Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek 2015. urterako Bizkaiko Aurrekontuak onetsi ditue

Gernika

Gernikan, 2014ko abenduaren 19an

Bizkaiko Lurralde Historikoko 2015. urterako Aurrekontu Nagusiak gaur goizean onetsi dira, Gernikako Batzarretxean egin dan osoko bilkuran, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldearen aldeko botoei eta Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeen abstentzinoari esker. EH Bildu izan da 7.252, 2 milioi euroko zenbateko osoa –aurtengo ekitaldian baino %4,8 gehiago– daukien kontu publikoen kontra agertu dan talde bakarra. Kopuru horretatik 1.570 milioi euro Aldundiaren kudeaketa propiorako izango dira.

Bozketea, ordubete baino gitxiago iraun dauen eztabaidaren ostean egin da. Eztabaida horretan Batzarretako lau taldeek euren eretxia defendidu dabe botoa azaltzeko txandan. Aurrekontuei buruzko Foru Arauak Bizkaiko Legebatzarraren behin betiko onespena jaso dau, bederatzi bozketa egin eta gero, Sail bakotxerako bat, eta beste bat Testu Artikulaua berresteko. Bozketa guztien emaitza berbera izan da: aldeko 22 boto (EAJ-PNV), 17 abstentzino (PSE-EE-ren 9 eta PP-ren 8) eta kontrako 12 boto (EH Bildu).

PSE-EE eta PP taldeak, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean euren zatizko zuzenketa-eske guztiak onetsi zirala ikusi eta gero heldu dira Batzarretako azkenengo izapide honetara, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeagaz kontuak negozietako fasean lortutako akordioari esker. Alderdi biek “aurrekontuen egonkortasuna” eta aurrekontu horreek Bizkaiaren beharrei erantzuteko daukien “erabilgarritasuna” defendidu dabe.

Bozketen ostean, tribunara igon dan lehenengoa Esther Martínez PP-ko bozeroalea izan da. Azaldu dauenez, bere taldeak abstentzinoaren aldeko jarrerea hartu dau “erantzukizunez jokatzeko”, kontuen onespena “albista ona” dalako Bizkaiaren egonkortasun ekonomikorako. Dana dala, zifra horreek proiektuetan islatu beharko dirala, eta PP-k horren “zainketa zorrotza” egingo dauala esan dau.

Martínezen eretxiz, aurrekontu hori “ez da panazea”, baina “desordena publikoaren kontrako antidoto eraginkorra eta gizarte zerbitzuei egonkortasuna emoteko oinarri sendoa” izango da, “inor alboratuta itxi barik”. “Ezusteak betetako” baliagarri izango da eta, aldi berean, laguntzea emongo jake familiei, merkatariei eta autonomoei. Abstentzinoaren errazoia Foru Gobernuari emon gura izan jakon “abisua” da, bere berbetan, landu beharreko hainbat atal falta diralako, administrazinoaren berregituraketea, azpiegiturei emon behar jaken bultzada handiagoa, enplegu planen zuzenketea eta erreforma fiskala, zergak jeisteko, besteak beste.

Iñaki Egaña PSE-EE-ko bozeroaleak, bere aldetik, aurreko osoko bilkura batean esan eban gauza bera azpimarratu dau, aurrekontu honeek “ez dirala PSE-ren aurrekontuak”, baina uste dau “Bizkaiak ezin dauela onartu aurrekontuei buruzko dokumenturik ez eukiterik”. “Erabilgarriak” izango dira Bizkaiarentzat, eta “errealidadea eta itxaropena ekarri daikie”. Hori dala eta, azpimarratu dauenez, euren abstentzinoagaz sozialistek “erakunde mailako egonkortasuna” eskintzen dabe. Bere taldeak aurrekontuak “hobetzeko” ahalegina egin dau, zatizko zuzenketa-eskeen bitartez. Zuzenketa-eske horreek, berak azaldu dauenez, 43 milioi euroko balioa daukie.

Egañaren eretxiz, aurrekontu “zabala” eta “asmo handikoa” da, eta enplegua eta azpiegiturak aberastasuna sortzeko elementu gisa bultzatzeko eta “gitxien daukienakaz solidarioago izateko” aukera emongo dau. Bere berbetan, PSE-EE-k aurkeztu dituan zuzenketa-eskeei esker, Aldundiaren enplegu politikea berbideratu, industria arloko ekintzailetza kultura bultzatu, behar gehien daukien pertsonak babestu, iruzur fiskalaren kontra burrukatu, gastua errazionalizau, inbertsino publikoaren aldeko apustua egin ekonomiaren motorea izan daiten, eta langabeziaren kontra burrukatu ahal izango da.

Jon Andoni Atutxa EAJ-PNVko batzarkideak azpimarratu dauenez, kontuen onespena “positiboa” da bizkaitarrontzat, eta horreen alde agertzea, gizarte zerbitzuei eusteari, ekonomia bizibarritzearen aldeko apustuari eta ekoizpenera bideratutako egituran inbertitzeari “bai esatea” dala esan dau. “Ez dogu Bizkaia gelditzerik gura. Ondo funtzionetan dauenak funtzionetan jarraitzea gura dogu”, esan dau behin eta barriro, “herritarrek, baliozkoak eta erabilgarriak diran zerbitzu publikoak gura dituelako”.

Esan dauenez, bere taldeak akordiorako “borondatea” erakutsi dau berba egin eta akordioak lortzea gura izan dabenakaz “blokeoen aldeko jarrerak” gaindituz, nagusiei, urritasunen bat daukienei, lan barik dagozan gazteei edo beharrik egin izan barik denpora luzez dagozanai “aurpegira begiratzen deutseen” kontuak aurrera atera ahal izateko.


“GIZARTEAREN KONTRAKO” AURREKONTUAK

Beste musturrean, Irune Soto EH Bilduko bozeroalea, datorren urteko kontuen kontrako eretxi bakarra defendiduz, 2014ko hamabigarren eta azken osoko bilkurea izan dan honetan. Adierazo dauenez, aurrekontuak “gizartearen kontrakoak, antisozialak” dira. Krisi ekonomiko “egoera honetara eroan gaituen botika bera dira”. Sotoren eretxiz, onartutako kontuek ez ditue gizartearen beharrak beteten, “sektore publikoa desegiten dabe” eta, “gehien daukanak gehien ordaintzea eragiten ez dauen eta bidebakoa dan” fiskaltasunean oinarritzen dira.

Koalizino abertzaleko bozeroalearen eretxiz aurrekontuek “murriztu eta gogortu egiten ditue gizarte laguntzak eskuratzeko baldintzak”. Bere taldeak uste dauenez, Gizarte Ekintzako sailari, adibidez, “240 milioi euro” falta jakoz EH Bilduk proponiduten dauen eredua beteteko.

PSE-EE eta PP taldeen jarrerea kritikau dau, euren abstentzinoagaz kontuak aurrera urtetea eragin dabelako. “Oso merke saltzen zarie” aurpegiratu deutse. PP-k aurkeztu dituan zuzenketa-eskeen “850.000 euroak” “mirrinak” baino ez dirala esan dau, eta antzekoa gertatzen da PSE-EE-ren “7,8 milioiakaz”, eta “horreetatik erdia Portugaleterako dirala” adierazo dau.


KUDEAKETA PROPIOA

Laburbilduta, Bizkaiko Foru Aldundiak, bere zortzi sailetan, kudeaketa propiorako izango dauen kopurua, hemen adierazoten dan moduan banatuko da:

- Gizarte Ekintzak 514.507.600 euro izango ditu.
- Herri Lan eta Garraioak, 345.568.971 euro.
- Ogasuna eta Finantzek, 121.914.678 euro.
- Ekonomia Sustatzeko Sailak, 86.149.392 euro.
- Lehendakaritzak, 84.734.635 euro.
- Ingurumenak, 80.661.186 euro.
- Kulturak, 62.319.940 euro.
- Nekazaritzeak, 46.542.350 euro.


JASOTAKO ZATIZKO ZUZENKETA-ESKEAK

Honeek izango dira egungo foru legealdiaren azkenengo aurrekontuak. Sail bakotxerako onartu diran aurrekontuen kopuruak aste honen hasieran landu ziran, zatizko zuzenketa-eskeei buruzko eztabaidan. 2015erako Bizkaiko aurrekontuak hainbat aldaketa euki ebazan, zatizko 26 zuzenketa-eske onartu ziralako (PSE-EE-k aurkeztutako 15, PP-k aurkeztutako 9 eta EAJ-PNV-k aurkeztutako 2). Zatizko zuzenketa horreek eragina eukiko dabe Gizarte Ekintzako, Kulturako, Herri Lan eta Garraioetako, Lehendakaritzako eta Ekonomia Sustatzeko sailen programetan, eta baita Testu Artikulauaren idazketan be. Zuzenketa-eske horreek dirala eta, gaur onartu dan aurrekontuak 8.684.000 euroko aldaketea jaso dau.

Urriaren 31n erregistrau ziran Lurraldeko kontuak izango dira Jose Luis Bilbao Aldundiaren buru eta Ana Madariaga Bizkaiko Legebatzarreko presidente dirala onartuko diran azkenengoak. Kide bi horreek Aldundiaren eta Bizkaiko Legebatzarraren buru izan diran bitartean, azkenengo hiru legealdietan, Bizkaiko azkenengo 12 aurrekontuak, lehenengoa 2004koa, onartu dira.