Aurreko Albisteak

Kontuen Epaitegia Batzar Nagusien aurrera etorriko da, 2010. eta 2011. urtekitaldietako Bizkaiko Kontu Orokorraren Fiskalizazino Txostenak aurkezteko

batzordea

Bilbon, 2014ko azaroaren 14an.

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak, aho batez, eta EAJ-PNV-k proponiduta, Kontu Publikoen Euskal Epaitegiko arduradun baten agerraldia eskatzea onartu dau, Batzar Nagusien aurrean argitu daizan Bizkaiko Lurralde Historikoko 2010. eta 2011. urtekitaldietako Kontu Orokorren Fiskalizazino Txostenak. Txosten horreek kontabilidade eta lege arloetako gaiak jasoten ditue, kudeaketea hobetzeko aholkuak emoten ditue eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta bere erakunde publikoen finantza egoerea aztertzen dabe.


TRIBUTUEN KARGAK BALIOBAKOTZEA, ORDAINEAN EMOTEA ERRAZTEKO

Saio berean, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako Foru Arau Proposamena bozkatu da, kargak baliobakotzeari buruzkoa, exekuzino hipotekarioen ordezko neurri moduan ordainean emotea errazteko. Artikuluz-artikulu kontrako boto barik onartu dan testua osoko batzarrak berretsi beharko dau.

Zioen azalpenak adierazoten dauenez, arau horrek, “zehaztu egin gura dau Bizkaiko Foru Aldundiak zelan jardun behar dauen ordainetan emongo dan etxebizitzak hipotekaz geroztiko kargak baditu, karga horreek Aldundiak titularitatean dituan zerga-zorretatik eratorritakoak diranean”, eta onuradunek bete behar dituen eskakizunak ezarten ditu. Arauak ezarten dauenez, Aldundiak bere aldeko kargak baliobakotu egingo ditu, “Ohiko etxebizitzaren gaineko hipoteka-zorren berrantolaketa bideragarrirako Ohitura Onen Kodea” izenekoa jasoten dauen eranskinaren 3. atalak aitatzen dituan balizkoetan.

Arau proiektuak zazpi zuzenketa-eske jaso ditu, EH Bilduren sei eta PSE-EE taldearen beste bat. Azkenik, osoko bilkurara eroango dan erespenak aldaketa bat jasoko dau. Aho batez onartu dan EH Bilduren zuzenketa-eske baten –seigarrena– eta PSE-EE taldeak aurkeztu dauen bakarraren –aurrekoaren oso antzekoa izan da– bitartez, baliabide gitxi daukiezan onuradunei aukerea emongo jake, kargak baliobakotzeko gastuei aurre egiteko ezintasunak ez daian ordainean emotea ezinezko bilakatu. Horretarako, gastu horreek Foru Aldundiak aurreratzea aurreikusten da, gerora begira zenbateko hori, Ogasunaren aurrean aurkeztu beharreko ordainketa planean sartuz.

EH Bilduk osoko batzarrean egin beharreko eztabaidarako gorde ditu onartu ez diran bere 5 zuzenketa-eskeak. Beste gauza batzuen artean, koalizino abertzaleak, onuradun, ohitura onen kode hori beteten dabenak bakarrik ez izatea gura dau. Etxetik kanporatzeen kontrako taldeek egindako eskari zabalari bidea emonez, “jagokon finantza erakundeak onartutako ordainean emoteko kasuak” be onartzea proponiduten dau, holan egiten ez bada “oso gitxi izango diralako araua bete ahal izango daben pertsonak edo bizikidetza unidadeak”, Joseba Gezuragak adierazo dauenez.