Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek Erakundeen arteko Mahaia deitzea eskatu dabe, Sestaoko alkarbizitzea "hobetzeko"

batzordea

Ekonomia eta Ogasuneko batzordea

Bilbon, 2014ko azaroaren 4an

Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egin dabe gaur, Aldundiak, Zuzendaritza Planaren Erakundeen arteko Mahaia deitzea “preminaz” eskatu daian, Sestaoko udalerriko “ekintzak integratuz”, bertan udalerri horretako alkarbizitzearen egungo egoerea landu daiten eta alkarbizitza hori “hobetzeko beharrezkoak diran lankidetza eta koordinazino neurriak adostu daitezan”. Ekonomia eta Ogasuneko batzordean adostu dan arauz besteko proposamena aurkeztu dauen PSE-EE taldeak salatu dauenez, topaketarako foro hori ez da alkartu “azkenengo urteetan”, Sestaoko tolerantzia “gero eta okerrago dagoan arren”. Proposamena onartu egin da PSE-EE, EH Bildu eta PP taldeen aldeko botoakaz. EAJ-PNV abstenidu egin da.

Udalak, Sestaoko alkarbizitzea berrindartzeko eta hobetzeko Plan Zuzendaria onartu eban 2002an. Plan horretan ardatz estrategikoak jasoten ziran hainbat arlotan, urigintzan, erkidegoko esku-hartzean, kulturan, enpleguan, segurtasunean edo partaidetzan, besteak beste. Plana organu biren lanean oinarrituta garatzen zan: Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Udaleko ordezkariek osotutako erakundeen arteko batzordea eta, ordezkari publikoez gain, Sestaoko hainbat alkartetako “18 kidek” be parte hartzen eben mahaia, gogoratu dau Javier García PSE-EE-ko batzarkideak.

Batzarkide sozialistak esan dau zoritxarrez plan horren babespean aurrera eroandako lana “arriskuan dagoala”, eta gaur egun Sestaoko alkate dan Josu Bergararen “berba xenofoboakaz eraso egin jakola”. Alkateak parkamena eskatu eban, ustez erroldan sartu gura ez ebazan pertsonak “kaka bat” zirala esan ostean. Alkateak geroago argitu ebanez, udalerrian segurtasun falta sortzen daben “gaizkileei” eta “gizalegezkoak ez ziranei” buruz ari zan.

Batzarkide sozialistaren eretxiz, parkamena eskatzea “ez da nahikoa”, beharrezkoa da hiru Administrazinoek, herritarren partaidetzagaz, alkarren artean aurrera eroandako beharrari barriro ekitea. Hori dala eta, Plan Zuzendaria osatzen daben organuak barriro deitzeko eskatu da. Azkenengo aldiz “2010ean” alkartu ziran.

EAJ-PNV eta PP taldeek kritikau egin dabe eskaerea Foru Aldundiari zuzentzea, mahaia deitzeko eskumena udalerriko alkatearena dala kontuan hartuta. Gonzalo Zorrillaren (PP) eretxiz proposamena “errazoizkoa” da, baina kritikau egin dau aurreko legealdian sozialistak zirala alkatetzan egozanak eta Erakundeen arteko Mahaia “ez zala askotan deitu”.

EAJ-PNV taldeak be bat egin dau kritika horregaz. Esan dauenez, zoritxarrez planari “hilten itxi jakon”, aurreko gobernu sozialistaren garaian, eta ostean azpimarratu dau gaur egun lankidetzarako esparrua dagoala hiru Administrazinoen artean (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Sestaoko Udala), Sestaoko alkarbizitzea berrindartzeko eta hobetzeko, soziedade barri biren bitartez: Sestao Bai eta Sestao Berria.


ONARTU EZ DIRAN PROPOSAMENAK

Beste alde batetik, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak ez dau onartu Batzordeko talde sozialistak aurkeztutako arauz besteko beste proposamen bat. Proposamen horretan eskaerea egiten jaken Administrazinoei, “hurreko” merkataritzarako “babesa” bilatzeko, 1964. urteko alokairu Legearen indarraldian alokautako lokalen kontratuak amaitzeko moratoria 2015eko urtarrilaren 1ean iraungiko dalako.

Ekimena ez da onartu, kontrako 8 boto (EAJ-PNV eta PP) eta aldeko 4 (EH Bildu eta PSE-EE) jaso ditualako. Helburua, beste ezer baino lehen, Espainiako Gobernuari, Zapateroren gobernuagaz onartutako 1994ko Legea “presaz” aldatzea eta errenta zaharreko alokairuak eukezan saltokientzako epealdia luzatzea eskatzea zan. Ganera, eskaerea egiten jakon Rajoyren egungo Gobernuari, ICO kreditu-lerroa edegi daian, “eragindako saltokien lokalak konpontzeko, egokitzeko eta aldatzeko”. Idazki berean eskaerea egiten jakon Bizkaiko Foru Aldundiari, “hiru hilebeteko epean, gehienez” merkataritza ondare historikoaren “babeserako plan integrala” egin daian eta merkataritza jarduerearen babeserako “ekintzak” gauzatu daizan.

Gonzalo Zorrillak (PP) ekimena “oportunistea” dala esan dau, moratoria amaitu baino “hilebete bi lehenago jokoaren arauak aldatzeko eskatzen deuskuelako”, trantsizino epealdiak “20 urte” iraun dituanean. “Zuek –sozialistak– legea aldatzeko aukera euki dozue, gobernuan egon zarienean”, esan dau. Batzordekide popularraren ustez, une honetan trantsizino epealdi hori luzatzeak “diskriminazinoa” eragin daike merkatarien artean, batzuek errenta zaharrak dituelako oraindino, baina beste batzuen lonjen alokairuak eguneratuta dagozalako daborduko.

Oscar Aranak (EAJ-PNV) esparru erregulatzaile “egonkorra” defendidu dau sektorearentzat, legean gertau daikezan “aldaketa azkarren” menpe egon barik. Bere esanetan, ez dakigu arazoak ze eragin daukan Bizkaian, eta bere ustez, sozialistek planteetan dabenak “beharrezkoa ez dan alarmea” sortzen dau gizartean. Batzordekide jeltzalea merkatariei zuzendutako laguntza planak aurrera eroatearen alde agertu da, negozioak itxi ez daitezan.


ITSAS BIDAIAZ HELTZEN DIRAN TURISTEI ESKAINITAKO INFORMAZINO TURISTIKOA
Beste alde batetik, Bizkaiko Batzarrek ez dabe onartu arauz besteko beste proposamen bat. Proposamen horretan eskaerea egiten jakon Aldundiari, gure Lurraldera itsas bidaiaz heltzen diran turistak zaindu daizan eta Bizkaiko eta Bizkaiko herrietako kultura-, ingurumen-, gizarte-, gastronomia- eta turismo-balioei” buruzko behar besteko informazinoa jaso daien “zaindu” daian. “Neurri gehiago, itsas bidaiaz heltzen dan turistak non dagoan jakin daian eta lurraldean egin daikezan ibilpide turistikoak ezagutu daizan”, defendidu dau Eduardo Andrade popularrak. PP taldearen proposamenak PSE-EE-ren aldeko eretxia baino ez dau jaso, eta EAJ-PNV eta EH Bildu taldeek kontrako botoa emon dabe.

Irene Edesak (EAJ-PNV) bere taldearen ezezko botoa justifikau dau, Getxon, –itsas bidaiak jasoten dituan Bizkaiko “udalerri bakarrean”– badagoalako daborduko betebehar hori, hau da, lurraldera itsasontziz heltzen diran bisitariei informazinoa emotea, betetan dauen turismo informazino puntu bat. Kritikau egin dau Aldundiari eskaria egitea informazinoa emon daian itsasontzi barruan, leku horretan eskumenak dituan bakarra “itsasontziaren enpresea dalako”.


IMANOL PRADALESEN AGERRALDIA

Batzordean, EH Bilduren batzarretako taldeak eskatutako agerraldi eskari bi bideratu dira, Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak, alde batetik, Ibar Zaharra soziedadeko behargin biri zabaldu jaken prozedura judizialari buruzko eta, bestetik, Denokinn enpresari emondako foru diru-laguntzei buruzko informazinoa emon daian. Azkenean, bigarren puntu hori kendu egin da eguneko gai zerrendatik, koalizino abertzaleak eskatuta, bere taldea “eskatutako dokumentazino bat jasoteko zain dagoalako”.

Ustezko iruzurra eta funts publikoen erabilera desegokia dala eta salatuak izan diran pertsonei jagokenez, Pradalesek adierazo dau Ibar Zaharra soziedadeko behargin bi horreek “ez dabela inongo iruzur edo funts publikoen erabilera desegokirik egin”, ustez simulautako lan harremana dala eta. Foru Aldundiak Ibar Zaharra soziedadearen akzinoen %22,5 dauka, Azpiegiturak erakundearen bitartez (beste %50 SEPI-ren esku dagoan Infoinvest soziedadearen esku dago, %22,5 Sprilurren esku eta ganerako %5 Sestaoko Udalaren esku).

Pradalesek iragarri dauenez, Ibar Zaharrako Administrazino Kontseiluak –bertako kapital sozialean Aldundiak leku “txikia” betetzen dau– aurkeztu beharreko helegiteak aurkeztu ditu, eta Bizkaiko probintziako fiskalak zabaldutako diligentzietan aurkeztu da. Diputatuak, gai horregaz espekulazinorik ez egitea eskatu dau, eta justiziari bere eginbeharra egiten ixteko. “Gogoratu behar deutsuet prozesua “sub iudice” egoeran dagoala, eta kontu handiz ibili eta prozesu judiziala errespetau behar dogula”. PP eta PSE-EE taldeak bat etorri dira Diputatuagaz, haren azalpenak entzun ostean. “Inputauta egoteak ez dau esan gura pertsona horreek errudun diranik”, esan dau Gonzalo Zorrilla popularrak. “Errubakotasun presuntzinoa errespetau behar da”, gehitu dau Isaac Fernández sozialistak.


HITZARMEN BI AHO BATEZ BERRETSI DIRA

Aldundiak beste euskal erakunde batzukaz sinatutako lankidetza-hitzarmen bi aurkeztu deutsez Batzarkide-Taldeei, eta hitzarmen biak aho batez onartu dira. Lehenengoa, Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoa, hau da, Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Nabigazino ganbera ofizialek sinatu daben akordioari esker sortu dan koordinazino organua, sortzeagaz dago lotuta.

Ganera, Bizkaiko Gobernuak, “Teknologia aeronautikoen espezialidade ikastaroa” barriztetako hitzarmenaren barri be emon dau, BFA/EJ Gela Aeronautikoaren barruan, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Hegan Aeronautika Klusterraren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean lortutako akordioaren ostean. Guztira, erakunde horreek “650.000 euro jarriko dabez” 2018. urtera arte. Kopuru horretatik 288.000 euro Aldundiak ordaindu beharko ditu (36.000 euro aurton, 72.000 2015ean, 2016an eta 2017an, eta beste 36.000 2018an).

Pradalesek azpimarratu dauenez, 2008an hasi zan hitzarmen hori barriztetea “oso garrantzitsua” da, unibersidadeko gazteak aeronautikaren arloan prestetako. Hitzarmen horri esker prestakuntza espezializaua emon jake “141 ikasleri”. Horreen arteko “%97,5ak” lanpostua aurkitu dau sektoreko “puntako” enpresetan, esan dau.