Garamendik uste dau Etxebarriko Udalak datozan asteetan bere jarrerea aldatu eta Galdakao eta metroa lotzen dituan A3932 lineako autobusari igaroten itxiko deutsala

Herri Lan eta Garraioetako Batzordea
Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako diputatuak, Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian, Etxebarriko Udalari jakinarazo deutso gaur datorren urtarrilaren 23ra arteko epea daukala Aldundiaren Gobernu Kontseiluak joan dan abenduaren 23an hartu eban akordioa onartzeko. Akordio horretan agindua emoten jako, Galdakao eta Etxebarrin dagoan metroaren geltokia lotzen dituan Bizkaibusen A3932 lineari igaroten ez ixteko erabagia bertan behera itxi daian. Erabagi horren ondorioz, joan dan abenduaren 14an Bizkaibuseko emakida barriak indarrean sartu ostean zerbitzu hori martxan jarri zanetik erabiltzaileak metroaren geltokitik “700 metrora” geratu behar dira. Etxebarriko Udalaren erabagia “ez legezkoa” dala esan ostean, Aldundiko arduradunak, administrazino-auzibideko helegitea jartea ez dala beharrezkoa izango “uste dauela” adierazo dau. Helegite hori izapidetzeko epea datorren otsailaren 12an bukatzen da.
Garamendik adierazo dauenez, Aldundiko atea “zabalik dago” Etxebarrik Foru Aldundiaren esku dagozan autobusei igarotea debekauz eragin dauen “arazoa konpontzeko”, baina jakinarazo dau bere sailak “ezin dauela” “interes publiko orokorra eta erakundeen eskumenak zapaltzen dituan” udal jarduketarik onartu. Bere sailak agindu dituan txosten bik, bat juridikoa eta bestea teknikoa, “berretsi” egiten dabe –bere berbetan– Aldundiak legea bete dauela, eta bertan adierazoten danez, udalerrien arteko lineen ibilpideak ezarteko eskumena Foru Aldundiarena da. Udalek gai horretan daukien eskumena udalerri barrukoa “bakarrik da” eta, ondorioz, txosten horreetan oinarrituta, Udalak hartutako erabagia “zuzenbidez guztiz baliobakoa” dala esan dau, eskumenik ez daukan erakunde batek emon dauelako.
Diputatuak eskaerea egin deutso Udalari, mesederik inori ekarten ez deutsan egoereari buruz “gogoetea” egin daian. Lineak “hobetu” egiten ditu Etxebarrik Galdakaogaz, San Esteban auzoagaz, ospitaleagaz eta Galdakaoko anbulatorioagaz dituan loturak. A3932 linearen azkenengo geralekua Nerbioi kalean egotea dakarren alde bakarreko erabagia “oso kaltegarria da zerbitzuaren funtzionamenturako eta, ondorioz, interes publikorako” eta gehiago oraindino kontuan izaten bada Etxebarriko udal lantzadereak ibilpide hori egiten dauela.
Batzarretako taldeek euren kexea adierazo dabe, Aldundiak arazoa “ezkutau egin dauelako”. Etxebarriko Udalaren erabagia “aurretik be ezagutzen eban”. PSE-EE taldeko Joaquín Colmenerok konponbidea “lehenago” bilatu behar zala esan dau. Linea horrek “ezin dau une honetan bizi dauen egoeran jarraitu”, gehitu dau gaur lehen aldiz PP-ko bozeroale barri moduan aritu dan Jesús Isasik. EH Bilduko Aitor Torrek konponbidea “bide juridikotik” heldu behar izatea tristea dala esan dau, “horrek argi eta garbi erakusten dauelako EAJ-PNV-k erabilten dauen estilo liburua, bere kolore politikoa ez daukien udalakaz dituan arazoak lantzeko orduan”. Etxebarrik “errazoia dauka”, “lantzadera” horrek bukaerako datea euki behar dauela esatean, Galdakaora doan metroaren 5. linea eregiteagaz lotuta badago. Proiektu hori “geldik” dago, koalizino abertzaleko bozeroaleak esan dauenez.
Batzarretako EAJ-PNV taldeak, barriz, “erreserbarik barik” defendidu dau Aldundiaren jarrerea, Jon Larrea batzarkidearen berbetan “legeagaz bat etorriz” aritu dalako, bere eretxiz “legez kanpokoa” dan udalaren jarduketaren aurrean.
“NORMALTASUN OSOA” BIZKAIBUS BARRIA MARTXAN JARTEAN
Garamendi PP-k eskatuta be agertu da Bizkaiko Batzarretako Herri Lan eta Garraioetako batzordean, joan dan abenduaren 14an hasi ziran Bizkaibuseko emakida barrien lehenengo balantzea egiteko. “Orokorrean” 5 emakida barriak “normaltasun osoagaz” hasi dira beharrean, eta salbuespen bakarra Galdakao-Etxebarriko Metroa linea izan da, esan dau, laburbilduz.
Aldundiko arduradunak esan dauenez, zerbitzu barriari buruzko balorazinoa egiteko eskaerea “lar arin” egin da, “100 linea” eta “285 autobus” martxan jarri ziranetik “27” egun baino ez diralako bete. Horreei guztiei gau bakar batean aldatu behar izan jaken softwarea eta informazino guztia leku batetik bestera pasau. “Oraindino goiz da balorazino zehatza eta zuzena egiteko”, esan dau, “mundu guztiari moduan”, ohikoak diran “ehun egunak” emoteko eskatu aurretik, “gauzak zelan funtzionetan doazan ikusi ahal izateko”. Kritikau dauenez, agerraldi eskaerea, zerbitzu barriak hasi eta 48 ordutara erregistrau zan.
Halanda be, Garamendik zerbitzua eskini dan lehenengo aste honeetan jasotako kexak edo iradokizunak zehaztu ditu. Emakida guztietan eragina daukan arazo tekniko moduan, telekomunikazinoen operadoreagaz erlazionautako arazo bat hauteman da, “ekipo batek modu sistematikoan atzera botaten dauen” ibilpide barria sartu dalako. Aurreikuspenak beteten badira, arazo hori “ahalik eta arinen” konponduko da.
Horren ostean, diputatu andreak ibilpidea egin dau emakida guztietatik. Nerbioi-Arratia-Durangaldean, Aldundia “ordutegi doikuntzak” ari da aztertzen Orozkon, eta, horrez gain, Arratiako Mankomunidadeak, A3917 eta A3925 lineek barriro be Galdakaoko urigunea zeharkatu daien egin dauen eskaerea be aztertzen dabil.
Ezkerraldea-Meatzaldea emakidari jagokonez, Herri Lan eta Garraioetako saila, Bilbo-Santurtzi A3115 linearen maiztasuna aldatzeko, autobusak, 30 minutuz behin zirkulau beharrean 20 minutuz behin zirkulau daien egin dan eskaerea eta Barakaldoko Urban auzoaren eta Sestao erdialdearen arteko loturak berreskuratzeko egin dana aztertzen ari da.
Diputatu andreak adierazo dauenez, Enkarterrin, bertako udal batzuen iradokizunak jaso dira, Turtziozekoarena, adibidez, geraleku barriak jarteko. Eta Txorierri-Mungialdea emakidan, Mankomunidadeak eskaerea egin dau, A-3223 linea Astintzen (Derio) geratu daiten. Jarduketa bi horreek aztertzen ari dira.
Busturialdea-Lea Artibai lineari jagokonez, Garamendik azpimarratu dau bere saila doikuntza neurriak ari dala aztertzen Bilbo eta Lekeitio lotzen dituen A-3523 eta A-3513 lineetan. Horrez gain, Bilbo-Amorebieta-Gernika A-3514 linea Boroan geratzeko aukerea be aztertzen dabil.
Batzarretako taldeek “arintasuna” eskatu deutse diputatu andreari, arazoak “hainbat arinen” konpondu daitezan. EH Bilduk eskari zehatza egin dau, Aldundiak markesinetan dagoan informazino sistemea eguneratu daian. Unidadeen igaroteari buruz SMS bitartez eskintzen dan informazino sistemeak “ez dau funtzionetan”, Aitor Torrek esan dauenez. Diputatu andreak erantzun dauenez, geralekuetako informazinoa “pixkanaka” joan da jarten, eta “aste honetan bukatuko da eguneratzeko prozesu osoa”.