Aurreko Albisteak

Batzar nagusiek Bizikleta Jaia egiteko eskaria egin deutsie Bizkaiko Foru Aldundiari, Mobikortasunaren Asteagaz bat etorriz

batzordea

Bilbon, 2014ko abenduaren 12an.

Gaur, barikuan, abenduaren 12an, alkartu dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak, Bilboko Udalagaz batera, eta lurraldeko txirrindularitza alkarteen laguntzagaz, bizikletearen erabilerea sustau eta bultzatzeko eguna egin daian eskatzen eban Arauz Besteko Proposamena onartu dau, “bizikletea erabilteko eta sustetako jardunaldia”, Europako Batasunak sustautako Mobikortasunaren Asteagaz bat etorriz.

Proposamena onartu egin da Socialistas Vascos (PSE-EE), Bizkaiko Popularrak (PP) eta EH Bildu taldeen aldeko botoagaz eta Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldearen abstentzinoagaz.

Proposamenak PP taldearen zuzenketa-eske bat jaso dau. Isaac Fernández, proposamena aurkeztu dauen PSE-EE taldeko bozeroaleak azpimarratu dauenez, ekimenaren helburua “bizikletearen erabilerea sustetea da, mobiduteko baliabide iraunkor eta osasungarri gisa”. “Gure eretxiz, ospakizun horregaz bat etorrita hainbat jarduera egin daitekez, bizikletak protagonismo berezia eukiko dauen jai eguna konpartitu gura daben familiei, alkarteei eta norbanakoei erakundeen aldetik bultzadea emoteko”, gehitu dau Fernándezek.

Bozketan abstenidu egin dan EAJ-PNV taldeak adierazo dauenez, “ez da jarduera barria”. Holan, Jon Larrea bozeroaleak “urtero, Euskadi Txirrindularitza Fundazinoak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz antolatzen dauen Bizikletaren Jaia ospatzen dala” gogoratu dau. EH Bilduko Aitor Torrek, bere aldetik, gaiaren inguruan eskari bat egin dau “bide publikoak konpartitzeko orduan txirrindularien eta automobil gidarien arteko bizikidetzea hobetzeko kontzientziazino kanpainea” martxan jarri daiten.


BIZKAIBUS ZERBITZU BARRIARI BURUZKO INFORMAZINOA

Saioan Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatu andreak agerraldia egin dau, Socialistas Vascos taldeak eskatuta, datorren abenduaren 14an zerbitzua emoten hasiko diran Bizkaibusen linea barriak laster jarriko dirala eta herritarrei informazinoa emoteko neurrien barri emoteko.

Gai horri jagokonez, Itziar Garamendik, Garraioetako Sailak helburu horregaz martxan jarri dituan komunikazino ekintzen barri emon dau, joan dan irailaren 23an hasi zan “Igo zure Bizkaibus berrira / Sube a tu nuevo Bizkaibus” kanpainea barne. “Ekimen horren helburua, zerbitzuak izango dituan aldaketen barri emoteaz gain, herritarrak Bizkaibus erabiltera animetea da”, azpimarratu dau Garamendik.

Informazino kanpainan, bost liburuxkaren (emakida barrien mapea banatuta dagoan bost eskualdeetako bakotxetik bat) 30.000 ale argitaratu eta autobusetan banatuko dira. Zerbitzuak 89 linea ditu guztira (15 Busturialdea-Lea Artibain, 22 Ezkerraldean, 8 Enkarterrin, 23 Txorierri-Mungian eta 21 Nerbioi-Arratia-Durangaldean).

Horrez gain, Foru Aldundiak Bizkaibus zerbitzu barriari buruzko atal berezia prestau dau Aldundiaren webgunearen barruan. Bertan aitatutako liburuxkak kontsultau ahal izango dira. Ganera, bezeroari informazinoa eskintzeko telefono zenbakia eta tabletetarako eta telefono mobikorretarako aplikazino bereziak be prestau dira.

Halaber, Garamendik adierazo dau abenduaren 15etik 21era informazino kanpaina barria egingo dala prentsan, irratian eta telebistan, eta baita Bizkaibuseko markesinetan be.

Bukatzeko, Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak ez dau onartu EH Bilduk aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena. Proposamen horretan eskaria egiten jakon Aldundiari eskumenak dituan erakundea dan neurrian, “Barakaldoko Buen Pastor kalearen amaieran dagoan semaforoan (udalerri horretatik Errontegiko zubira doazan ibilgailuei bidea emoten deutseena) itxaroten egoten diran oinezkoentzako itxaroteko plataforma biak estaldu daizan, oinezkoen erosotasuna eta segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diran neurriak jarriz”. Neurri hori justifikauta dago, semaforoan itxaron beharreko denporea “4 minutu baino gehiagokoa izaten dalako”, Aitor Torre bozeroaleak adierazo dauenez. Ganerako taldeek ez dabe ekimena onartu.