOAK BERRESKURATU DITU, KUTSATUTAKO ADINEKOEN ZAINTZAREN FORU-EPIZENTROA IZAN OSTEAN
- Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan jakinarazo dauenez, Txurdinagako zentro soziosanitarioak bere lana berreskuratu dau barriro, bizitzaren amaieran lesinoak eta gaixoaldi puntualak eta zaintzak tratetako leku moduan.
- Aldundiak “bagilera arte” erreserbauko dau Unbeko egoitzea Covid-19ak kutsatutako adineko personei arretea emoteko.
- Gizarte Ekintzak sarea barriro dimentsionauko dau, bakarrik dagozan adinbako gitxiago iristen dalako.
(Bilbon, 2021eko martiaren 4an). 924 da Aldundiak egoitza hori adineko personentzako covid erreferentzia izatea erabagi ebanetik Birjinetxeko zentroan egon dan sarreren kopurua. Txertaketaren ondorioak dirala eta, Gizarte Ekintza Sailak zentro soziosanitario moduan berreskuratzea erabagi dau, hau da, lesinoak eta konbalezentziak sendatzeko eta bizitzaren azken uneetan zaintzak jasoteko leku moduan, Sergio Murillo diputatuak berak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan jagokon batzordean egindako agerraldian jakinarazo dauenez.
Birjinetxen artatutakoek “19,1 egun” igaro ditue batez beste, eta azken altea zezeilaren 22an emon eben. Lau egun lehenago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailagaz hartu-emonetan jarri ziran, adinekoen arretarako lehenengo lerroan egon ziran zentroei Covid-aren aurrean emongo jakezan erabilera barriak zehazteko. Alkarregaz erabagi dabe Unbeko egoitzea, “zuhurtzia” erespidetzat hartuta, “aldi baterako” zabalik eukitea, “bagilera arte”, ziurrenez, “kutsatuta dagozan adinekoentzako zentro bakar moduan. Une honetan, zentro horretan “17 plaza dagoz okupauta”.
Batzarretako taldeen erantzun-eskeei erantzunez, Murillok pandemiak iraun dauen bitartean okupautako plaza kopuruaren eta Birjinetxen sendatutako eta hildako personen kopuruaren errepasoa egin dau. Txurdinagako zentrotik igaro diran ia mila egoiliarren “% 84,3” sendatu egin dira eta gainerakoak hil egin dira. Eragina desbardina izan da pandemian zehar; izan be, lehen olatuan adinekoen “% 21,3” hil ziran, eta bigarren olatuan heriotza-tasea bajuagoa izan zan, “% 14,7koa”. “Edalontzia erdi hutsik edo erdi beteta ikusi daiteke”, erantzun dau Murillok.
Covid-19 positiboentzako Egoitza Unidade Soziosanitarioek (lehenengo Birjinetxe, gero Unbe gehitu jakon, eta Santurtzi ere aktibau zan uneren batean) “funtsezko” eginkizuna bete dabe pandemia honetan, Bizkaiko egoitza-sare osorako “nasaitasunerako” zentro moduan, eta positibo emon daben eta konplexutasun kliniko handiagoa edo isolatzeko gaiztasuna euki daben egoiliarrak hartu ditue. Modu berean, zaurgarritasun-egoeran egozan eta, ospitalean alta emon ostean berrogeialdia etxean nekez bete eikien personei be lagundu deutsee.
Joan dan astean egin dan trantsizino-plan “ordenau eta planifikau” bati esker, joan dan astelehenean, martiaren 1ean, Birjinetxeko ohiko asistentzia-jarduerari ekin jako barriro, eta Covid zentro izatetik zentro soziosanitario arrunt izatera igaro da. Lehenengo hiru egun horreetan, daborduko “17 persona” dagoz. Pandemiaren aurreko datuak erreferentziatzat hartuta (2016-2019 aldia), Gizarte Ekintza Sailak urtean batez beste 273 persona hartuko dituala aurreikusten dau, batez beste 72 urtekoak eta 60-90 eguneko egotaldian.
Saio berean, Bizkaiko egoitzetan kutsatutakoen eta hildakoen kopuruak argitzeko eskatu deutso EH Bilduk diputatuari, izan be, hiru iturrik emon dituen datuen ganeko “nahaste-borraste estadistikoa” dago: Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak Fiskaltzari bialdu deutsan txostenak eta Osasun Sailaren esku dagon Bizkaiko Epidemiologia Unidadeak. Hildakoen kopurua “520koa” izan zan zezeilaren 16ra arte, Izaskun Duque batzarkideak Foru Aldundiaren datuak batu ostean azaldu dauenez. Kopuru hori “788koa” bilakatu zan Epidemiologia Unidadeak urtarrilaren 31ra arte oficial egindako zerrendea kontuan hartu ezkero, horeetatik “% 84” egoitzetan.
Murillok azaldu dauenez, bere sailak egun bitik behin argitaratu ditu datuak, pandemiak iraun dauen bitartean. Aldundiak, ganerako lurraldeakaz batera, heriotzen talde desbardinak jakinarazo ditu, PCR bidez baieztutako Covidaren ondoriozko heriotzak, Covid baieztatu bako heriotzak eta Covid izatearen susmoa euki daben heriotzak. Bere berbetan, Osasun Sailak emondako datuak ez datoz bat, Eusko Jaurlaritzak “beste erespide bat” erabilten dauelako COVID-19agaz erlazionautako heriotzak zenbatzerakoan. Halanda be, Duquek ukatu egin dau Aldundiaren eta Jaurlaritzaren artean erespide desbardinak dagozanik, eta administrazino bien artean dagon “erabateko deskoordinazino faltea” salatu dau.
Horrez gain, Murillok beste galdera batzuei erantzun behar izan deutse, goiz osoan luzatu dan batzordean. Egoitzetako itxarote zerrenden inguruan EH Bilduri emondako erantzunean, Murillok esan dau pandemiak iraun dauen bitartean ospitaleratzeko eskaerak behera egin dauela. “298 eskaera gitxiago” izan dira igazko martian pandemia hasi zanetik. 2019ko martitik 2020ko zezeilera, “2.450” eskaera izatetik, “2.152” izatera igaro da. Eta bete bako plazen ordainketaren ganeko beste galdera batean, diputatuak azaldu dau bere sailak “79.000 euro” ordaindu ebazala, hau da, kopuru osoaren % 0,18.
Beste agerraldi batean, kasu honetan Elkarrekin Bizkaia taldeak eskatuta, Sergio Murillok adinbakoen arretarako sarearen errepasoa egin dau, bakarrik dagozan adinbakoak Bizkaira iristea “nabarmen” murriztu ostean egin dan “doikuntzaren” ostean. 2018an “1.189” iritsi ziran lurraldera, eta 2020an “297”. Hori dala eta, beharrezkoa izan da sarea doitzea. Aldundiak dituan “65 zentroetatik” “hiru zentroren” zerbitzua bertan behera itzi dau. Gaur egun, bakarrik dagozan “286” adinbako “gizonezko” dagoz egoitzetan (3 eta 18 urte bitartekoak), eta 2018an “599” plaza egozan. Epe laburrean, beste doikuntza bat egingo da, “39” adinbakok adin nagusitasuna beteko dabelako.