BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 2021EKO AURREKONTUEN FORU ARAUA ONARTU DABE
- Sail bakotxaren aurrekontuari egindako bederatzi bozketek emaitza bera emon dabe: 33 boto alde (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta 18 aurka (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP).
- Lurraldeko ordezkarien % 63aren onarpenagaz emon jako amaierea Bizkaiko Batzar Nagusietan kontuak erregistrauta abenduaren 12an hasitako prozesuari.
- Bizkaiko Batzarrek oposizinoaren zuzenketa-eske parzial guztiak –600 baino gehiago– baztertu ditue.
(Gernikan, 2021eko zezeilaren 24an). Bizkaiko Lurralde Historikoaren aurtengo Aurrekontu Orokorrak behin betiko onartuta geratu dira gaur goizean Gernikako Batzar Etxean egindako osoko bilkuran. Foru Arauak aurrera egin dau Aldundia eusten daben talde bien babesari esker. Euzko abertzaleak (EAJ/PNV) eta Euskal Sozialistak (PSE-EE) taldeek 7.970,8 milioi euroko kontuak babestu ditue, eta horreetatik 1.358,8 milioi kudeaketa propiorako izango dira. Bizkaiko Batzar Nagusietan erregistrau eta hilebete bi pasatxora, lurraldeko kontuen izapidea onartu da, oposizinoko hiru taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) kontra agertu diran arren.
Ordu bi baino gehiagoko eztabaidaren ostean egin da bozketea, eta Bizkaiko Batzarretako bost taldeek euren jarrerak defendidu ditue, txanda bitan. Unai Rementeriaren Gobernuaren bigarren legegintzaldiko lehenengo aurrekontuak Bizkaiko Batzarren behin betiko oneritxia jaso dau, bederatzi bozketa egin ostean, bana Sail bakotxaren kontuak onartzeko eta bestea Testu Artikulaua berresteko. Guztiek emaitza bera izan dabe: aldeko 33 boto eta kontrako 18.
Foru Arau proiektuaren erespena Batzarretako oposizinoko taldeek erreserbautako 600 zuzenketa-eske parzial baino gehiagogaz iritsi zan urteko azkenengo osoko bilkurara, Ogasun eta Finantza Batzordean zezeilaren 8tik 15era atzera bota ostean. Oposizinoak barriro ikusi dau aurtengo foru gastuaren egitura aldatzeko aurkeztu dituen proposamen guztiak baztertuta geratu dirala.
Gaurko eztabaidea, kontu honeek covid-19ak itzi dauen krisi ekonomiko eta sanitarioari aurre egiteko egokiak ete diran gaiaren inguruan zentrau da. Abenduaren 9an Bizkaiko Batzarretan erregistrautako dokumentuari jagokonez, aurrekontuan aldaketa bakarra sartu da, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak planteauta, Interbiaken zorpetze-marjina 45 milioi euroraino handitzeko.
OPOSIZINOAREN ZUZENKETA-ESKEAK
Bestalde, EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Berezia-PPk bat egin dabe Kontuak gaitzesteagaz eta Foru Gobernua babesten daben taldeek aurkeztutako zuzenketa-eske “guztiak” eta herritarren alegazinoak ezetsi izanagaz, eta hori “ulertzeko gaitza” dala esan dau Arantza Urkaregi ahaldunak.
Zuzenketa-eske parzialak defendiduteko txandan, Amaya Fernandez Batzar Nagusietako Talde Berezia-PPBren bozeroaleak foru aurrekontua kritikau dau, bizkaitarren beharren alde ez egiteagaitik. Lurralde honek politika fiskal, sozial eta ekonomiko “eraldatzailea” eta “aldaketa horren buru” izango dan gobernua behar dituala esan dau. Hori dala eta, digitalizetako eta nazinoartera zabaltzeko neurriak defendidu ditu, eta pandemiaren “kalte larriak” jasan dituen saltoki txikiak babestu ditu. Bardintasunagaz daukan konpromisoa “lana eta familia bateragarri egiteko plan bat” onartzean datza. Eta azpiegiturei jagokenez, 135 zuzenketa-eskeetatik parte bat Errekalden saihesbidea eregitearen, metroaren 4. eta 5. lineak eregitearen –oposizinoko beste talde biek be defendiduten ditue– eta metroa meatzaldera seigarren linea baten bitartez eroateko azterlanen ganekoak izan dira.
Elkarrekin Bizkaitik, Eneritz de Madariaga bozeroaleak, “306 milioiko” eragina izango leukien 310 zuzenketa-eske defendidu ditu, lurraldeko aurrekontuei euki soziala emoteko. “Berbei eukia emon behar jake, eta ez da holangorik ikusten”, deitoratu dau. Hori dala eta, besteak beste, enpleo publiko gehiago sortzea proponidu dabe, adinekoen eta mendekotasuna daukien personen zaintza-ratioak hobetzeko, orain “persona bakotxeko ordubete egunean” dalako. “Salbuespeneko” neurriak eskatu ditu, BPGa “hain bajua” izan ez daiten eta enpresak eta enpleoa arrastaka eroan ez daizan, tokiko merkataritzarako, ostalaritzarako, eta ekitaldien, kulturaren eta bidaien sektorerako “erreskate plan bategaz”. Modu berean, udal finantziazinoa ez murrizteko eskatu deutsa Foru Gobernuari, eta Bizkaibuseko zenbait lineatan maiztasunak hobetzeko eskatu dau, Enkarterrin, Ezkerraldean, Meatzaldean eta EHUn, adibidez.
Beste alde batetik, Arantza Urkaregik (EH Bildu) esan dau “ulertzeko gaitza” dala Foru Gobernua eusten daben talde biek oposizinoaren zuzenketa-eske edo herritarren alegazino bakar bat be onartu ez izana, eta covid-19aren krisia aprobetxau ez izana Bizkaiari komeni jakonaren ganean “hausnartzeko”. 100 milioi euro mobiduazo gura ebezan 130 zuzenketen bidez, EH Bilduk aldaketak proponidu ditu zerbitzu publikoak hobetzeko, enpleo duina eta enpleo publikoa bultzatzeko, Bizkaiko eskualdeen arteko oreka sozioekonomikoa lortzeko eta trantsizino ekologikorako pausuak emoteko. Oraingo honetan akordioa lortzea ezinezkoa izan bada be, EH Bilduko batzarkideak azpimarratu dau beharrean jarraituko dabela “Bizkaian bizi diran personen bizitza hobetzeko neurriak martxan jarteko”.
BATZARREN % 63AREN ALDEKO ERETXIA
EAJ-PNVk eta PSE-EEk euren gobernu-ituna defendidu dabe, eta, hedaduraz, Unai Rementeriak zuzentzen dauen taldeak aurkeztutako kontuak. Juan Otermin bozeroale sozialistak deitoratu egin dau lortu gura eben adostasun zabala ezinezkoa izan dala, Bizkaiak pandemiaren eraginez horren beharra eukan garaian. Aurrekontu “errealistak eta egiaztauak” dira, “preminazkoari erantzuteko”. Pandemia-garai honeetan “talka-neurriak” eta gizarte-zerbitzuei, garapen iraunkorrari eta ekonomiaren eta enpleoaren suspertzeari buruzko Europako helburuakaz “bat datozan” neurriak jasoten ditue. Foru Aldundiak zerbitzu publikoak “bermatzeko eta blindetako” egindako “finantza-ahalegina” azpimarratu dau, eta baita eskubide sozialak zabaltzeko eta pandemiaren ondorioak arintzeko egindakoa be.
Bestalde, Mikel Baganek azaldu dauenez, aurrekontuak adostasunean oinarrituta dagoz eta herritarren lehentasunetan eta osasun krisiaren ondorioei aurre egitean jartzen dabe arretea. Aldundiak igazko aurrekontuagaz alderatuta 75,2 milioi euro gehiago izango dituala azpimarratu dau jeltzaleak, diru-sarrerek behera egin daben arren. Aurrekontua igoteko Foru Aldundia 294,3 milioi euro zorpetuko da. Halaber, Baganek azpimarratu dau kudeaketa propioko aurrekontuaren % 43 Gizarte Ekintzako arlora bideratuko dala, eta horrek lurraldeak behar dituan trantsizinoetako bati, gizarte eta osasun arlokoari, aurre egiteko balioko dauela. Ganera, aurton beste hiru trantsizinori aurre egiteko egingo dau behar Aldundiak: mobikortasun jasangarria, trantsizino digitala banda zabalaren hedapenagaz eta trantsizino energetikoa Energy Intelligence Center moduko proiektuakaz.
KONTROLEKO OSOKOA
Aurrekontuak onartu ostean, Batzarrek kontrolerako beste osoko bilkura bat egin dabe, eta, bertan, EH Bilduk itaun bat egin dau Aldundiak Bizkaiko lehen sektorea bultzatzeko martxan jarri behar ebazan politiken inguruan; izan be, 2009-2016 aldian lurraldeak “8.000 hektarea galdu ditu” Iratxe Arriola batzarkideak esan dauenez.
Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuak adierazo dauenez, beste administrazinoakazko koordinazinoa eta plangintza funtsezko elementuak dira. Une honetan, Europan eta Euskadin barriro definiduteko prozesu bat dago martxan, Euskal Landa Plan Estrategiko barri bat onartzeko. Lan horregaz batera, Aldundiak “16 milioi euroko zuzeneko laguntzak” bideratuko ditu lehen sektorera.
Elkarrekin Bizkaiak, Aldundiak 2021ean balio erantsi gordinean eta industria-sektorerako enpleoan daukazan aurreikuspenen ganean egindako beste itaun batean, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak gogoratuazo dau aurton ekonomian aurreikusten zan “errebote-efektua” txikiagoa izango dala, eta BPG % 8,6 haziko dala, hasierako aurreikuspena baino hiru hamarren gitxiago, eta horrek industrian izango dauela eragina. Ekonomia suspertzeko, Ekonomia Sustatzeko Sailak neurri bitan jarriko dau arretea: alde batetik, 2019-2023 arteko esparru estrategikoagaz jarraitzea, lurralde “barritzailea, talentuduna, erakargarria, konektaua eta orekatua” lortzeko; eta, bestetik, plan berezi bat ezartea covid-19aren ondorioei erantzuteko eta gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko, merkataritzari eta turismoari, besteak beste.
Horrez gain, 2018an onartutako Bardintasunerako Foru Arauaren garapenari eta haren barne-aplikazinoari jagokonez EH Bilduk egindako ahozko erantzun-eske bati erantzunez, Teresa Laespada Berdintasun Saileko arduradunak esan dau aurrera egiten jarraitzen dala eta “ez dogula ezer egin barik itzi”, foru araua “asmo handikoa” danez, “denporea” behar dan arren. Gauzatutakoen artean honeek azpimarratu ditu: bardintasunerako 6 teknikariren kontratazinoa, VI. Plana egiteko lanen hasierea, sailakaz ekintza-plan bat eginez, Personen Salerosketaren ganeko Plana, udalakaz batera Bardintasunerako Lurralde Sarearen eraketea eta 40 alkartek parte hartzen daben beste foro bat.
Eta, azkenik, MIguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko diputatuak hartu dau berbea, osoko bilkuraren erabagiaren arabera 2019an zabaldu behar zan txartel bakarra ezarteko azterlanaren ganean Elkarrekin Bizkaiak egindako beste erantzun-eske bati erantzuteko. Diputatuak esan dauenez, “Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa” “datozan egunetan” emongo jake Batzarretako Taldeei, atzo Bizkaiko Mobikortasun Agintaritzak “harrerea” emon ostean. Emilio Lobato talde moreko ordezkariak azaldu dauenez, martxoaren 20an aho batez eskatu ebena txartel bakarraren bideragarritasunaren ganeko azterlan bat izan zan, baina hori ez egoan plan estrategikoa aurkeztearen mende.
ENDIKA MONTES UÑA, BATZARKIDE BARRIA
Osoko bilkuraren hasieran, Endika Montes Uña Batzarretako EH Bilduko batzarkide taldearen ordezkari moduan eseri da, 2015eko ekainean Bizkaiko Batzarretan sartu zan Onintze Oleaga Solagurenen lekua hartu dau.