Aurreko Albisteak

Gizarte Ekintzak kontzentretan dau Aldundiak 2015erako daukan gastu erabilgarriaren ia %43a

Batzordea

Bilbon, 2014ko azaroaren 10ean.

2015eko Bizkaiko Aurrekontuen proiektuak aurrera jarraitu dau gaur goizean bere informazino prozesuagaz Batzar Nagusietan. Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatu andreak zabaldu dau Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen aurreko agerraldien txandea, bere sailak datorren urtean, Lurraldeko gizarte zerbitzu sarearen beharragaz jarraitzeko, eukiko dauen 490,7 milioiko aurrekontua (aurreko urtean baino %5,3 gehiago) zehazteko.

Kopuru hori, Foru Aldundiak datorren urterako daukan gastu erabilgarri osoaren ia %43a da eta, diputatu andrearen berbetan, argi eta garbi ixten dau “Aldundiaren lehentasuna pertsonen alde behar egitea dala”, “egoera txarrenean” dagozanen alde, batez be. Hamar eurotik zazpi pertsona nagusiei zuzendutako programetan, mendekotasunaren balorazinoan, prestazinoan eta diru-laguntzetan eta urritasunaren arretan gastauko dira.

Gastuaren zati nagusia jasoko dauen atala pertsona nagusiei zuzendutakoa izango da. Gizarte Ekintzako sailak, aurrekontuaren herena baino gehiago –168,7 milioi euro–pertsona nagusien zainketara bideratuko dau. “2.700 plaza kontzertau” eskiniko ditu –une honetan lurraldeak “2.543” ditu– Bizkaiko egoitzetan, eta horrek 80,4 milioi euroko inbertsinoa eskatuko dau.

Pilar Ardanzak zuzentzen dauen sailaren beste esfortzu nagusietako bat mendekotasunaren prestazinoetara eta laguntzetara bideratuko da. Atal horretara 105 milioi euro bideratuko dira, sailak daukan aurrekontuaren “%20 baino zeozer gehiago”. Arlo horretan, Foru Aldundiak Mendekotasunari buruzko Legea bere haserako egutegian aurrera eroatearen aldeko apustua egin dau, “I. graduko, 1. mailako” mendekotasuna daukien pertsonek “2015eko uztailetik aurrera” jaso ahal daien prestazino hori. Ardanzak azaldu dituan kalkuluak kontuan izanda, “5.000 pertsona inguruk” jasoko ditue neurri horren onurak.

Atal horretan, Ardanzak Bizitza Independenteari Laguntzeko Zerbitzu Esperimentala be aitatu dau. Aurton hasi da martxan, eta 2015ean 500.000 euroko aurrekontua izatea aurreikusten dau.

Administrazino Orokorreko programan dago aurrekontuen beste parte nagusietako bat: Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE-IFAS) eta Bizkaiko Tutoretza Erakundearen (BTE-ITB) finantziazinoa. Bien artean 105 euroko aurrekontua daukie, hau da, lehenengoaren kasuan aurrekontuak %1,19ko igoerea euki dau, eta bigarrenean, barriz, %10,97koa. GUFE-ren kasuan, sailak 2,1 milioi euro erreserbauko ditu aplikazino informatikoa aldatzeko.

Horrez gain, Aldundiak, urritasuna daukien pertsonei arretea emoteko daukazan zerbitzuakaz jarraituko dau. Pertsona horreei arretea emoteko zentroen –egoitzakoak eta egoitzakoak ez diranak– sareak 2.603 plaza baino gehiago izango ditu, eta 65,4 milioi euroko aurrekontua eukiko dau, %7,34 haziz. Arlo horretan, azpimarratzekoak dira Durangon zabalduko dan eguneko zentroa, portaera arazoak eta urritasuna daukien pertsonentzako baliabidea zabaltzea eta buruko gaixotasuna daukien pertsonentzako bederatzi plaza.

Batzarretako taldeen aurrean aurkeztutako txostenean, diputatu andreak gizarte inklusino programek %4,3ko hazkundea izan dabela azpimarratu dau, eta programa horreetara 17,4 milioi euro bideratuko dirala. Umeei zuzendutako programen aurrekontuek gora egingo dabe, 6,4 milioi euroraino, aurreko urtean baino 580.771 euro gehiago, eta emakumeei eta familiari bideratutako partidea 6,3 milioi eurokoa izango da.

Balorazinoaren eta orientazinoaren arloan, Ardanzak adierazo dauenez, bere sailak 3.149.613 euro erreserbauko ditu, %9,4 gehiago. 270.000 euro gordeko dira Uribitarten lokal barria egokitzeko, Marcelino Oreja kaleko egoitzak barriztetako beharrak egiten diran bitartean. EH Bilduk egindako galderei erantzunez, Ardanzak adierazo dau aurreikuspenak kontuan izanda 2015ean bete egingo dala mendekotasunari buruzko balorazinoa 60 eguneko batez besteko epean egiteko helburua. Epe hori “76,24 egunekoa” izan zan 2013an, eta 2014ko lehenengo hiruhilekoan, barriz, “69,55 egunekoa” izan da.

Batzarretako taldeei erantzunez, Ardanzak adierazo dau Foru Aldundiak aurrera jarraitzen dauela ekimen pribaduaren bitartez Trapagan egoitza barria eregiteko konpromisoagaz, 50 urtetarako emakidaren bitartez. Dana dala, ez da beharrezkoa izan helburu horretara aurrekontuko inolako partidarik bideratzea. Bilbo Zaharreko eta Ermuko “bejetatiboen unidadeetarako” aurrekontua murrizteari jagokonez, erabiltzaileen eskaria “ez dala izan hasera batean aurreikusten zan besteko garrantzitsua” adierazo dau diputatu andreak, familiek pertsona horreek euren etxeetatik gertu egotea eskatzen dabelako. Euren etxebizitzetatik gertu dagozan zentroetara hurbiltzea erabagi da, unidade hori zentro bi horreetan zentralizau beharrean.

Ardanzak iragarri dauenez, aurreikuspenak beteten badira, abenduan emongo jako hasera familiako harrera profesionalari buruzko programa pilotuari. 2015. urterako aurrekontua 197.516 eurokoa izango da.

EH Bildu taldeari erantzunez, diputatu andreak, euren etxetik kanporatuak izan diran edo horretarako arriskuan dagozan pertsonentzat, inolako partidarik ez dala aurreikusi adierazo dau, bere saila gizarte bazterketa egoeran dagozan pertsonez arduratzen dalako, eta euren etxetik kanporatutako pertsonak ez dirala zertan egoera horretan egon behar.

Egoitzetako prezio publikoen bitartez jasoten diran diru-sarrerei jagokenez, Ardanzak “diru-sarrera gitxiago” itxaroten dabela adierazo dau, familien egoera ekonomikoa “txarragoa” dalako. Aurrekontuetan 66,8 milioi euroko kopurua aurreikusi da. 2015ean “3 milioi euroko” murrizketea itxaroten da, 2014 honetako irailerako jatsiera hori 2 milioikoa izan dalako dagoaneko.


71 MILIOI EURO INGURUMENAGAZ ERLAZIONAUTAKO KONPROMISOAK BETETEKO

Ingurumeneko sailak 71 milioi euroko aurrekontua eukiko dau datorren urtean, Iosu Madariagak zuzentzen dauen saileko 4 programak aurrera eroan ahal izateko. 2015ean 44,5 milioi euro bideratuko dira inbertsinoetara. Berrogei milioi Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren aurrekontuetan sartuko dira, ur hornidura eta saneamendurako azpiegitura barriak egiteko “15 proiektu” aurrera eroan ahal izateko. Kopuru horri, Karrantzan ur hornidurarako obrak egitera bideratuko diran “1,23 milioiak” gehitu behar jakoz, baltsaren eta araztegiaren arteko hodietarako batez be, udalerri hori ez dagoalako Partzuergoaren barruan.

Horrez gain, sailak beste 11 milioi aurreikusten ditu espazio naturalen kudeaketarako; 2,5 milioi euro Parke Naturaletarako; eta 6,1 milioi hondartzen kudeaketarako. Kosta Demarkazinoagaz alkarlanean, Ingurumeneko Sailak La Arenako hondartza birgaitzeko proiektuaren lehenengo faseari hasera emongo deutso. Beste “60.000 euro” bideratuko dira Bizkaiko hondartzetan hainbat azpiegitura konpontzeko.

Barrikuntza nagusien artean, Madariagak, elikagaiak neurri barik gastetea saihestera bideratutako ekimen barritzailea azpimarratu dau. 100.000 euroren truke Elikagaien Bankuagaz sinatutako hitzarmenaren bitartez, elikagaiak barriro erabiltea bultzatuko da, Mercabilbaon eta beste 165 merkataritza saltokitan batuz. “Lehentasunezko” gaietako bat 5. edukiontzia jartea izango da. Aurtongo 800.000 euroko aurrekontutik, 2015ean izango dauen 1.090.000 euroko aurrekontura pasauko da.

LIFE+ programaren barruan aurkeztu diran proiektuen barruan, datorren urtean bisoi europarra babesteko eta espezie inbaditzaileak desagertuarazoteko partidak jasoko dira. 2015ean errealidade bilakatuko dira 100.000 euroko inbertsinoa eskatuko dauen Meatzaldeko Biotopoaren interpretazinorako zentroa eta puntu hidro-meteorologikoen sare informatizau barriaren instalazinoa.


NEKAZARITZAKO SAILAK BASERRITAR GAZTEEN ALDEKO APUSTUA EGINGO DAU

Foru Aldundiko nekazaritzako sailari jagokonez, 30,9 milioi euroko aurrekontua eukiko dau 2015. urterako, aurreko ekitaldian baino %1,18 gehiago. Irene Pardo nekazaritzako diputatu andreak itxi ditu lurraldeko kontuei buruzko gaurko informazino batzordeak, ondoren adierazoten diran ardatzen aldeko apustua egiten daben kontuak azalduz: nekazaritza-ingurumeneko neurrien finkapena; gazteei emon beharreko laguntzea, lehenengo instalazinoa sustatuz, inbertsino barrien edo Lurren Bankuaren bitartez; enplegu gehiago eragingo daben ustiapenei eta ekoizpenerako inbertsinoei emongo jaken laguntzea; eta animalien ongizaterako neurriei laguntzea.

Nekazaritzako sailak finkatu egingo ditu nekazaritzako ustiapenek jasoko dituen laguntzak. 11,4 milioi eurogaz lagunduko ditu Bizkaiko ustiapenen errentak. Ganera, 8,9 milioi ekoizpenerako inbertsinoetara bideratuko dira, aurrekontu osoaren %29. Beste alde batetik, animalien ongizaterako neurrien barruan, 300.000 euroko kreditu deialdia eukiko dauen programa barria jarriko da martxan.