BIZKAIKO 2018KO KONTU OROKORRA "GARBIA" DA, ETA EZ DAU KONTABILIDADE-DOIKUNTZARIK BEHAR, EZTA "ZIURBAKOTASUNIK" PLANTEETAN BE
· José Ángel Quintanilla Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko (HKEE) presidenteordea Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, Aldundiaren eta foru-sektore publiko osoaren kontuen lege-, kontabilidade- eta finantza-konsiderazinoak batzen dituan txostena zehazteko.
(Bilbon, 2021eko martiaren 2an). Batzarretako EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek eskatuta, Jose Angel Quintanilla presidenteordeak agerraldia egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordean, Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2018ko ekitaldiko Kontu Orokorraren Fiskalizazino Txostena azaltzeko eta zehazteko. Quintanillak azpimarratu dauenez, txostenaren eretxiz, urte horretako Bizkaiko kontua “garbia” da, eta ez dau eskatzen kontabilidade arloko doikuntzarik altxortegiko gerakinetarako eta funts propioetarako, eta ez dau “ziurbakotasunik” planteetan.
Lehenik eta behin, Quintanillak esan dau epaimahaiko presidentea, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusi Ohia, ez dala batzordera joan 2015etik, ez dauelako esku hartu lurraldeko kontuen fiskalizazinoan. “Ez da eztabaidan eta bozketetan egon”, ganeratu dau.
Txostenak zehazten dauenez, “7 ez-beteteengaitik” izan ezik, Bizkaiak “zentzuz” bete ebazan urte horretan bere legezko betebeharrak, kontabilidadekoak eta ekonomikoak. Aldundiaren eta foru-sare publiko osoaren kontuen azterketan, hobetu beharreko beste prozedura batzuk aurkitu ditu epaitegiak, baina horreek ez daukie eraginik printzipioak beteteko orduan; zehatzago, administrazino-kontratazinoan (31 hutsune) eta diru-laguntzetan (1). Ganera, erakunde biren izaera juridikoa aldatzea proponidu dau.
Datu horreek Euskadiko organu fiskalizatzaileak Aldundiaren 35 kontratazino-espedienteri, GUFEren 4 espedienteri, enpresa-sektore publikoaren 38ri eta 7 Esparru-akordiori egindako azterketatik atera dira. Ganera, epaitegiak, 26 milioi euroko diru-laguntzak be ikuskatu ebazan.
Salbuespenen artean, “historikoak” dagoz. Salbuespen horeek HKEEren eta Aldundiaren artean funtzionarioen primak dirala eta dagozan “erespide-desbardintasunei” jagokez. Epaitegiak uste dau, ez litzatekezala PFEZtik salbuetsita egon behar, baina Foru Aldundiak zerga hori ordaintzetik kanpo utzi ditu. Behin eta barriro agertzen diran salbuespenen artean dago, baita, GUFEko beharginen berariazko osagarri baten izaerea aldatzea. “Igoera horren indibidualizazino falta dago”, epaitegiak esan dauenez.
Quintanillak azaldu dauenez, Azpiegituraken ez-betete bat antzeman dabe, hautaketa-prozesu bako kontratu mugabako batengaitik, eta BizkaiKOA EPEFen beste bat, “ez deutselako 410.000 euroko erregulazino harmonizauko arauei jarraitzen”.
Ganera, 2018ko Fiskalizazino Txostenak esaten dauenez, lau erakundek publizidadea eta lehia errespetau barik kontratau ebezan hornidurak eta zerbitzuak, “764.000 euroko” zenbatekoan. Modu berean, Quintanillak aitatu dau BOSek % 41,6 gainditu ebala, hau da, “143.000 eurotan”, publizidaderako aurreikusitako zenbatekoa, eta 3 erakunderen kontratuetan “mugaegunaren osteko 790.000 euroko egikaritzea” gertatu zala.
Arantza Urkaregi (EH Bildu) kezkatuta agertu da “urtez urte errepiketan diran hutsune batzuengaitik”. Beste batzuen artean, enpresa publikoen publizidade barik egiten dituen kontratazinoengaitik, Bizkaikoaren kasua aitatuta. Eta “deigarria” da lau udalerrik Aldundiaren diru-laguntzak “zuzenean” jaso izana.
Beste alde batetik, Xabier Benitok (Elkarrekin Bizkaia) azpimarratu dauenez aztertutako espedienteen “% 71n” gorabeherak aurkitu dira eta sektore pribaduari zuzendutako diru-laguntza batzuk lehia barik emon dira.
Amaya Fernandez Bizkaiko Talde Berezia-PPren bozeroalearen ustez, kontratazinoaren arloan Aldundiak “hobetzeko tarte handia dauka”, foru soziedadeei jagokenez batez be.
Euskal Sozialisten izenean, Jesus Ortizek azpimarratu dauenez kontuek eretxi “garbia” jaso dabe eta “171 milioi euroko” saldo positiboa daukie. Epaitegiak “aldeko” eretxi hori emon deutsan arren, etorkizuneko ekitaldiei begira salbuespenak kontuan hartzen jarraitzearen alde agertu da.
Antzera egin dau berba Unai Lerma Euzko Abertzaleak taldeko kideak, eta txostenak Aldundiaren eta foru sektore publikoaren kontuen “irudi leiala” islatzen dauela azpimarratu dau. Finantza egoerari jagokonez, Lermak azpimarratu dau aurrekontuetan “orekea” dagola eta epaitegiak egiten dituan “gomendioak” Aldundiaren “modus operandi” horretan gehitu egiten dirala.
Bere bigarren txandan, Quintanillak azpimarratu dau orain dagozan salbuespen eta irregulartasun kopuruek “ez daukiela zerikusirik” 80ko hamarkadan, txosten horreek hasi ziranean, egozanakaz, batez be kontuan hartuta orain “gehiago fintzen dogula, eta lehen iristen ez ginan lekuetara iristeko gai garala”. “Beti dago hobetzeko aukerea, baina joerea oso positiboa da”, esan dau.