Aurreko Albisteak

AGENDA: urriaren 9an. Oposizinoak inplikazinoa eskatzen deutso administrazinoari, Bistibietako zabortegiari darion "kiratsa" ezabatzen laguntzeko

Bilbon, 2014ko urriaren 8an

Lemoako Bistibietako zabortegiak interesa eragin dau oposizinoko Batzarkide-Taldeen artean. EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk bakotxak bere aldetik Arauz Besteko Proposamen bana aurkeztu dabe, hondakin inerte eta inertizatuentzako zabortegi dan horrek eragindako arazoak konpontzen bilatzearren. Sozialisten aburuz “arazoa dator gure kostaldean behinola batu zan galipota Bistibietako Zabortegira eroan zanetik hona”.

Orokorrean, Taldeek eskatzen dabe Batzar Nagusiek Lemoako Udalagaz bat egin eta eskatu deioela Eusko Jaurlaritzari aplikatu daizala “neurri zuzentzaile barriak” egoerea arintzeko edo, bestela, aldibaterako edo behin betiko itxi daiala instalazino hori, baldin eta neurriak aplikatzeko gatxegiak edo garestiegiak balira.

Beste Arauz Besteko Proposamen baten bitartez, EH Bildu Taldeak gura dau Bizkaiko Batzar Nagusiek eskatu egin deioela Foru Aldundiari “aurkezpen publiko bat egin dezala Parkotxa, Ostion eta Blondis putzuak lotuko dituen oinezko pasealekua egiten 240.997,32€ gastatzeko arrazoiak azaltzeko”. Era berean, koalizino abertzaleak eskatzen dau “udalerrian edozein proiektu egiteko asmoa duen bakoitzean, tramitazioa eta burutze lanak aktibatu baino lehen” herritarren parte hartzea bideratu daiala eta Trapagaranen goikaldean “egin dituen obra guztiak behar bezala berreraiki eta manten ditzala”.

Meatzaldetik urten barik, Talde horrek beste Arauz Besteko Proposamen bat aurkeztu dau eskatzeko “Bizkaiko Foru Aldundiari behar bezalako mantenua egin dezala Arboledatik Ostion putzura dagoen magalean: zuhaitzak hustu edota kimatzea, e.a., modu horretan aberastasun paisajistikoa manten dadin”, “Arboledako putzurako hegalean landatutako zuhaitzak hazi direnez” ezin dalako “herritik putzua eta ingurua ikusi”.

Azken aztergaia Iosu Madariaga Ingurumeneko Foru Diputatu jaunaren batzorderatzea izango da. Batzorderatze horretan, bada, argibideak emongo ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbon sortutako hiri-hondakinak kudeatzeari buruz eta Artigaseko hondakindegia Bizkaiko Foru Aldundiari lagatzeari buruz Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sinatutako lankidetza-hitzarmenari buruz.

Lotutako artxiboak: