Aurreko Albisteak

"Representación y representatividad en las instituciones de Gobierno del Señorío de Bizkaia en el siglo XIX" liburuaren aurkezpena.

Aurkezpenean izan ziran pertsona ospetsuak

Liburuaren aurkezleak: Gregorio Monreal, Ana Madariaga, Lartaun de Egibar eta Mª Angeles Larrea.

Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan egin zan Lartaun de Egibar Urrutia historialariak idatzitako “Representación y representatividad en las instituciones de Gobierno del Señorío de Bizkaia en el siglo XIX” liburuaren aurkezpena. Bizkaiko Foru Erakundeek XIX. mendean, 1876. urtean Foruak ezabatzeko Legeak urten arte, izan eben ordezkagarritasuna da liburu honen aztergaia, eta gai horretan egindako azterketarik sakonena da. Daborduko aurreretxi ideologikoen ikuspegitik zabal aztertu izan da gai hori eta, beraz, eskertzekoa da liburu honek emoten dauen argitasuna, ikerketa historikoaren metodoa zehaztasunez erabili dau-eta.

Liburuaren aurkezpen ekitaldian, egileaz ganera, besteak beste hurrengoak izan ziran: Ana Madariaga, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria; Mª Angeles Larrea, Doktoradutza tesiaren zuzendaria eta Deustuko Unibertsitateko Historia Moderno eta Garaikideko Katedradun emeritoa; eta Gregorio Monreal, liburuaren editorea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbidearen Historiako Katedraduna, Euskal Herriko Unibertsitateko Erretore Ohia eta Fundación para el Derecho Histórico y Autonómico de Vasconia deritxanaren presidentea.
Liburuan jasoten dan ikerlanaren bitartez (egilearen doktoradutza tesia da) aztertu egin dira Bizkaiko Batzar Nagusien eta Jaurerriaren Gobernu Unibertsalaren ordezkagarritasunak 1800-1877 bitartean izan ebazan ezaugarriak. Sasoi hori oso iskanbilatsua izan zan ze, besteak beste, gerra bi izan zituan eta, azkenean, euskal zuzenbidea, foru-araubidea deritxana, ezabatu egin eben.
Liburuan, bada, aztertu egiten dira sistemearen arauak, baita azken onarpena lortu ez eta inoiz indarreratu ez ziran proiektu eta proposamenak be. Halangoak interesgarriak dira ikusteko ze erispide eta asmo ebezan ekimengileek. Berebizikoa da be Ahaldun Nagusi kargua izan ebenen zehaztasunak ikertzeko dokumentuen jatorrizko iturrietara jo dala, horreetariko asko artean ezezagunak edo gitxi ezagutuak ziranak, batez be eskribau-protokoloak eta epaitegi-espedienteak.