Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko txirrindularitza ibilpideak lotzeko azterlana egitea eskatu dabe

Batzordea

Bilbon, 2014ko azaroaren 28an

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe gaur PP-k aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraioetako sailak Ezkerraldeko eta Meatzaldeko udalerrietako txirrindularitza ibilpideak “komuniketako” azterlana egin daian.

Batzarretako talde guztiek eskualde horretan dagozan ibilpideak osatzearen eta alkartzearen aldeko apustua egin dabe, baina Jesús Isasi batzordekide popularrak adierazo dauenez, lehentasuna emon behar jake Orkonerako zatiari, Portugalete eta Sestao arteko loturari eta Bilboko Zorrotza auzoa eta Barakaldo artekoari.

Javier Setién EAJ-PNV-ko ordezkariaren eretxiz, bidegorrien arteko loturea, herri administrazinoak “daborduko egiten ari diran” zeozer da, modu koordinauan, dagozan aurrekontuak kontuan izanda, eta “lehentasuna” emonez lehendik dagozan txirrindularitza bideak lotzen dituen proiektuei. Barakaldo-Muskiz ardatza eta Gallartatik Artzentalesekin daukan loturea aitatu dau adibide moduan. Jarduera horri esker, txirrindulariek 55 kilometroko etenbako txirrindulari bidea daukie.


BIZKAIBUSEN ETA METROAREN ARTEKO LOTUREA ETXEBARRIN

Saio berean, EH Bilduk, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraio foru diputatu andrea Batzarretara etorteko, egindako agerraldi eskari bi gauzatu dira, Galdakaoko lantzaderaren “behin betiko” trazauari eta Bizkaibusen grebak eragindako gastuei buruzko informazinoa emoteko.

Garamendik azaldu dauenez, Bizkaibuseko emakida barriak zerbitzua emoten hasten diranean, A3932 lineak 20 minutuz behin lotuko dau Galdakao erdialdea Etxebarrin dagoan Bilboko Metroaren geltokiagaz, eta erabiltzaileei Bizkaibuseko tarifikazinoa aplikauko jake, 2. guneari jagokona. Horrez gain, orduan behin, linea hori Ospitaleraino luzatuko da eta, holan, Etxebarriko San Esteban auzoaren eta eskualdean erreferentziazkoa dan osasun-gunearen eta Galdakaoko Anbulatorioaren arteko loturea “erraztu” egingo da.

Konponbide orokorra bilatzeko xedez, Bizkaibusek ibilpide barria gehituko dau A3641 linean (Goi Nerbioi-Ospitalea). Ibilpide hori 30 minutuz behin eskiniko da, eta Etxebarriko Boketean abiau eta Basauriko Urbi eta Galdakaoko Aperribai auzoak zeharkatu ostean, Galdakaoko udaletxeraino helduko da.

Ibilpide barri horregaz “hobetu egingo da” Boketeko biztanleek Basaurigaz eta Galdakaogaz daukien loturea eta, ganera, anbulatoriora joatea be “erraztu egingo da”. Ibilpide horrek Basauri eta Galdakaoko loturak “be hobetu egingo ditu”, herri bi horreen arteko maiztasuna 15 minutuz behingoa izango dalako, astelehenetik zapatura, Garamendik adierazo dauenez.

Ez da hori eskualdeko Bizkaibuseko lineek izango daben barrikuntza bakarra, autopistaz eskintzen dan A3930 Bilbo-Galdakao linearen zerbitzuaren ordutegia zabaldu egingo dalako. Bizkaiko uriburutik hiru urteera barri egongo dira, 20:30etan, 21:00etan eta 22:00etan.

Proposamen bateratu horregaz, diputatu andrearen eretxiz “soluzinoa emoten jake Basaurik eta Galdakaok egindako eskariei”.


BIZKAIBUSEKO GREBAK ERAGINDAKO GASTUAK

EH Bilduren galderei erantzunez, diputatu andreak, 13 lan egun oso eta lanuzte partzialak izan ebazan Bizkaibuseko grebak eragindako kostuen barri emon dau.

Holan, enpresek emondako zifrak kontuan izanda, lanuzte horreen ondorioz "34.857" lanordu galdu ziran, eta horreen kostua beharginentzat "787.780 eurokoa izango litzateke". Horrez gain, "739.282 kilometro" gitxiago egin ziran. Hori dala eta, enpresen diru-sarrerak "2.205.552 eurotan" murriztu dira.

Bidaiarien murrizketaren ondoriozko diru-sarreren galerei jagokenez, diputatuak batzordearen aurrean adierazo dauenez, joan dan urrian "1.696.215 bidaia" egin ziran, hau da, igazko urrian baino “%28,46” gitxiago, orduan "2.371.145 bidaia" egin ziralako. Horrek erakusten dau diru-bilketeak “%34,16ko” jatsierea izan dauela, 2013an jasotako "2.413.734" euroakaz alderatuta.

Garamendik adierazo dauenez, aitatutako galera horreei, “koantifiketako oso gatxak” diran beste batzuk gehitu behar jakez, erabiltzaileek galdu dituen lanorduak eta erabili behar izan dituen beste garraio publiko batzuk edo ibilgailu pribadua erabiltearen ondorioz sortutakoak.

Aitor Torre EH Bilduko batzordekidea ez da gustura geratu datu horreen aurrean, eta adierazo dau Unai Rementeria Lehendakaritzako diputatuaren jende aurreko zuzenketea eskatu dauela, bere egunean, Bizkaibuseko grebak, “autobusetan eragindako kalteak” zirala eta, 2 milioi euroko galerak eragin ebazala esan ebalako. Torreren ustez, une haretan “asmo politikoa” egon zan, grebea eta sindikatuak “kriminalizetako”. Bere eretxiz, hori “arriskutsua” eta “oso larria” da.

Garamendik guzurtau egin dau hori. “Ez deutsut inolaz be onartzen Aldundiak grebea kriminalizau gura izan dauenik esaterik, hori ez dalako egia”, erantzun deutso. Diputatu andreak adierazo dauenez, bere sailak enpresek greba egunetan izandako kalteen barri emon ebanean, “une oro” fakturazino txikiagoaren ondoriozko kalteei buruz ari zan. Horrez gain, beharginek, galdutako orduak zirala eta, eukiezan galeren barri be emon eban.

Argi itxi gura izan dau, baita be, komunikabideen aurrean egindako agerraldi bietan adierazo eban moduan, urriaren 3an eta 28an, egun hareetan erretako autobusak ez egozala grebagaz erlazionauta. “Gauza batek ez dauka besteagaz zerikusirik”, esan dau.