Batzar Nagusiek, autokarabanak aparketako gune bereziak jasoko dituan lurralde plana diseinetako agindua emon deutsie Aldundiari

Herri Lan eta Garraioetako Batzordea
Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie gaur Aldundiari, talde guztien aho bateko erabagiz, lurralde plan bat diseinau daian, Bizkaiak autokarabanak eta antzeko ibilgailuak aparketako leku bereziak euki daizan, hondartzetan eta intereseko uri-guneetan. PP-k bultzatutako ekimenak PSE-EE taldearen zuzenketa-eskea jaso dau, azterlan hori egiteko orduan “autokarabanen erabiltzaileen alkarteen eretxia kontuan hartu daiten”.
PP-ren eretxiz, hondartzetako aparkalekuetan eta “Guggenheim museoaren inguruak bezalako” Bizkaiko intereseko lekuetan egoten diran eta gaua igaroten daben furgonetak eta autokarabanak modu “desegokian” egiten dabe, eta horrek arazoak sortzen ditu leku horreetako ohiko erabiltzaileakaz. Jesús Isasiren ustez, lurraldean plaza bereziak eskini dira ibilgailu horreentzat, baina non dagozan kontuan izanda –intereseko turismo puntuetatik urrun– “gitxi” erabilten dira. Hori dala eta, bere taldeak proposamena egin dau, Aldundiak azterlana egin daian, leku egokiagoetan, holango ibilgailuek behar dituen oinarrizko zerbitzuak izango dituen plazak sortu ahal izateko.
Batzarretako ganerako taldeak (EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE) neurriaren alde agertu dira. Joaquín Colmenero sozialistak txalotu egin ditu holango azpiegiturak, azken urteetan autokarabanaz eta furgonetaz egiten dan turismoa “gero eta garrantzitsuagoa” dalako, eta autokarabanen erabiltzaileen alkarteen eretxia kontuan hartu daitela eskatu dau, horreek diralako ibilgailu horreen “beharrak inork baino hobeto ezagutzen dituenak”.
EH Bilduk eta EAJ-PNV-k be autokarabanak aparketako plazak sortzea defendidu dabe, baina horreen eragina jasoko daben udalerriakaz “koordinauta”. Aitor Torre koalizino abertzalearen bozeroaleak Sopelako Udalaren ekimena azpimarratu dau. Ekimen horren bitartez “Autokarabanentzako Bizkaiko lehenengo aparkalekua” sortu da, “60.000 euroko” inbertsinoa eginez. “24 plaza izango ditu”. Nerea Ahedo jeltzaleak azpimarratu dauenez Aldundia gune berezi horreek lantzen hasiko da, lehenengo jarduketea Urdaibain aurreikusita daukan Mobikortasun Iraunkorreko Planen barruan.
BI-3602 ERREPIDEA HOBETZEA KILOMETRO BI BAINO GEHIAGOKO ZATIAN, ZALLAN
Beste alde batetik, Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraio Foru Diputatu andreak, PP taldeak eskatutako agerraldian, BI-3602 errepidea hobetu egin dala jakinarazo dau, 24+840 eta 27+240 kilometro puntuen artean. Obra horren arduradun nagusia Foru Aldundia izan da, baina Zallako udal zerbitzuek be hartu dabe parte, eta hori dala eta, proiektua “ohikoa baino gehiago” luzatu da, Aldundiko arduradunak adierazo dauenez.
Obra horri esker, bideko segurtasuna hobetu egingo da, ikuspegi bitatik: “errepideko trafikoaren eta oinezkoen trafikoaren ikuspegietatik”. Jarduketea egin dan zatiak La Llana, La Isequilla, La Barga, La Flor, Ahedo eta Otxaran auzoak hartzen ditu. Lizitazinoaren aurrekontua 2.998.545,76 eurokoa da (BEZ barne), eta burutzapenerako epea 12 hilebetekoa da. Aurreikuspenak betetan badira, “datozan asteetan deituko da lizitazinoa”, iragarri dau Garamendik. Diputatu andreak azaldu dauenez, kopuru horri, 346.704 euroko balioa daukien udal obrak gehitu behar jakoz.
Bidearen hobekuntzari jagokonez, “trazaua hainbat puntutan hobetuko da, eta sarbideak be hobetuko dira”, horreen artean Muebles el Paraísoko sarbidea, bertan erdiko erreiak egokituko diralako, biraketak errazteko. Oinezkoen segurtasuna hobetzeko espaloia eregiko da, auzoak komuniketako, eta oinezkoek errepidetik ibili ez daitezan, “errepidetik ibilteak kotxeek harrapetako arriskua daukalako”. Ganera, zati horretan hiru autobus geraleku be diseinau dira. Horreetako bi Muebles el Paraíso parean egongo dira, eta azkena Otxaran auzoan, Balmasedako noranzkoan.
AMOREBIETA-GERNIKA ERREPIDEAREN LEHEN FASEKO OBRAREN EGOEREA
Beste alde batetik, EH Bilduk, Amorebieta-Gernika autobidearen lehenengo faseko lanen egoereari buruzko argibideak eskatu ditu. Beste puntu batzuez aparte, koalizino abertzaleak, jakin gura izan dau ea atzerapenik ete dagoan lanotan eta atzerapenon errazoia ea izan ete leiteken Autzaganeko tunelak egitean “akuiferoak eta iturburuak” agertu izana, eta baita hori dala-eta ea “gain-kostu” ekonomikorik egongo ete dan be.
Garamendik jakinarazo dauenez, urriaren 3an gai berari buruz izandako agerralditik ez da “barrikuntza handirik” gertatu. Egun haretan jakinarazo zan moduan, obrak amaitzeko aurreikusita dagozan epe “partzialak eta amaierakoak errazoiz ari dira beteten”. Meteorologiak horretarako aukerea emoten badau, aide zabaleko obrak “2015eko udabarrirako” amaitzea aurreikusten da, eta Urdinbideko tunelak be urte bereko “udabarri-udan” bukatuko dira.
Diputatu andreak adierazo dauenez, lur azpiko obra “une honetan” dago akuiferoaren inguruan. “Irazgaxteko injekzinoen burutzapen beharrak, aurkitutako materialera eta bertan dagozan ur-emarietara egokitu behar dira. Hori dala eta, gatxa da zehaztasun osoz esatea zati horren hondeaketa lanak noiz amaituko diran”, esan dau. Beharrezkoak diran baliabide eta ekipo guztiak prestau dira, epe hori “ahalik eta laburrena” izan daiten.
EH Bilduk egindako galderei erantzunez, diputatu andreak esan dau akuiferoen presentzia “aurreikusita egoala” URAk (Uraren Euskal Agentziak) eta Foru Aldundiko Ingurumen sailak baimendu eben eraikuntza proiektuan, eta bertan, medio hidrogeologikoa babesteko hartu beharreko neurriak aurreikusten zirala. Gai beragaz erlazionauta, Garamendik esan dauenez, orain arte, obraren burutzapenean “ez da oso ezuste ekonomiko garrantzitsurik egon”.