Aurreko Albisteak

Gustavo de Maezturen triptikoa "Obra Gonbidatua" izango da Arte Eder Museoan

Arte Eder Museoak Obra Gonbidatua egitarauaren barruan aurton egingo dauen azken erakustaldia Gustavo de Maeztu (Vitoria-Gasteiz, 1887-1947) margolariaren triptiko monumentala izango da. “Euskal Lurra, Lirika eta Erlijioa” izenburua dau artelan horrek eta Bizkaiko Batzar Nagusien Gernikako egoitzan ikusi eitekean orain arte. Maeztuk 1922. urtean margoztu eban eta oraintsu berroneratu dabe Euskal Herriko Unibertsitate Publikoko adituek. Oraingoan, bada, egoitza izan ohi dauen Batzarretxeko leiarpeko aretotik urten eta Arte Eder Museora joango da margolana, sasoi-sasoian eta kolore-barriturik. Orain urte bi dirala, beste artelan batek be ibilbide bera egin eban, hain zuzen be “Bizkaiko jauna Foruak zin egiten” izenburuko koadruak.

Jon Andoni Atutxak aurkezpen-ekitaldian esan dauenez, koadru horri “Galarrena” izena ipinita deutsie batzarkideek. Artelan horrek ohorezko lekua hartuko dau Bilboko pinakotekan. Museoak antolatzen dauen “Obra Gonbidatua” egitarauan erakutsi dan 470. artelana da Gernikako hori. Egitarau horren bitartez, Museoak lan baten arte-balioak erakutsi gura ditu. Gustavo de Maeztu izan da, bada, oraingoan aukeratutako margolaria; Maezturen beste 9 olio eta 3 estanpa dagoz Museoko bilduman.

Triptikotzarra —zabaletara bost metro eta luzetara hiru metro ditu— osatzen daben hiru panelak “sasoi-sasoian” heltzen dira Bilbora, konponduta eta lehengoratuta. Beraz, aukera ederra egongo da Maezturen lana jatorrizko koloreek damotsen edertasunaz gozatzeko. Lizarrako Arte Eder Museoko zuzendariak, Javier Viarrak , dinoan lez, Maeztu “beti izan zan ausarta arlo horretan” eta hori argi ikusten da triptikoan. Izenburutik bertatik —Euskal Lurra, Lirika eta Erlijioa— margolariak berretsi egiten dau “triptikoaren edukin sinboliko handia”; izan be, benetako gertaera oso dramatikoa erakusten dau: “Gloriako Zapatuko galarrena” izenez ezagutzen dana, 1878ko apirilaren 20an Bermeoko berrehun arrantzale baino gehiago hil zituan enbata.