Aurreko Albisteak

Ogasun, Lehendakaritza eta Ekonomia Sustatzeko Sailek 2015. urterako Bizkaiko Aurrekontu Proiektuen informazino batzordeak hasi ditue Batzar Nagusietan

Batzordea

Bilbon, 2014ko azaroaren 7an.

2015. urterako Bizkaiko Aurrekontu proiektuak gaur hasi dau izapidetzea Batzar Nagusietan, Ogasun eta Finantzak, Lehendakaritza eta Ekonomia Sustatzeko Sailetako arduradun nagusien agerraldiagaz, Jose Maria Iruarrizaga, Unai Rementeria eta Imanol Pradale, hain zuzen be. Arduradun horreek, eurei jagokezan kontuen ardatz nagusiak azaldu ditue. Saioek datorren astean –astelehenean eta martitzenean– jarraituko dabe, ganerako diputatuen agerpenagaz Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen aurrean.

Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak zabaldu ditu informazino batzordeak, 2015eko Bizkaiko Aurrekontu Proiektua azalduz. Bere agerraldiaren hasieran Bizkaiko Foru Aldundi osoaren aurrekontuak azaldu ditu, orokorrean, Bizkaiko Batzarretan urriaren 31n erregistrautako proiektuaren arabera. Holan, Foru Aldundiak 1.571 milioi euro izango ditu bere kudeaketarako (beharginen ordainketen atala barne). Diru-sarrera osoak 7.252 milioi eurokoak izango dira, aurreko ekitaldian baino %4,8 gehiago. Azkenean, Aldundiaren 8 sailek izango daben kopuru osoa –beharginen gastuak, zorra eta interesak kontau barik– 1.146 milioi eurokoa izango da, aurreko urtean baino %5,4 gehiago.

Horren ostean, Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako sailari jagokon aurrekontuan zentrau da. 130,6 milioi euroko aurrekontua eukiko dau, aurreko urteko aurrekontua baino %4,15 gehiago.

Ogasun eta Finantzetako sailaren arduradunak programaz programa azaldu ditu bere sailaren kontuak, eta baita aldaketa garrantzitsurik izan daben alderdiak be. Holan, Batzarretako taldeen galderei erantzunez, Kaputxinoen kalean dagoan Ogasuneko egoitzak hobetzeko beharrak egiteko inbertsinoen atalera beste 1,5 milioi bideratuko dirala azaldu dau Iruarrizagak.

Barrikuntzen artean, Iruarrizagak Foru Plan Informatikorako ekarpen handiagoa egingo dala be azpimarratu dau. Atal horrek %7ko hazkundea izango dau, eta 30,1 milioi eurotara helduko da. Programa horren barruan azpimarragarria da inbertsino errealen atalak izango dauen %11ko igoerea, eta baita beste hazkunde bat be, Lantiketik “garapen informatikorako egiten dan ordu kopuruak” gora egin dauelako. Iruarrizagak, Ikuskaritza zerbitzurako aplikazino informatiko barria diseinetako aurrekontuak 160.000 euro jasoten dituala be azpimarratu gura izan dau.

2014koakaz alderatuta igon egiten diran beste partida batzuk, 6 milioi euro hartzen dituan ordainketa orokorreko kreditu funtsari eta aseguru poliza barriak zabaltzeari buruzkoak dira, gaur egungo asegurauak “galerak” erregistrau ditualako, Aitor Cobo Aurrekontu zuzendariak adierazo dauenez.

Ondarearen Kudeaketa eta Arriskuen Prebentzino programari jagokonez, partidea %32 murrizten dan arren –17,5 milioitik 11,8 milioira jaisten da– batez be 2015ean ez dalako San Mames Barrirako inolako ekarpenik egingo, Iruarrizagak partida barriak azpimarratu ditu Artxandako jolas parkean, Aldundiaren esku dagozan eraikin batzuetan zaharbarritze lanak egiteko eta Peritu Eskola erauzi ostean eraikuntza proiektua egiteko.

Katastrorako partidei eutsi izanari buruzko informazinoa eskatzen eban PSE-EE taldearen galderari erantzunez, partida hori ez dala igongo baieztu dau Iruarrizagak, datorren urtean ez dalako aurreikusten katastroa eguneratzerik. Data “egokia 2016ko urtarrila izango da”, Udalen laguntzea beharrezkoa dalako. Datorren urtean egingo diran Foru eta Udal hauteskundeak oztopoa izaten ari dira barrikuspen horretarako, udalakaz izandako hartu-emonetan ikusi danez.


LEHENDAKARITZAKO AURREKONTUEK %45EKO IGOEREA IZANGO DABE

Lehendakaritza Sailak, bere aldetik, 35,5 milioi euroko aurrekontua eukiko dau 2015ean, beharginen gastuen atala aparte itxita. Hau da, igoerea %45,19koa izango da, Unai Rementeria sail horretako arduradunak, ondoren egin dan batzorde batean egiaztau dauenez. Igoera hori, herritarrei “zerbitzu hobea emotera bideratutako inbertsino asko” gauzatu diralako gertatu da, “gastuari eusteko esfortzu handia egin dan arren”:

Kontuek “aurreko ekitaldien ildoa” jarraitzen dabe. Aurrekontuaren parte nagusia egoera ekonomiko larrian dagozan Udalei laguntzera eta Foru Administrazinoa modernizetara eta barriztetara bideratuko da”tresna teknologikoei jagokenez eten barik eguneratuta egon daiten”. “Beharrezkoa da sistema modernizetea, krisi ekonomikoa dala eta aurreko ekitaldietan gastuari eutsi jakolako”, azaldu dau.

Partida barrien artean, Batzar Nagusietarako hauteskundeetara bideratuko diranak dagoz. Partida horreek aurrekontuen 3 milioi euro jasoko ditue. Aurtengo ekitaldian ez da holango gasturik egon.

Administrazinoa modernizetako ekintzen artean, Barrikuntzarako 6,2 milioi euroak eta Biscaytik Fundazinoaren ekintzetara bideratuko diran 4,7 milioiak azpimarratu behar dira. Arlo horretan, Udalak kontabilidade plan orokor barrira doban egokitzeko tresna informatiko barria azpimarratu behar da. Fundazino horren bitartez sinadura elektroniko barria be garatuko da.

Rementeriak azaldu dauenez, bere sailak egoera larrian dagozan toki erakundeei laguntzak emoten jarraituko dau, udal horreen egoerea bideratzeko. Bere esanetan, “oso gitxi” dira. Horretara milioi bat euro bideratuko dira.

Suteak itzaltzeko zerbitzuak igoera “txikia” izango dau aurrekontuan, 2,3 milioi eurotara heltzeko. Partida horretatik 350.000 euro Uriosteko parkerako “ama-ibilgailu bat” erostera bideratuko dira. Foru Aldundiaren parke mobikorra 9 ibilgailutan murriztuko da, 25 ibilgailu barri erosiko dira, baina 34 ibilgailuri baja emongo jake.

Beharginen atala aparte azaldu da. 190,3 milioi euro baino gehiago bideratuko dira beharginen ordainketetarako, igaz baino %0,91 gehiago, aldaketa garrantzitsuak dagozalako ordainketa osagarrietan, Elkarkidetzara egiten diranetan eta aseguru polizetan eta erretiratze baimenetan. 20 lanpostu barri sortuko dira Ikuskapen Fiskal zerbitzurako (8 ikuskari, 8 azpi-ikuskari, 2 teknikari eta 2 likidatzaile).

Udal finantzazinoari jagokonez, Rementeriak azaldu dau Udalek 811,8 milioi euro jasoko dituela Udalkutxaren bitartez, hau da, 2014ko ekitaldi honetan baino %5,9 gehiago, eta beste 13 milioi Gizartekutxa funtsaren bidez, %5,37 gehiago, gizarte zerbitzuak finantzetan jarraitu ahal izateko.


78,5 MILIOI EKONOMIA SUSTATZEKO

Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak itxi ditu Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean gaurko programauta egon diran saioak, eta 2015. urtean bere sailak izango dauen aurrekontua azaldu dau, 78,5 milioi euro, aurton baino %1,8 gehiago. Aldundiko arduradunak hasieran esan dauenez, bere sailaren kontuetan “enpleguak eukiko dau lehentasuna”, eta zeregin horretara bideratuko da sailaren aurrekontuaren “4 eurotik bat”. Arreta berezia eskiniko jake gazteei eta denpora luzez langabezian dagozanei.

Pradalesek esan dauenez, Enplegurako Ez Ohiko Funtsa finkatu egingo da, 4 milioi euroko ekarpenagaz, auto-enplegurako laguntzek gora egingo dabe (%15,4) eta baita gazteen kontratazinoak be (%13,3) eta indartu egingo dira enpleguari laguntzeko eta talentua sustatzeko ganerako programa guztiak.

Arlo horretatik kanpo, azpiegituren atalean, Pradalesek Gernikako Elkartegia eta Aeronautikako Fabrikazino Aurreratuko Zentroa “martxan jartea” azpimarratu dau.

Ekintzailetzari eta enpresak sustatzeari jagokenez, datorren urteko aurrekontuetan enpresa barritzaileak sortzeko eta garatzeko programak bultzatuko dira, eta programa horreetan 2,4 milioi inbertituko dira. Ganera, mikro-finantzazinora bideratutako Seed Capital Bizkaia funtsa indartu egingo da, 600.000 euroko ekarpenaren bitartez.

Barrikuntzaren arloan, diputatuak azaldu dauenez bultzada barria emongo jako automobilgintzaren sektoreari, 5,5 milioi euro bideratuko diralako Automotive Intelligence Center (AIC) izenekora, proiektuaren bigarren eta hirugarren faseak osatzeko.

Nazioartekotzearen eta Bizkaiaren kanpo sustapenaren arlora 5,6 milioi euro bideratuko dira, aurreko urtean baino %5,7 gehiago. Ekitaldi handietara zuzendutako partidea, barriz, murriztu egingo da, 2014an Munduko Saskibaloi Txapelketea jokatu dalako eta NBA-gaz sinatutako akordioari aurre egin behar izan jakolako.