Aurreko Albisteak

Bizkaiak Bistibietako hondakindegiak sortzen dituan "usain txarrak" kentzea eskatu dau

Batzordea

Bilbon, 2014ko urriaren 9an.

Lemoan dagoan Bistibietako hondakindegiak hartu dau Batzar Nagusietan egin dan Nekazaritza eta Ingurumeneko batzordearen denpora gehiena. Oposizinoko taldeen (EH Bildu, PSE-EE eta PP) arauz besteko hiru proposamen aurkeztu dira, baimendutako hondakindegi horretatik sortzen diran “usain txarren” aurrean behin betiko konponbidea bilatzeko. Azkenean, batzordeak PP taldearen proposamena baino ez dau onartu. Proposamen horretan, Bizkaiko Kamarak, hondakindegitik datozan “usain txarrakaz erlazionautako osasun eta ingurumeneko arazoak dirala eta” daukan ardurea adierazoten da, eta “arazoaren jatorria berehala argitzeko beharra” bideratu behar jakola Eusko Jaurlaritzari adierazoten da. Bizkaiko Batzarrek, “arazo hori konpontzeko eta etorkizunean, inguru horretan, usainen, lixibatuen edo ingurunea kutsatzeko beste edozein bideren ondorioz sortu daitekean osasun eta ingurumen arloko edozein eragin saihesteko hartu beharreko neurriak” hartzeko eskatu dabe. Arauz besteko proposamena PP, EH Bildu eta PSE-EE taldeetako ordezkarien aldeko botoagaz eta EAJ-PNV-ren abstentzinoagaz onartu da.

EH Bildu eta PSE-EE taldeetako bozeroaleak, baina, oso kritiko agertu dira PP taldeak, Lemoako udalerrian aho batez onartu zan mozinoaren eukia jasoten eben euren ekimenak ez bultzatzeko hartu dauen jarreragaz. Bertan, eskaerea egiten jakon Eusko Jaurlaritzari, beste gauza batzuen artean, hondakindegia kudeatzen dauen enpresak, Ekonorrek, Eusko Jaurlaritzak berak ezarritako neurri zuzentzaileak bete daizan eta, aldi berean, Autonomia Erkidegoko administrazinoak neurri barriak ezarri daizan, usain txarren arazoa ez dala konpontzen ikusita. Neurri horreek “apliketako gatxak” edo “garestiegiak” badira, instalazinoa “aldi baterako edo behin betiko” ixtea be eskatzen zan.

PP ekimen bi horreen alde bozkatzearen kontra agertu da, ez dagoalako ados “arazoa ingurumen arloko hondamenditzat” hartzeagaz, edo Lemoak kalte-ordain ekonomikoa eskatzeagaz hondakindegia bertako lurretan dagoalako, edo instalazinoak ixtea eskatzeagaz. Arturo Aldecoaren (PP) eretxiz, PSE-k eta Bilduk Aldundiak bere egitea gura eben testuak “alarmea sortzen dau gizartean”. “Ez dogu munstro bat sortu”. “Arazo teknikoa da, eta ezin dogu beharrezkoa ez dan alarmismorik eragin”, esan dau. Jarrera horrek erantzun beroa sortu dau sozialisten aldetik. “Zure proposamena da gizartean alarmea sortzen dauena, osasun arloko arazo baten aurrean gagozala onartzen dauelako”, erantzun deutso Isaac Fernándezek (PSE-EE). Batzordekide hori harrituta agertu da jeltzaleen jarreragaz, Lemoako udalean mozinoaren alde agertu ziralako eta Batzarretan ez dabelako gauza bera egin.

EAJ-PNV-k ez dau hiru proposamenetako bat be bultzatu gura izan, bere ustez eztabaida hori udalerrian emon dalako, eta Batzar Nagusiak ez diralako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari jagoken gaia lantzeko lekua. Zuriñe Argatxa jeltzaleak adierazo dauenez, inplikauta dagozan administrazinoek “eten barik dagoz gai horri buruz berbetan”, arazoa konpontzeko, eta gogoratu dau martxoan Eusko Jaurlaritzak “azkenengo” agindeia egin eutsala enpreseari, araztegi bat martxan jarri daian, hondakindegiko lixibiatuak tratetako. Aurrekontua “onartuta dago”, eta lana noiz egingo dan zain gagoz. Ganera, gogoratu dauenez, enpresa kudeatzaileak “abuztuan” estali eban inerteen eta inertizauen hondakindegian sortzen diran urak batzen dituan baltsea, egin jakon beste eskakizun bat betez.

EH Bilduk adierazo dauenez, hondakindegiak, “txapapoteen, amiantoen eta Zabalgarbiko errautsen” garbiketeak sortutako hondakinak jaso ditu. Iosu Madariaga Ingurumeneko diputatuak ezetz esan dau, eta guzurtau egin dau azpiegitura horrek energia birsorkuntzako plantako errautsik jasoten dauenik. “%100ean, inoiz ez da errautsik zuzenean eroan” Zabalgarbitik Lemoako hondakindegira. Foru Aldundiko arduradunaren erantzuna ikusita, koalizino abertzaleko ordezkariak bere proposamena baztertzea erabagi dau, proposamen horretan, Sader enpresatik igaro ostean “erraustegiko” errautsak moduko “hondakin arriskutsuak” Bistibietara “heltzen” dirala salatzen zalako.


ARTIGASEKO HONDAKINDEGIA LAGATZEKO HITZARMENA

Amaitzeko, Iosu Madariaga Ingurumeneko diputatua, berak eskatuta agertu da Bizkaiko Kamaran, erakunde horren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetzarako hitzarmenaren barri emoteko, Bizkaiko uriburuan sortutako uri hondakinak Aldundiak kudeatzeko eta Artigaseko hondakindegia lagateko.

Bere esku-hartzeari hasierea emoteko, diputatu jaunak, hitzarmena “garrantzitsua baino gehiago, ezinbestekoa dala” esan dau, Bizkaiko Uri Hondakinen II. Plan Integralaren helburuak lortu ahal izateko. Plan horren iraupena 2020. urtera heltzea dago aurreikusita. “Beharbada akordio hau garrantzi eta oihartzun handi barik igaro da medioetatik, baina benetan dinotsuet, oso gertakari garrantzitsua dala”, “Lurraldea Europako eskariei erantzuna emoten deutsen ingurumenaren aldetik aurreratua dan kudeaketa ereduan sartzeko prozesuari amaierea emoten” deutsalako, esan dau. “Estaduko lurralde asko gure enbiditan dagoz. Eta danon artean lortu dogu”. Holan, “norberaren interes partikularren gainetik guztion onura bilatzen daben administrazino, alderdi eta pertsona guztiak” zoriondu ditu.

Hitzarmen horren barruan, Bilboko Udalak, Madariagaren berbetan “estrategikoa” dan azpiegitura bat lagaten dau, Artigaseko hondakindegia. Diputatuaren berbetan, azpiegitura hori, Bizkaiko kudeaketa sistema integraua “ixten” dauen azpiegiturea bilakatuko da. “Estrategikoa” da, bere kokalekua kontuan hartuta, eta Eusko Jaurlaritzaren ingurumen arloko derrigorrezko baimena daukalako.

Aldundiak 44,4 milioi euro ordaindu beharko ditu, baina kopuru hori ez jako Udalari zuzenean ordainduko, “datorren hamarkadan jasoko diran hondakinen tratamendua dala eta ordaindu beharreko prezio publikoari aplikau beharreko hobari” baten bitartez konpentsauko da, esan dau. “Lan arloko gatazkak saihesteko”, hitzarmen horren barruan Artigaseko hondakindegiko beharginen subrogazinoa be jasoten da, 2015eko abenduaren 31n kontratua amaitzen dan arte.

Batzarretako taldeen eretxiz, akordioa “albiste bikaina” da. María Presaren (EAJ-PNV) eretxiz, tratau bako hondakinen kopurua “hutsa” izateko falta zan “piezea” da. PSE-EE taldetik zorionak emon jakoz Aldundiari, “oztopo gogor hori gainditzegaitik” eta uriko hondakin solidoen tratamenduaren zikloa ixteko aukerea emoteagaitik. Isaac Fernándezek traba bat baino ez dau jarri. Bere ustez, adostutako prezioa –44,4 milioi euro– “garesti samarra” da.

EH Bilduk “zalantza” bat planteau dau, Artigasek “ixteko epe bat” aurreikusita ez izatearena. Asier Vega batzordekideak uste dau positiboa da hondakindegira zuzenean joango dan hondakin bat be ez egotea, baina eskaerea egin deutso Aldundiari, bosgarren edukiontziaren bitartez hondakin organikoen batuketa azkartu daian. “Hori da gure puntu ahula”, onartu dau Madariagak.


ARBOLEN INAUSKETEA ZUGAZTIETAN

Beste alde batetik, batzordeak EH Bildu taldearen Arauz besteko proposamen bat onartu dau, Aldundiak, Zugaztieta eta Ostion pozuaren arteko mendi-hegalaren mantentze lan egokia egin daian –arbolak argitzea edo inaustea–, inguru horretan landatuta dagozan arbolek ez daien baltsaren “ikuspegia oztopatu” auzotik. Edorta Rodrigo EAJ-PNV-ko ordezkariak iragarri dauenez, Foru Aldundiak datorren neguan egingo dau inausketea. Ekimenak EH Bildu, PSE-EE eta EAJ-PNV taldeen aldeko botoa jaso dau. PP taldea abstenidu egin da, bere eretxiz, aurretik bertako biztanleei galdetu behar jakelako.

Beste alde batetik, batzarretako EH Bildu taldeak baztertu egin dau, Aldundiari, Zugaztietan dagozan Parkotxa, Ostion eta Blondis baltsak lotzeko oinezkoentzako pasealekua eregiteko proiektuaren “jende aurreko aurkezpena” egitea eskatzen eban Arauz besteko bere proposamena. Asier Vegak autortu dauenez, ekimena aurkeztu ostean, hobekuntza hori jasoten eban txostena argitaratu eban Aldundiak.