Aurreko Albisteak

LIBURU BATEK TOLEDOKO NOBLEZIAREN ARTXIBOAN GORDETA DAGON BIZKAIAREN GANEKO HIRU MENDEKO INFORMAZINOA BATZEN DAU

  • Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon Enkarterriko Museoak, Velasco Etxeko Artxiboko funtsen 1385. eta 1704. urteen arteko dokumentazinoa batzen dauen liburu bat argitaratu dau.

(Abellanedan, 2021eko zezeilaren 25ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterriko Museoak, Velasco Etxeko Artxiboaren funtsen artean dagon eta gaur egun Nobleziako Artxiboan (Toledo) kontserbauta dagon 1385. eta 1704. urteen artean datatutako Bizkaiaren ganeko dokumentazinoa transkribiduten dauen Goio Bañales García historialariak egindako “Documentos sobre Bizkaia. Archivo de los Duques de Frías (Casa Velasco)” ikerketa-lana argitaratu dabe.

Dokumentu-moltso horrek Bizkaiko historiaren zati bat ulertzen laguntzen deuskun funtsezko informazinoa emoten dau, Erdi Arotik –zaharrena 1385ekoa da– XVIII. mendera arteko 35 dokumenturen transkripzinoa barru. Oso tresna interesgarria da ikertzaileentzat, historialarientzat eta Bizkairen jatorria eta bilakaerea ezagutzeko interesa daukan jentearentzat. Hainbat alor lantzen dira, ekonomia, erlijinoa, zuzenbidea eta merkataritza, besteak beste.

Liburuan Galdames, Balmaseda, Zierbena, Zalla, Barakaldo edo Artzentalesen ganeko informazino ugari dago, eta baita Enkarterriren eta, oro har, Bizkaiko beste leku batzuen ganekoa be. Halanda be, gehien agertzen dan eremua Villaverde de Turtzioz enklabea da, Kantabriakoa, baina Bizkaiko lurraldean dagona. Enklabe horren gaur egungo egoerea Velascotarrek, Gaztelako familia garrantzitsu batek, XV. mendean Avellanedatarrakaz egindako salerosketatik dator.

Velascotarrak familia garrantzitsua izan ziran, Gaztelako Koroan postuak eukiezan, eta XV. eta XVI. mendeetan zehar Bizkaiko Jaurerriaren luze-zabalean zabaldu gura izan ebezan euren jaubetzak. Hori dala eta, gatazkak euki ebezan Bizkaiko leinuakaz eta familiakaz. Bere eragina oso handia izan zan, eta XV. mendean, Villaverdeko harana erosi eben, eta Ruesga eta Sobrako korrejimenduagaz lotu eben. Hori dala eta, ez zan Avellanedako Batzar Nagusien barruan geratu, Enkarterriko ganerako bailarak eta kontzejuak moduan.

Hori dala eta, mendeek aurrera egin ostean, Villaverdeko harana Kantabriako Autonomia Erkidegoaren barruan sartu zan, eta ez Euskadin. Holan eratu zan, Trebiñuko Konderriagaz gertatu zan moduan (kasu honetan Burgosi lotua), Bizkaiko lurraldez inguratutako kantabriar enklabea, orain mende batzuk, Velasco familia indartsuak bere agintea Bizkaian zabaltzeko interesak zirala eta.

Lotutako estekak: