Aurreko Albisteak

Bizkaiko Aurrekontuak aurrera jarraitzen dau izapidetzearekin, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek, EH Bilduk aurkeztutako osotasunezko zuzenketa-eskea baztertu ostean

Gernika

Gernikan, 2014ko abenduaren 9an.

Gaur goizean Gernikan egin dan Batzar Nagusietako osoko bilkureak atzera bota dau EH Bilduk Bizkaiko 2015eko aurrekontuen proiektuaren aurrean aurkeztu dauen osotasunezko zuzenketa-eskea. Koalizino abertzaleak aurkeztu dauen zuzenketa-eskea ez da onartu, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek kontrako 38 boto emon dituelako eta koalizino abertzaleak aldeko 12 emon ditualako. Lurraldeko Kontuen hurrengo izapidea, zatizko 26 zuzenketa-eskeak batzordean eztabaidatzea izango da. Arauzko 8 saioak egin ostean –sail bakotxeko bat– Gabonak aurretik azkenengo osoko bilkurea deituko da, Bizkaiko 2015eko aurrekontuak behin betiko onartzeko.

Eztabaidea, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak egin dauen aurrekontuen defentseagaz hasi da. Diputatuak azpimarratu dauenez, urriaren 31n Bizkaiko Ganberan erregistrau ziran eta oposizinoko PSE-EE eta PP taldeakaz lortutako akordioaren ostean zati batean zuzendu ziran kontuak, “gehien behar daben pertsonei” zuzenduta dagoz, eta hiru ardatz ditue: “gizarte zerbitzuei eustea, enplegua eta jarduera ekonomikoa sustatzea eta herri lanetara zuzendutako inbertsinoa”. Lehentasun horreek “zorroztasun ekonomikoagaz” eroango dira aurrera, “egonkor” jarraituko dauen Aldundiaren zor bizia handitu barik.

Aurrekontuek %4,8ko hazkundea eukiko dabe, eta kopuru osoa 7.252,2 milioi eurokoa izango da. Horreetatik 1.570 milioi kudeaketa propiorako izango dira. Iruarrizagak esan dauenez, kontu horreek egiteko orduan, 2015erako “hazkunde ekonomikoaren zelanbaiteko azkartzea” eta “langabezia tasea moteltzea” erakusten dauen esparru ekonomikoa hartu da kontuan. Dana dala, aurreikusi dauenez, langabezia “ez da modu nabarmenean murriztuko”.


OSOTASUNEZKO ZUZENKETA-ESKEAREN DEFENTSEA

EH Bilduk aurkeztu dauen osotasunezko zuzenketa-eskearen txandea heldu danean, Irune Soto bozeroaleak adierazo dau aurrekontuen proiektuak “ez deutsala erantzuten Bizkaiak bizi dauen egoera ekonomiko gatxari”. Bere berbetan, lurraldeko “gizarte alorreko eta sektore publikoko murrizketakaz jarraitzen daben” kontuak dira.

Koalizino abertzaleko batzarkideak adierazo dauenez, 2015eko kontuek beste ekitaldi batzuetakoek erakusten dituen “akatsez betetako politika berberak” erakusten ditue. “Ez dabe enplegu publikorik sortzen eta ez dabe gizarte politiketan inbertitzen”, esan dau, eta PSE-EE taldeak 43 milioi euroren truke emon dauen laguntzagaz onatuko dira. Diru horretatik “34 milioi”, “sozialistak gobernautako” herrietan egin beharreko azpiegituretara zuzenduko dira.

Sotok defendidu dauenez, bere taldeak aurkeztu dauen osotasunezko zuzenketa-eskeak, kontuetan sartuko litzatekezan oinarrizko lau printzipio jasoten ditu: “gizarte politikak indartzea, “aurrekontuaren %50 Gizarte Ekintzara bideratuz, gaur egun arlo horretara “%38 baino zuzentzen ez dan bitartean”, adierazo dau; enplegurako plan estrategikoa sortzea; politika fiskal “zuzenagoa” egitea, iruzur fiskalaren kontrako burrukea indartuz; eta “gardentasunean eta partaidetza handiagoan” oinarritutako gobernu ekintza sustatzea.


JELTZALEAK PP-REN ZUZENKETA ESKEEN ALDE AGERTU DIRA

Beste aldean, hurrengo osoko bilkuran aurrekontuak onartzeko aukera emongo daben taldeek, “desbardintasunen gainetik” akordioak lortzearen garrantzia azpimarratu dabe, “betikoen” –EH Bildu– kontrako botoa hor dagoan arren, “horreek ez diralako aurrerapausu bat emoteko gai”, esan dau Euzko Abertzaleak taldeko Lorea Bilbaok, penaz.

Batzarkide jeltzaleak eskertu egin dau akordioa posible egiten dabenen –PSE-EE eta PP- jarrera eregitzailea, gizarte politikei, enplegua sustatzeari eta ekonomia bizi-barritzeari eta inbertsino politikoari lehentasuna emotegaitik. PP-ren kasuan, eta talde politiko horrek, Pinosolo kasuan epaitegietara joatean erakutsi dauen jarrera “elektoralistea” eta “ardurabakoa” hor dagoan arren, bozeroale jeltzaleak iragarri dau bere taldea PP-k aurkeztuko dituan zatizko zuzenketa-eskeen alde agertuko dala batzordean egingo dan hurrengo eztabaida saioan.

EH Bilduk aurkeztu dauen zuzenketa-eskeari jagokonez, Bilbaok, talde horrek Bizkaiko errealidadeari buruz erakutsi gura dauen “irudi negargarria” deitoratu dau. Koalizino abertzalearen ustez Aldundiak dauka horren kulpea. Hori dala eta, estrategia abertzalea “demagogian eta manipulazinoan” eta “zuzenak ez dira datuetan” oinarrituta dagoala esan dau.

Alderdi jeltzaleak Batzarretan daukan bozeroaleak esan dauenez, aurrekontu honeek “indartu egingo ditue” gizarte arloko politikak. Azpimarratu dauenez, Gizarte Ekintza sailak erabili ahal izango dauen kopurua %5,3 handituko da “gastu osoaren %43” –eta ez %38, EH Bilduk salatu dauen moduan–, eta gizarteratzerako laguntza “guztiei” emongo jake arretea. Pilar Ardanza diputatu andreak informazino batzordean adierazo eban moduan “ez da murrizketarik egongo ez zerbitzuetan, ezta prestazinoetan be”.

Enplegua sustatzeari jagokonez, Bilbaok gogoratu dauenez, Bizkaia izango da enplegu plana eukiko dauen lurralde bakarra. “Zuek gobernetan dozuen Gipuzkoak ez dauka holango planik”, gogoratu deutso koalizino abertzaleari. Bizkaiak eta Gipuzkoak iruzur fiskalaren kontrako borrokan daukien egoera be alderatu dau, eta esan dau Bizkaia “beti dagoala ganetik” foru aldundien diru-bilketa erratioetan.

Iñaki Egaña bozeroale sozialistak, bere aldetik, autortu dau Foru Gobernuak aurkeztutakoak “ez dirala sozialistak egingo genduzan aurrekontuak, aurrekontu horreetan, betidanik kritikau doguzan elementuak eta inertziak ikusten jarraitzen dogulako”. Halanda be, bere ustez, Bizkaiak “ezin dau, ezaugarri nagusiak ilusino politiko, erakundeen indar eta bultzada ekonomiko faltea izan dituan hau moduko beste urte bat jasan”.

“Krisi honen nondik norakoari eta bere ondorio larriei aurre egin ahal izateko ahal izan ezkero esfortzu handiagoa egitea” beharrezkoa dala esan ostean, “bakotxak daukana eta ahal dauena helburu komuna lortzeko jarri behar dogula” esan dau, izan be, bere berbetan, egoerak “okerrera” egin dauelako, Bizkaiak “langabetu kopuru berbera” dauka eta. Sozialistek “asmo handiagoko” aurrekontuak egingo leukiezan, baina uste dau “danok egin behar dogula ahalegin handiagoa, gaur egungo norabide okerra zuzentzeko”.

Egañak, EH Bilduren zuzenketa-eskeari buruz berba egitean, inolako alternatibarik erakusten ez dauen “hauteskundeetarako bisita txartela” dala esan dau. “Orokortasunetan” dago oinarrituta, eta “proposamen faltea” erakusten dau. Horren aurrean, talde sozialistak, aurrekontuei buruzko akordioaren bitartez hainbat gauza lortu ditu, “inbertsino gehiago”, “gizarte arloan zabalik dagozan partidak, etorkizunean egon daitekezan beharrei erantzun ahal izateko” edo “enplegua eta aberastasuna dakarrien proiektuak”.

Esther Martínez PP taldeko bozeroaleak azaldu dauenez, bere taldeak ez dau EH Bilduk aurkeztutako osotasunezko zuzenketa-eskea babestu, horrek “erantzukizun bako jarrerea erakutsiko leukelako, danok bilatzen dogun eta apurka-apurka burua ateraten hasi dala emoten dauen ekonomiaren berreskurapen prozesuari trabak jarriz”.

Bere berbetan, bizkaitarrok datorren urterako daukaguzan aurrekontuak “onartu egingo dira”, eta laugarren urtez jarraian Alderdi Popularretik aurrekontuak onartzen lagunduko dogu, birritan talde jeltzaleagaz batera, eta igaztik, baita sozialisten borondateagaz be”.

Jeltzaleek aurretik lortutako akordioa apurtu ostean, jeltzaleek eurek PP-k aurkeztutako zatizko zuzenketa-eskeak onartuko dituela iragarteari jagokonez, Martinez pozik agertu da “ondo amaitzen dana ondo dagoalako”. “Pozten nau EAJ-PNV nasaitu egin dala ikusteak”, “politikari bat hutsaren parean geratzen dalako akordioak errespetetan ez baditu”. Amaitzeko, “desbardinen arteko hitzarmenaren handitasuna” azpimarratu dau, “akordioak lortzea pertsona arduratsuen ezinbesteko betebeharra dalako”.


PEREIROK TORRES ORDEZKATUKO DAU

Batzarraren hasieran, Dulcina Pereiro Besteiro Socialistas Vascos batzarretako taldearen batzarkide barri izendatua izan da, Mikel Torres ordezkatuz. Pereiro andreak abenduaren 3an jaso eban Alkartezintasunetarako Batzordearen onespena eta, beraz, ez dauka eragozpenik batzarkide izateko. Izendapen horregaz, bada, Batzar Nagusiak genero-bardintasunetik hurrago dagoz, daborduko 24 emakumezko eta 27 gizonezko diralako.