Aurreko Albisteak

AGENDA: URRIAREN 23AN. Nekazaritzako Diputatuak batzorderatu eta azalpenak emongo ditu "idi proba" baten hildako idi biei buruz

Bilbon, 2014ko urriaren 21an

Bizkaiko Talde Popularrak (PP) batzorderatzeko eskatu deutso Irene Pardo Nekazaritzako Foru Diputatu andreari, azaldu daian zer jazo zan Erandion, idi-probetan parte hartzeko zirala, idi bi hil izateko, ustez dopinaren ondorioz. Batzarkide-Talde horrek eskatzen dau Diputatu andreak argitu daizala dopin kasu horren inguruabarrak, erantzuleak, jarritako zehapenak eta animaliak parte hartzen daben herri kiroletan dopina detektatzeko erabilitako estrategiak.

Beste ekimen baten bitartez, PSE-EE alderdiak eskatu dau Aldundiak azaldu daizala Arrigorriagako hilerrian orkatz bat hil izanaz PACMAk eta APROVAk egindako salaketearen ingurukoak. Hain zuzen be ekainean jakin izan zan orkatz bat “indarkeriaz eta leku publiko baten su iskiluak erabiliz” hil ebela Nekazaritza saileko teknikari batzuk.

Beste alde batetik, PP alderdiak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat eztabaidatuko da. Ekimen horren bitartez, “Bizkaiko Batzar Nagusiek eskatu egiten deutsie Foru Aldundiari bertoko zugaztien egoerearen inbentarioa eta atlas kartografikoa egin eta argitaratu dagiala urte birik behin, 2015ean hasita” (...) “horretara errazago saihesteko itxikeria, ebaketa eta desagertze-egoerak”.

Sozialistek zuzenketa-eske bat aurkeztu deutsie ekimen horri, beste gauza bat be eskatzeko. Eskatzen dabe “bertoko zugaztien inguruan zor eremuren bat” zehaztu daiela Aldundiko teknikariek, “zugazti berezion aldameneko eremuetan bertoko zugatzak haztea ez eragozteko edo hazten badira ez kaltetzeko”. Isaac Fernández batzarkidearen aburuz, “eukaliptoen landaketek” esaterako “lehortu egiten ditue aldameneko lurrak eta horrek eragin handia dauka lurrotan dagozan bertoko zugaztietan, holakoen hedapena urrituz”.

Lotutako artxiboak: