Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie Aldundiari, sistema informatiko bat diseinau daian, batzarretako taldeek herritarren kexak eta eskariak kontsultau ahal daiezan
Batzar Nagusietako Iraskunde Batzordeak aho batez onartu dau gaur PP taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, Bizkaiko Foru Aldundiak, herritarrek Aldundiaren aurrean aurkezten dituen eta “kexak, salaketak eta eskariak” jasoko dituan “idazkiak jasotzeko, deskribiduteko eta indexetako sistema informatikoa” aztertu eta egituratu daian, Sail guztiek idazki horreek arintasunez ezagutu ahal daiezan eta “emon beharreko erantzunak denpora eta modu egokian emoteko aukera izan deien”. Ganera, batzarretako taldeek artxibo horreek modu informatikoan kontsultetako aukerea izatea be eskatu dabe, “konfidentziala ez dan guztia, hain zuzen be”.
Herritarrek hainbat muetatako gertakariak edo egoerak salatuz Erregistro Ofizialaren bitartez idazkiak jasoten diranean foru sailetako barne komunikazinoa hobetzeko Batzar Nagusietan egiten ari dan eztabaidan zentrau dau ekimen hori PP taldeak. Euki horreen informatizazinoa eta hedapena oso “erabilgarria” izango litzateke, Aldundiaren zein batzarretako taldeen lanerako, adierazo dau PP-ko Arturo Aldecoak.
EAJ-PNV taldeak azpimarratu dauenez, Aldundiak badauka Laguntza izenekoa, herritarrei arretea eskintzeko sistemea, “hemen proponidu danaren oso antzekoa”. Dana dala ekimenaren alde agertuko da, Aldundiaren apustua, talde guztien aldeko eretxia jaso dauen ekimen horren bitartez planteautakoa moduko “barrikuntza teknologikoetatik igaroten dalako”.
BATZARREK AGINDUTAKO EKIMENAK BETETEA
Aldundiak aurre egin beharko deutso Batzar Nagusien agindu barri horri, azkeneko denporetan Batzarrek hartutako beste “96” ekimenegaz egin dauen moduan. Unai Rementeria Lehendakaritza diputatuak berak eskatutako agerraldian, taldeek adostutako eta aurkeztutako proposamenen betete mailari buruz Batzarretako taldeei emondako txostenaren barri emon dau, 2013ko apirilaren 24an onartu zan arauz besteko proposamenean osoko bilkurak eskatu eban moduan.
Holan, egun horretatik onartu diran 96 ekimenetatik, 94 arauz besteko proposamenak ziran, eta mozino bi baino ez dira onartu. Aldundiak, Bizkaiko Batzarrek emondako ia agindu guztiak bete ditu. “2” baino ez dira izan bete barik geratu diran ekimenak, “errazoi teknikoak edo interes orokorrak” dirala eta, azpimarratu dau Nerea Ahedo jeltzaleak.
BISCAYTIK-EN KONTRATUA
Aldundiaren bozeroalea PP-k eskatuta be agertu da batzordearen aurrean, Biscaytik fundazinoaren kontratazino batean “irregulartasun posibleak” aitatzen ebazan egunkari bateko albistea dala eta.
“Gardentasuna eta argitasuna bultzatzeko asmoz”, diputatuak, 2013ko azaroaren 6an ebatzi zan 2013/025 kontratazino espedienteari buruz Aldundiak eskatu ebazan txosten bi aurkeztu ditu taldeen aurrean. Iraskunde batzordeko kideen artean gaur banatu dan dokumentazinoak, barne txosten bat eta Uría y Meléndez abogadu bulegoari eskatutako auditoria jasoten ditu. Diputatuaren berbetan, dokumentu biek “prozesua lege barruan dagoala erakusten dabe”. Gai honetan “inork ez dau legea urratu”, adierazo dau Rementeriak.
Aldundiak egindako auditorian ikusten da kontratuaren xedea “une oro” etorrela bat zuzenbideagaz, esan dau Rementeriak. Eta abogadu etxe “ospetsuak” egindako txostenari jagokonez, salatzen diran irregulartasunek “ez daukiela oinarririk” adierazo dau diputatuak. Txosten horren ondorioetan esaten danez, esleipena kontratazinorako lege araudia betez egin zan, eta esleipena lortu eban BK23 enpresaren xede sozialak kontratuaren prestazino “guztiak” beteten ditu.
Rementeriaren adierazpenen aurretik, Arturo Aldecoa popularrak eskaria egin deutso, “1.463.420 euroko” kontratu baten esleipena argitu daian, BK23 enpresako administratzaileen eta Lantikeko presidenteordearen artean familia arteko loturak dagozala ikusita. Ganera, beste “irregulartasun” batzuk be badagoz, xede sozialaren aldaketea “a posteriori” egitea, adibidez, lehiaketara egokitu ahal izateko, “esleipena lortu eta 9 egun geroago”. Aldecoaren eretxiz, “nahierara” esleitutako lehiaketa baten aurrean gagoz.
Rementeriak esan dauenez, batzordekide popularraren berbak “atzetik emondako labankada politikoa” dira, eta barriro errepikau dau prozesua “garbia” izan dala, Kontu Publikoen Euskadiko Epaitegiak be, joan dan urriaren 6tik 17ra, 2013ko datuetan oinarrituz, Biscaytik erakundeari egindako auditorian, erakusten dauenez. Bertan, organu fiskalizatzaileak, ez dauela “inolako irregulartasunik” aurkitu jakinarazo deutso Aldundiari.
Aldundiak sentidu egin dau “neska gazte ekintzaileari” egiten ari jakon “oso kalte larria”, bere “delitu bakarra” Aldundiko behargin baten alabea izatea dala kontuan izanda. “Zer dago kanpaina horren ostean?”, galdetu deutso Aldecoari. “Danok bardinak garala erakutsi gura dozu, eta danok ez gara bardinak. Danak ez dau balio. Desbardinak gara kudeatzeko eta jarduteko orduan”, aurpegiratu deutso Rementeriak.
Horrez gain, diputatuak esan dau esleipena lortu eban enpresak lehiaketea irabazi ebala bere xede sozialaren barruan eskatzen zana agertzen zalako, eta BK23k “probautako kaudimen teknikoa” eukalako, parte batean, konkurrentzia askez esleitutako Biscaytiken aurreko beste kontratu bitan parte hartu ebalako. Lehiaketara beste enpresa bat be aurkeztu zan, baina baztertuta geratu zan, ez ebazalako betetan eskatzen ziran baldintzak. Diputatuak kontratu horreetako bakotxari buruzko beste txosten bi aurkeztu ditu batzarretako taldeen aurrean. Lehiaketa horreetara 6 eta 4 enpresa aurkeztu ziran hurrenez hurren, esan dau.
EH Bildu eta PSE-EE taldeetako ordezkariek “denporea” eskatu dabe aurkeztutako dokumentazinoa aztertzeko, baina iragarri dabe “lehenengo irakurketan” txostenek lehiaketari buruzko “zalantzak” erakusten dituela.
AHALDUN NAGUSIAREN AGERRALDIAK
Goiz osoa luzatu dan eta Foru Aldundiko arduradun nagusien (Bilbao, Rementeria, Iruarrizaga eta Pradales) presentzia izan dauen iraskunde batzordearen saio berean, oposizinoko taldeek eskatuta Ahaldun Nagusiaren hainbat agerraldi egin dira. Jose Luis Bilbao hainbat gai azaltzeko etorri da Batzar Nagusietara: Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean, EB-ak, “opor fiskalak” dirala eta, ezarri dauen 30 milioi euroko isunari aurre egiteko lortu dan akordioa azaltzeko; Edesa enpresaren inguruko azken barriak emoteko; eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Habidite enpresa taldearen arteko hitzarmenak beteteko eskaria atzera bota dauen foru akordioari buruzko informazinoa emoteko, beste gai batzuen artean.
Luxenburgoko epaitegiak ezarri dauen isunari jagokonez, Bilbaok, hiru Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean lortutako “lurraldeen arteko koordinazino eta alkartasun” ariketea azpimarratu dau, eta Finantzen Euskal Kontseiluaren barruan isuna ordaintzeko lortu dan akordio hori “finantza eragina konpontzeko soluzinoaren barruan” sartzen dala adierazo dau. Bilbaok adierazo dauenez, “alkartasunezko sinu hori” Arabako lurraldeagaz emoten da “batez be”, izan be, Euskadiko beste administrazinoengaitik izan ez balitz, jarritako isunaren %65,85 Arabak hartu beharko leukelako bere gain, hasera batean Ogasun Ministerioak egindako kalkuluak kontuan hartuta.
Bilbaok, legez kanpoko laguntzak itzultzeko orduan berandutzeagaitik jarritako isunean daukan “erantzukizun parte alikuotea” onartu dau, kopuruen koantifikazinoa dala eta Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindu behar izan dauenarengaitik –4,5 milioi euro– jagokona, baina konpondu beharreko azkeneko espedientea Gipuzkoako enpresa batena zala adierazo dau. Holan erantzun deutso EH Bilduko bozeroaleri, aurretik “laguntzak berreskuratzeko prozesua luzatu egin dauela” aurpegiratu deutsalako.
EDESAREN EGOEREA
Beste alde batetik, Ahaldun Nagusiak eta batzarretako taldeek euren “ardurea” erakutsi dabe, CNA matrizeak Basauriko makinak eta markea erosi ostean CATAren esku geratu dan Edesa enpresaren etorkizuna dala eta. Bilbaok onartu dauenez, lantegian jarduerari barriro ekiteko aukerari buruzko barri gitxi dau, eta Edesako jaube barriek lantegi horretako jarduerari barriro ekiteko emon daben epea amaitu arte itxoiteko eskatu dau. Cataren eskaintzan adierazoten danez, 90 egunetan hasiko da barriro beharrean Basauriko lantegia. Ahaldun Nagusiak esan dauenez, epe hori joan dan urriaren 16an hasi zan, esleipenerako autoa sinatu zan egunean.
Bilbaok jakinarazo dauenez, Edesak hartzen dituan pabilioien jaubea Cata ez izatea “ez da atxakia edo oztopoa Cata enpresak jarduerari barriro ekin deion”, instalazinoak erabili ahal izateko alokairu kontratua sinatu daitekealako.
HABIDITE
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak bere “kulpea eta erantzukizuna” onartu ditu, Habiditeren industria proiektuan “sinisteagaitik”. “Proiektuaren sustatzaileek esaten ebenez, lanpostu asko sortuko ebezan”, baina gero “iruzurra egin jakun”, Aragoiko Gobernuari, Andaluziako Juntari edo Gipuzkoari egin jakon moduan. Gobernu zentralak eta Eusko Jaurlaritzak be miloi askoko partidak bideratu ebezan euren aurrekontuetan –5 eta 6 milioi euro, hurrenez hurren–, baina azkenean partida horreek “ez ziran gauzatu”, sustatzaileak dirua jarri behar eban unea heltzen zanean, proiektuak “porrot egiten ebalako”. “Hemengo jende askok, guk geuk, industria proiektu horretan sinistu genduan, eta gero iruzurra egin jakula ikusi dogu, ez dalako ezer egin”, esan dau.
Bere esku hartzean, Jose Luis Bilbaok esan dauenez, Alonsotegin etxebizitza modularrak egiteko lantegia eregiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Habidite enpresa taldearen arteko hitzarmenak beteteko erreklamazinoa atzera botaten eban Aldundiaren akordioa balio barik ixten dauen Euskadiko Justizia Epaitegi Gorenak (EJEG-TSJPV) 2014ko urriaren 9an emondako ebazpenak “ez dauka inolako ondorio ekonomikorik”. Bere berbetan, “akordio hori balio barik ixtea gauza formala baino ez da, eta ez dauka inolako ondorio ekonomikorik Aldundiarentzat, EJEG-TSJPV-ren epaiak berak, ganera, eskari ekonomikoari buruzko eskaerea atzera bota ebalako”.
Ahaldun Nagusiak esandakoa entzun ostean, oposizinoko taldeek (EH Bildu, PSE-EE eta PP) esan dabe epaiak ez dauela ondorio ekonomikorik izango gaur egun, “baina etorkizunean beharbada bai”. Joseba Gezuragarentzat (EH Bildu) daborduko badago kalte ekonomikoa. “Kostu ekonomikoa eragin dau Bizkaiko Aldundiarentzat, momentuz, epaiketaren kosten ordainketea Aldundiaren eta lurra kudeatzen dauen Azpiegiturak erakundearen gain jarten dauelako”.
Lorea Bilbao, EAJ-PNV-ren batzarretako bozeroalea, pozik agertu da “ez dagoalako ondorio ekonomikorik” eta esan dau “arazoa, hemen, batzuek, gauzak ondo dagozanean be, txarto ikusten dituela dala”.
Hemendik aurrera, kalte-ordainak dirala eta, egon daitekezan eskariei jagokenez, Ahaldun Nagusiak adierazo dau “momentuz, iruzurgile bati buruz berbetan gabiltzala, Ogasunari zor jakon diruari buruz, ustez gaizkilea dan pertsona bati buruz, epai irmo barik, baina Probintzia Auzitegiak hiru urteko kartzelara zigortua, eta enpresa jarduerak aurrera eroateko ezgaituta dagozan eta hartzekodunei, Bizkaiko Ogasunari, 35 milioi euro baino gehiago itzultzera zigortutakoei buruz”.
“INOZ EZ DOGU INOLAKO DELITURIK BABESTU”
Beste alde batetik, PP eta EH Bildu taldeek eskatuta, Ahaldun Nagusiak “barriro be” argitu gura izan ditu Jende Aurreko Adierazpeneko osoko bilkuran egin ebazan adierazpenak. Bertan, hiru legealdietan hainbat “miseria” ezagutu ebazala esan eban, eta, ondoren, “paradisu fiskaletara” joaten ziran “billete mordoak” eukiezan pertsonak hartu ebazala be onartu eban.
“Ez dogu inoz inolako deliturik babestu”. “Foru Aldundiak zigor alorreko legez kanpoko ekintza baten barri izan dauen bakotxean, fiskaltzari jakinarazo deutso”. Jarduteko modu horren barruan sartu dau Bizkaiko Ogasunak Internet bitarteko etxeko tresna elektrikoen salmentan hauteman dauen azken iruzurra. Adierazo dauenez, irailaren amaierako osoko bilkurako adierazpenetan “lizentzia dialektiko bat” erabili eban.