Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK GOGORATUAZO DAU ASTELEHENETIK AURRERA OKELA ETA ARRAIN HONDARRAK EDUKIONTZI MARROIRA BOTA AHAL IZANGO DIRALA

  • Elena Unzueta foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan jakinarazo dauenez, harategietan, arrandegietan eta supermerkaduetan “kontziliazino eta sentsibilizazino” kanpaina bat egongo da martxan datorren astetik aurrera, hondakin organikoen gaikako bilketaren ganeko “aurrerapen” horren barri emoteko.

(Bilbon, 2021eko zezeilaren 26an). Bizkaiko Foru Aldundiak hondakin organikoak tratetako sistema aldatu dau, hondakin organikoak, okelea, arraina, hestebeteak, itsaskiak edo arrautzak, adibidez, eukiontzi marroian batzeko. Bizkaiko Batzar Nagusietan Talde Berezia-PPBk eskatuta egindako agerraldian, Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak gogoratuazo dau egoera hori errealidade izango dala astelehen honetatik, martxoaren 1etik, aurrera.

Aldaketa hori “beste pausu bat” da hondakin mota horreek birzikletako bilketea areagotzeko, ezarritako helburuei jarraituz eta hainbat proba eta kontraste egin ostean. Prozesu horregaz batera, lehendik dagon Bizkaiko Konpostegia izeneko tratamentu-plantea egokitu egin da, eta baita tratamenturako alternatiba teknologiko barriak bilatu be; izan be, Berriatuan, Getxon eta Igorren datozan hilebeteetan instalauko diran eskualdeko konpostaje-planta barriak sortu dira, hiru kudeaketa-formula desbardinakaz, Lea Artibaiko Mankomunidadearen, Udalaren eta Garbikerren esku, hurrenez hurren, baina hiru instalazino horreek foru soziedadeak pagau ditu.

Hiru planta horreek instaletako eta mantentzeko lanen kostuaren ganeko xehetasun gehiago be emon ditu Unzuetak. Horreetako bakotxa eregitearen kostua, deposituak eta makinak barru, “Ia 700.000 eurokoa” izango da. Mantentze-lanei jagokenez, konpostaje-puntu horreek “70.000 euroko” gastuak izango ditue urtean planta bakotxeko. Prezio horretan beharginen kostua eta makinen kontserbazinoa sartzen dira.

Horrez gain, hiru leku horreek aukeratzeko erespideen ganean galdetuta, “teknikoak eta ingurumenekoak” aitatu ditu. Foru Aldundiak “kudeaketa dezentralizau” gura izan dau, berotegi-efektuko gasak murrizteko, garraiorako egiten dan ibilbidea laburtu egiten dalako. Ganera, beste alderdi “praktikoago” batzuk be kontuan hartu dira, eskualde-zentralidadea, erabilgarri dagon espazioa, edateko ur eta saneamendu instalazinoa, sarbideak eta, batez be, lehendik dagozan azpiegituren aprobetxamendua. Etorkizunean, lurraldean “planta horreek handitzeko eta beste batzuk jarteko” asmoa dago, baina “arrazoi desbardinengaitik” Aldundiak baztertu egin ditu “Elorrion, Berrizen, Garain, Durangon edo Amoroton” konposta egiteko beste gune batzuk”.

Hiru planta barriek konpostaje bertikaleko sistema erabiliz funtzionauko dabe; izan be, sistema horrek badauka abantaila bat: tratamentua gauzatzeko espazio gitxiago behar da, kanpoaldean jarri daiteke eta ez dau obra handirik behar instaletako. Sistema “modulagarria” da, eta, beraz, instalazinoen eukiera apurka-apurka handitu ahal izango da, behar izan ezkero, sistema bertikala dala eta. Planta bakotxak “3.000 tona” tratau ahal izango ditu urtean, eta horrek Europako Batzordeak ezarten dituan ratioetara hurbilduko dau Bizkaia. Metodo barriak, hondakin organikoen “kudeaketan aurrera egitea” eta “Bizkaia berdeago eta iraunkorragorantz aurrera egitea” ekarriko dau. Danok irabaziko dogu. Bizkaiak irabaziko dau. Planetak irabaziko dau”, esan dau Unzuetak.

ARRAIN ARANTZADUNA

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaia taldeak, Bizkaiko arrain arantzadunaren egoeraz eta Aldundiak arrain hori babesteko egiten diran lanez galdetu dau Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordean. Gobela ibaian izandako isurketa baten ondorioz, espezie “babestu” eta “zaurgarri” horren “100 ale” inguru hil ziran zemendian. Horregaitik, Xabier Benito batzarkideak espezie hori babesten dauen egungo legeria azpimarratu dau, eta baita Aldundiak hori kontserbetako egiten dituan txostenak, obrak eta zereginak be.

Elena Unzuetak espezie horrentzat babes motaren bat ezarten daben dekretuak eta foru aginduak aitatu ditu. Araudi horren arabera, Aldundiak arrain arantzaduna kudeatzeko plan bat egin behar izan eban, hura kontserbetako eta bizi dan habitata babesteko. Plan horren barruan, ganera, 2009. eta 2016. urteen artean urtero egoeraren ganeko txosten bat egin zan. Diputatuak aurreratu dauenez, aurton –azkenengo txostenetik bost urtera– egoeraren ganeko beste txosten bat egingo da, espezie horren kudeaketa-plana eguneratzeko, azkenengo datuek erakusten dabenez, Galindo, Gobela, Udondo, Asua, Butroe eta Oka erreken arroetan dagolako.