ZUGAZTELEK "110 PERSONA" KONTRATAUKO DITU ZERGADUNEI TELEFONOZ ARRETEA EMOTEKO 2020KO ERRENTAREN KANPAINAN
- Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, errentaren hurrengo kanpainan telefono bidezko arretea zelangoa izango dan argitzeko. Aitorpen hori, lehen aldiz, zergadun “guztiei” egingo jake.
(Bilbon, 2021eko martiaren 3an). Aldundiak baliabideak “bikoiztuko” egingo ditu Zugaztelek “110 persona” kontratau daizan, apirilaren 6tik bagilaren 30era egingo dan Errentaren kanpainako “call center”-ean behar egiteko. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak Elkarrekin Bizkaiak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian azaldu dauenez, guztira 290 persona arduratuko dira zergadunen zalantzak argitzeaz. Saileko beharginek eta foru soziedade horrek kontratautako beharginek osatuko dabe telefono bidezko arretarako kolektiboa.
Aurton, Foru Ogasunak zerbitzu hori indartu egingo dau, eta izapide “errazak” bideratzeko informazino-sistema bat izango dau. Aldi berean 110 dei kudeatu ahal izango dira, saileko beharginen eta Zugaztel foru-soziedadeak kontratetan dituan kanpoko beharginen artean. Kontsultea gatxagoa bada, Ogasuneko beharginek bakarrik erantzungo daben 2. mailara igaroko da. Holan, 94 608 30 00 telefonoan “egunean 10.000 dei jaso ahal izango dira”. Izapideak telefonoz ebazterik ez badago, errentako telefono-zerbitzua emoten daben beharginek aurrez aurreko hitzordua eskiniko deutsie zergadunari Foru Ogasunaren bulegoan.
Zergadunak hiru bide izango ditu edozein izapide argitzeko: telefonoa, webgunea eta Renta Bizkaia Errenta aplikazinoa. Ereduaren aldaketa “erradikalari” esker, inork ez dau bulego batera joan beharrik izango, eta hori modu bikotxean da positiboa pandemia garai honeetan, Iruarrizagak azaldu dauenez.
Diputatuak azpimarratu dauenez, “lehen aldiz” errentaren aitorpena gutun bidez helduko jake “zergadun guztiei” (lehen, zerbitzu hori % 55arengana baino ez zan iristen), autonomoei (70.000 persona inguru) eta aitorpena egiteko betebeharrik ez daukienei. Eredu barriak Bizkaiko zergadunei PFEZ aitorpena aurkezteko betebeharra beteten “ahal dan gehien lagundu” gura deutse. Igaz 200.000 lagunek eurek egin behar izan eben aitorpena laguntza-programa informatikoa erabiliz, eta 63.000 lagunek banku-erakunde batera joan behar izan eben.
Xabier Benito Elkarrekin Bizkaiako ordezkariak enpleoko atari batean errenta “egiten” daben personak kontratetako iragarki bat agertu izana aurpegiratu deutso diputatuari, eta Zugaztel enpresari egotzi deutso erantzukizuna, baina Iruarrizagak ukatu egin dau. “Zugaztelek baieztu deust iragarki hori ez dala baimendu”, eta, hori dala eta atoan kentzeko eskatu eban. “Zugaztelek eta Aldundiak ez dabe iragarki hori sustatu”, berretsi dau.
Alderdi moreko batzarkidea “harrituta” agertu da erantzunagaz, eta herritarrei arretea emoteko “kalidadeko enpleo egonkorra” sortzeko eskatu deutso Ogasun Sailari. Bere esanetan, eskaintzak aurreko urteetakoak baino soldata “baxuagoak” eukazan, “18.000 eta 23.000 euro artekoak”, lehen “21.900 eurora” iristen ziranean. Benitok, arretea bertako beharginakaz egitea eskatu dau.