Aurreko Albisteak

Lehendakaritzako diputatuak adierazo dauenez, Aldundiak onetsitako Jarraibide teknikoa bete behar daben Bizkaiko herri lanetan ez da irregulartasunik hauteman

Batzordea

Bilbon, 2014ko irailaren 23an.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko herri lanetako 148 kontratu ikuskatu ditu, onetsitako Jarraibide Teknikoagaz bat etorriz, obra horreetako lan eta segurtasun baldintzak beteten dirala bermatzeko eta hitzarmenen egon ultrajarduerea defendiduteko, eta “batean be ez da inolako irregulartasunik hauteman”, Unai Rementeria Lehendakaritzako diputatuak adierazo dauenez.

Rementeriak holan erantzun deutso EH Bilduko taldeak gaur martitzenean, abenduaren 23an, Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde batzorderako egindako agerraldi eskaereari. Bertan, Aitor Torre EH Bilduko ordezkariak, Aldundiak esleitutako herri lanen kontrolari buruzko galderea egin deutso diputatu jaunari, aitatutako Jarraibide teknikoak jasoten dauen “iraupen luzeko langabetuen eta gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dagozan pertsonen kontratazinoa” barne. Torrek “enpresa putre” gisa izentau ditu herri lanen esleipena lortu daben enpresa batzuk, euren beharginek jasan behar dituen baldintzak dirala eta, “eguneko 14 ordu arteko lan jardunaldiakaz”.

Alexia Castelo Socialistas Vascos (PSE-EE) taldearen bozeroalearentzat, “harrigarria da herri lanetako kontratuetan inolako ez beteterik ez hautematea”. Bere eretxiz, “akatsak dagoz prebentzinoko kontrolean, eta Aldundiak lan proaktiboa egin beharko leuke, eta lana egiten dan lekuetan prebentzinoagaz lotutako jarduerak aurrera eroan”. Horri jagokonez, Aitor Torrek adierazo dau bere taldeak Arauz Besteko Proposamena erregistrau dauela Batzar Nagusietan “sindikatuentzat errazagoa izan daiten Bizkaiko herri lanetara joatea”. Jesús Isasi Bizkaiko Talde Popularraren (PP) ordezkariak, bere aldetik, “laneko legedia ez dala beteten pentsatzera eroaten daben susmoak badagoz, justiziako epaitegietara joatea” eskatu dau.

Rementeriak berriro azpimarratu ditu ikuskatutako enpresen jardunbide egokiak. Enpresa horreek herri lanetako 148 proiektu ari dira egiten Bizkaian, eta 2013ko abenduaren 16an indarrean sartu zan Jarraibide Teknikoaren aholkuak beteten ditue. Lan horreek hainbat soziedade publikok kontratau ditue. Soziedade horreen artean Interbiak, GUFE-IFAS, Bizkaikoa, Azpiegitura, Lantik, Bizkaitik eta Palacio Euskalduna Jauregia dagoz, beste batzuen artean.


BAKIOKO ETA ALONSOTEGIKO UDALEN EKONOMIA ETA FINANTZA EGOEREA

Horrez gain, Lehendakaritzako diputatuak beste agerraldi bat be egin dau gaurko saioan Bakioko eta Alonsotegiko udalen ekonomia eta finantza egoeraren barri emoteko, hori be EH Bilduk eskatuta. Udalerri biak oso une larria bizi dabe larregizko zorra dala eta, beste errazoi batzuen artean. Egoera hori zeozer arindu da Bizkaiko Foru Aldundiak, ekonomiaren egonkortasunerako plan zorrotzak beteteko baldintzapean, emondako diru-laguntzei esker.

Bakiori jagokonez, Joseba Gezuraga EH Bilduko bozeroaleak agiri bat erakutsi dau. Bere berbetan, agiri horrek, “herriko udalaren informazino ofiziala jasoten dau, eta bertan Foru Aldundia urigintza arloko plan batzuetan nahastuta agertzen da. Plan horreetan udalaren esku dagoan lur publikoko lur-zatien trukaketea edo salerosketea sartzen da, Elexalde edo Pakea moduko lekuetan, eta hori atipikoa da”. Gezuragak adierazo dauenez, “Bakioko Udalak urigintza arloko jarduketa horreek gauzatzean oinarritzen dau bere Plan Ekonomikoa bete ahal izatea”.

EH Bilduko bozeroaleak erakutsitako txostenaren jatorria eta egiazkotasuna zalantzan jarri ostean, “urigintza arloko jarduketa irregularrei buruz berba egitea eta Aldundia horretan nahastea larria iruditzen jakola” adierazo dau Rementeriak. “Ez dakigu ezer plan horreei buruz”, esan dau. Nerea Ahedo Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeko bozeroaleak, “espekulazinoan erosotasun osoz mobiduten dala” aurpegiratu deutso EH Bilduri, eta “udalen autonomia” defendidu dau.

Kostaldeko udalaren ekonomia eta finantza egoereari jagokonez, Rementeriak Bakio “egin beharrekoa egiten ari dala”, eta “Foru Aldundiak abalautako plan ekonomikoaren helburuak bete ahal dituala” adierazo dau. Helburu horreen artean bi azpimarratu behar dira: Udalaren zorra ohiko diru-sarreren %60tik behera murriztea eta 2019. urterako diruzaintzako soberakin positiboa lortzea.

Halanda be, emoten dauenez, Alonsotegiko udalak ez dau helburu horreetara hurbiltzerik lortzen. Udal hori dala eta be eskatu dau EH Bildu taldeak Rementeriaren agerraldia Iraskunde Batzordean. Oraingo honetan, Aitor Torrek “EAJ-PNV-k udalerrian aurrera eroan dauen kudeaketa negargarria eta ardurabakoa kritikau dau, horren ondorioz zor jasanezina eukitera helduz”. Zehatzago esanez, koalizino abertzaleko bozeroaleak Alonsotegi Eraikiz udal soziedadearen jarduerea aitatu dau. Une honetan soziedade horren auzia epaitegietan dago.

“Gure aukeren barruan egoera gogorrean dagozan Bizkaiko udal guztiak lagunduko doguzala” adierazo ostean, Aldundiak Alonsotegiko udalak 2013an ekonomia doitzeko plana beteteari buruzko kontrako txostena emon dauela onartu dau Rementeriak. Plan hori 2012ko abenduan onartu zan, eta Aldundiaren 1,4 milioi euroko laguntzea bideratzeko aukerea emon eban. Halanda be, Lehendakaritzako diputatuak, “Udalak egoera hori bideratuko dauen konfiantzea” agertu dau.

Ahedo kideak Bakioko kasuan esan dauenaren antzera, Jon Larrea EAJ-PNV-ko ordezkariak, “udal barruko gaia ez jagokon foro batera eroatea” aurpegiratu deutso EH Bilduri. Alonsotegi Eraikiz soziedadeari jagokonez, “onena epaileen ebazpenei eta Kontu Publikoen Euskal Epaitegiaren txostenari itxarotea dala” dala esan dau.


TOKI ERAKUNDEEN IRAUNKORTASUNA

Bukatzeko, Iraskunde Batzordeak, Foru Aldundiak Batzar Nagusiek aurrerago egingo daben osoko bilkura batean aurkeztuko dauen Bizkaiko Toki Erakundeen Finantza arrazinolizazinoari eta iraunkortasunari buruzko egitasmoa eztabaidatu dau. Egitasmoak bere lege izapideagaz jarraitzen dau, EH Bildu, PSE-EE eta PP taldeek aurkeztu dituen 9 zuzenketa-eske testuan sartu ostean.

Foru Arau horren helburua Lurraldeko Toki Erakundeen Finantza egonkortasuna indartzea, toki-araubidearen inguruko oinarrizko legeria garatzea, arrazionalizazinoari eta iraunkortasunari buruzko foru berezitasunak erreguletea eta toki-erakundeen mende dagozan entitateen izenak eguneratzea da.