Aurreko Albisteak

Enkarterrietako Museoak famili osoaren gozamenerako aisialdirako eta jolasaldirako ekimenak antolatu ditu Gabonetarako

Tailerra

Abellanedan, 2014ko abenduaren 18an

Abellanedako Enkarterrietako Museoak hainbat ekimen antolatu ditu aurtengo Gabonetarako, "ZorionEM eta enkarterriON" izenburupean, familia artean gozatzekoak. Abellanedako Batzarretxean dagoan Museo eta kulturgune horrek, bada, “menu” oso berezia antolatu dau Gabon sasoirako, kulturea eta historia jolasaldiagaz eta ikasbideagaz esku-eskutik joan daitezan. Museoak zabalik izango ditu Erromanizazinoari eta Erdi Araoari buruzko umeentzako tailerrak, guztiek, txiki zein nagusiek, alkarregaz gozatu ahal izan daiezan Museoaren egitarau pedagogikoan izan ohi diran ekimenez, urtean zehar Bizkaiko milaka eskola-umek egin daben moduan.

ERROMANIZAZINOARI BURUZKO EKIMENA FAMILIENTZAKO
Familiok, erduze Museora eta denporan atzera egin erromatarren aldietara arte. Era jolasgarrian eta zeuek parte hartuta ezagutu ahal izango dituzue zibilizazino horren osagarririk nagusienak. Egun batez behintzat, erromatar asmatzaile bihurtuko zarie eta orduko injinerutza, hidraulika, arkitektura eta mekanikaren sekretuen jabe izango zarie. Ekimen hori 8-12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago (helduak lagun dituela), eta abenduaren 23, 24 eta 27an egingo da.

ERDI AROARI BURUZKO EKIMENA FAMILIENTZAKO
Erdi Aroa intereseko gai dabenek abenduaren 30ean eta 31n aukera ederra izango dabe, esaterako, idazkera gotikoaren ardatzak ezagutzeko, puntu erdiko arkua egiteko edo erdi aroko armadura bat aldean eroan ezkero zer sentitzen dan igartzeko. Ekimen hori 6-12 urte bitarteko umeei zuzendurik dago.

ALDIBATERAKO ERAKUSKETEA
Horrezaz ganera, Abellanedara hurreratu daitezanek Museoko erakusketa iraunkorra ikusi ahal izango dabe, baita “IN INSULA MARIS” izenburua dauen aldibaterako erakusketea be, Enkarterriak bost mendetan zehar (XIV-XIX mendeak) itsasketan izan dauen historia zabalaren barri izateko prestatua.

Informazinoa eskatzeko edo erreserbak egiteko, 94 650 44 88 edo 94 610 4815 telefonoetara deitu edo www.enkarterrimuseoa.eus helbidera jo. Ekintza guztiak doanekoak dira.