ETXEBIZITZA KOMUNITARIOAREN "HOUSING LED" FORU-EREDUAK ETXERIK BAKO 475 GAZTE HARTZEN DITU DABORDUKO
- Pandemiak “larritu” egin dau Bizkaiko “etxebakotasunaren” fenomenoa, Teresa Laespada diputatuak esan dauenez.
- Aldundiak “886 personaren” etxebizitza-beharrak asebeteten ditu bere egoitza-eredu desbardinen bitartez.
(Bilbon, 2021eko zezeilaren 23an). Aldundia hirugarren etxebizitza eredu bat lantzen ari da “etxebakotasunari”, pandemia hasi zanetik “larriagotu” dan arazoari, aurre egiteko. Elkarrekin Bizkaiaren ekimenez, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatuak etxerik bako personei laguntzeko foru estrategia zehaztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Une honetan “886 personaren” beharrak asebeteten dituan foru ereduak “Housing Led” filosofia txertatu dau, hau da, gizarte laguntzako zerbitzu bat barne hartzen daben autogestionautako etxebizitza komunitarioak. Horreetan, Aldundiak “475 gazteri” bizitzeko lekua eskaintzen deutse, lurraldeko eguneko zentroetatik laguntzak eta kontrola emonez.
“Etxebakotasunaren” arazoa bideratzeko modu hori Foru Aldundia persona ahulenen zerbitzura jartzen ari dan beste baliabide bigaz konbinetan da, alde batetik, auzo-ingurune batean banakako etxebizitzak egituratzen dituan eta “Housing First” filosofian oinarrituta dagon Habitat programeagaz, eta, bestetik, une “puntualetan” gaitasun handiagoa emoten daben egoitza-zentroakaz. “Salbuespenezko” kasuak estaldu gura dituan lehenengoari jagokonez, Bizkaiak “20 etxebizitza” ditu Bilbon, Leioan, Erandion, Sestaon, Durangon, Berangon eta Santurtzin. Laespadak onartu dau “gaiztasunak” dagozala Bizkaiko udalerrietan bilatzen ari garan ezaugarriak dituen etxebizitzak aurkitzeko, “sakabanatuta dagozanak eta garraio publikoa gertu daukienak”.
Diputatuak azpimarratu dauenez, foru ereduaren helburua “inor atzean ez geratzea” da, pandemiak etxebakotasunaren arazoa “larriagotu” dauelako, baina, halanda be, konfinamenduari esker, bere benetako dimentsinoa ezagutzeko aukerea emon dau. Laespadak azaldu dauenez, arazoak konponbide “heterogeneoak eta diziplina anitzekoak” behar ditu, eta “askotariko tipologiak estaltzeko hainbat soluzino” emon behar dira. Esku-hartzearen “giltzarri nagusia bizitza independentea” lortzea da, baina, horretarako, eskumenen esparrua errespetau behar da eta ganerako erakunde publikoakaz alkarlanean aritu.
Arazo horretan oinarrituta, Aldundiak “ekipamendu-gune handietara ez jotea” eta “egoitza txikien alde” egitea proponidu dau, “ganerako herritarrek daukien ostatu-aukera bera” izan daien, holan “persona horreen integrazinoa erraztu egiten dalako”. Eskema horretan, eguneko zentroa “esku hartzeko erreferentziazko esparru” bihurtzen da, hezitzailearen irudiagaz eta bizitza independenteari emondako laguntzagaz. Horrek oso “emaitza onak emon ditu”.
2018-2021 aldirako Etxebakotasunaren Euskal Estrategian oinarritzen dan etxebizitzan oinarritutako estrategiak, Bizkaiko Batzar Nagusien babesa dauka. Elkarrekin Bizkaiak, Laespadaren agerraldia eskatu dauen taldeak, “Finlandia moduko herrialdeen eredua jarraitzeko” eta Eusko Jaurlaritzagaz koordinazino handiagoa ezarteko eskatu deutso Aldundiari, udalek udal etxebizitzak egokitzeko aukerea izan daien.
Bizkaiko eredua “egokia” dala onartu dau EH Bilduk, baina “iges egiten ari jakuzan profilak” dagozala onartu dau, izan be, Aldundiak “intentsidade ertaineko eta altuko” beharrak asebeteten ditu bere politikakaz. Izaskun Duque batzarkideak hurrengo estrategiak “zerbitzu sozialen plan berezi” bat barru hartzea eskatu dau, “askotariko” egoerei “benetan” aurre egiteko.
PPk azpimarratu dauenez, Euskadin etxerik ez daukien personen “erdiak” Bizkaian dagoz, eta “gehienak” hirietan. Amaya Fernandezek arazo “konplexua” eta “gero eta larriagoa” dala onartu dau.
Beste alde batetik, Juan Oterminek ohartuazo dauenez etxebizitza Aldundiak gizarte bazterketaren arloan erabilten dituan 51 adierazleetako bat baino ez da. Sozialisten bozeroaleak eskumenen esparrua errespetetearen garrantzia azpimarratu dau, eta “arretarako lehenengo eskalea” Udala dala gogoratuazo dau. Ezin gara pandemia dala eta erakundeen arteko lankidetza-mekanismoak indartzea eragin dauen arazoaren “erantzule bakarrak izan”.
Azkenik, Ana Esther Furundarena jeltzaleak azpimarratu dau “etxebakotasunari” aurre egitea “konpromiso sendoa” dala Aldundiarentzat eta eskumenak dituen ganerako erakundeentzat (Eusko Jaurlaritza eta udalak), hirugarren sektoreagaz batera lan egiten dabelako euskal estrategia bultzatzeko. Oposizinoko taldeei aurrekontuetan agertzen diran “gertaerei” erreparetako eskatu deutse, “Ez dalako erraza” “bai baina ez” estrategia hori ulertzea.