2012-2015 Foru Enplegu Planak 6.407 lanposturen eta 3.381 enpresaren sorrerea eragin dau

Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatu jaunak, Foru Aldundiak 2012. urtearen hasieran martxan jarritako 2012-2015 Enplegu Planaren balantzea egin dau gaur goizean Batzar Nagusietan. Berak eskatuta egin dauen agerraldian, Aldundiko arduradunak Ebaluazino Txostena emon deutse batzarretako taldeei. Txosten horretatik azpimarratu dituan puntuen artean esan behar da Enplegu Planak, abenduaren 1era arte, 6.407 lanpostu eta 3.381 enpresa sortzea bultzatu dauela eta 6.602 gazteren enplegugarritasuna hobetzea lortu dauela.
Pradalesek azpimarratu dauenez, Foru Aldundiak52,9 milioi euro inbertitu ditu datorren urterako “barrikuntzetarako zabalik” egongo dan plan horretan jasoten diran jarduketetan eta programetan. Horreetatik 38,5 milioi enplegua sustetako erabili ziran, gazteen artean batez be –10 kontratutik 9 pertsona gazteei egin jakezan–, eta 14,3 talentua sustetara bideratu ziran. Sortutako mikroenpresen biziraupeneko tasea %70ekoa izan da –ehuneko hori %83ra arte igoten da urte bi baino gitxiago daukien enpresen artean–. Diputatu jaunaren berbetan, hori “oso tasa altua” da.
Diputatuak adierazo dauenez, zifra horreek, une honetarako hasieran aurreikusitako itxaropenak “gainditzen” ditue, hasieratik be “asmo handiko” helburuak markau ziran arren. 2015. urteari begira, plan horrek Bizkaiko enpleguaren hobekuntzan daukan eragina handitzea aurreikusten da, eskualde bakotxeko eragileen esku-hartzeagaz, “inolako zalantza barik plana hobetu daitekealako”.
Pradalesek azpimarratu dau, baita be, Bizkaia dala enplegu plana daukan Foru Aldundi bakarra, eta foru erakundeak 2015eko aurrekontuetan “bere inbertsinoen lauren bat” Lurraldeko enplegugarritasuna hobetzera bideratu dala.
Batzarretako taldeek kritikau egin dabe Ebaluazino Txostena agerraldia egin aurretik banatu ez izana, aztertzeko eta bakotxak bere ebaluazinoa egiteko, eta danak etorri dira bat eskualdeetako planen berraktibazinoan Aldundiak gehiago sakondu behar dauela esatean. Plan horreek “banan-banan” diseinau behar dira, lurraldeko gune bakotxak dituan beharrak kontuan izanda.
Gonzalo Zorrilla-Lequericak (PP) uste dauenez, planak “oso alderdi positiboak” ditu, baina bertatik ondorio “kezkagarriak” be ateraten dira. Ondorio horreen artean dago “talentuaren enpleguari eta prestakuntzeari” buruzko programea 2014ko urtarriletik irailera “%38,6ko” burutzapen mailan egotea, aurreko urteko epealdi berean baino “zazpi puntu” beherago.
Bere izendapenaren aldeko 6 botoei eta zuriz emondako 6 botoei esker, Mikel Torres ordezkatuz gaurko Ekonomia eta Ogasuneko batzordeko idazkaria izan dan PSE-EE-ko Alexia Castelok kritikau egin dau diputatuak emondako zifrak “ez datozala bat” Aldundiak aurretik argitaratutako beste batzuekaz, eta autokritikaren bat eskatu deutso diputatuari, hain ondo ez doazan programak ez ditualako aitatu.
Batzordekide sozialistak esfortzu handiagoa eskatu deutso Aldundiari, sortutako mikroenpresen biziraupenerako, eta ahalegin handiagoa enplegu plan horreek eskualde bakotxeko egoerara bideratzeko. Bere bigarren txandan, Pradalesek esan dau egokitzapen hori eskualdeetako eragileakaz alkarlanean ari dala egiten.
EH Bilduren eretxiz, lortutako emaitzak “ez dira hain onak”. Joseba Gezuraga bozeroaleak, Aldundiak azken urteotan eskualdeen bizibarritzeari laguntzeko orduan izan dituan aurrekontuen gorabeherak gogoratu ditu. Urte batetik bestera, partida ekonomikoak asko aldatu dira. Holan, 2012an “600.000” eurokoa izan zan, hurrengo urtean “100.000ra” jatsi zan, eta 2014an “1,5 milioira” igon zan.
MAKINA-ERREMINTAN ESPEZIALIZAUTAKO GELEA
Horrez gain, Bizkaiko Aldundiak, “Makina-Erremintako eta Fabrikazinoko Teknologia Aurreratuko espezialidade Ikastaroa” izenekoa egiteko lankidetza hitzarmenari buruzko informazinoa emon dau Ekonomia eta Ogasuneko batzordearen aurrean. Hitzarmen hori Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatearen (Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoaren bitartez), Makina-erremintako Fabrikatzaileen Elkartearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatu da. Akordioa aho batez berretsi da.
Beste bost urtez (2014-2018) emoten jarraituko dan prestakuntza hori “aukerea” da, Pradalesen berbetan, ikasleak Makina-Erremintaren sektorean espezializau daitezan eta beharrerako aukera gehiago euki daiezan. Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean 450.000 euro jarriko ditue. Horreetatik 100.000 euro Aldundiak jarriko ditu.
Pradalesek azpimarratu dauenez, aurreko sei edizinoetan 108 ikasle prestau ziran. Horreetatik 85 lan merkaduan dagoz, eta beste 15 doktoretzako gradu-ostekoak edo masterrak egiten ari dira.