Aurreko Albisteak

AGENDA: urriak 8. Zugaztieta, Done Jakue bidea edo Galeako gotorlekua, Kultura Batzordeak aztertuko dituan lehenengo gaiak udaroaren ostean

La Arboleda

Bilbon, 2014ko urriaren 7an

Batzar Nagusien Kultura eta Euskerako Batzordea eguaztenean, urriaren 8an, batuko da lehenengoz udaroaren ostean, eta zazpi arauz besteko proposamen eztabaidatuko ditu. Horreetako lau izango dira Trapagaraneko Zugaztieta meatzari-auzoan zenbait ekimen bultzatzeko. Beste laurak Galeako gotorleku eta itsasargiari, Bizkaiko Done Jakue bideari edota gure herrialdean egon leitekezan kobazuloetako irudiak eta eleizetako zein ermitetako muralak dokumentatzeko kamara espektralak erabilteari buruz izango dira.

Saioa goizeko 11:30etan hasiko da, hain zuzen be EH Bildu taldeak Trapagarango Zugaztietako Aldundiarena dan aterpetxeko kirol-kantxari buruz. EH Bildu taldeak eskatzen dau kirol-kantxa horren argiak biztu daitezala goiz iluntzen dauen egunetan, neguan, auzokideek erabili ahal izan dagien, argiak barrualdetik baino ezin leitekezalako biztu. Bizkaiko Talde Popularrak (PP alderdiak) beste proposamen bat aurkeztu dau gai berari buruz, eta eskatzen dau aterpetxea hutsik dagoanean Trapagarango Udala arduratu daitela argiak bizteaz, eta horren kostua bere gain hartu dagiala.

Beste alde batetik, talde horrek eskatu egin gura deutso Aldundiari, beste arauz besteko proposamen baten bitartez, ez dagiala barriztu Meatzalde Goikoa Kultur Elkarteari Trapagarango Zugaztietan dagozan foru lurretan eskulturen parke bat jarteko emondako baimena. Proposamenaren arrazoiketan Arturo Aldecoa batzarkideak hauxe esaten dau: “oraintsuko gertakari batzuk dirala-ta, emoten dau proiektu hori bideragarritasunik ezera heldu dala”.

Meatzaldean jarraituta, PP alderdiak gainontzeko taldeen aldezkotasuna bilatzen dau Eusko Jaurlaritzari eskatzeko abiarazo daiala Bizkaiko Meatzaldeko Paisaia ondasun kulturaltzat, “Monumentu Multzo” kategoriarekin, izendatzeko espedientea. “Multzo horretan bereziki sartuko dira Trapagaran, Abanto eta Zierbena, Zierbena, Ortuella, Muskiz, Barakaldo, Alonsotegi, Gueñes, Galdames eta Sopuertako udalerrietako eremuak”.

Bizkaiko Talde Popularraren beste ekimen batek eskatzen dau Getxoko La Galeako itsas-argia eta gotorlekua Ondasun Kulturaltzat, Monumentu Multzo kategoriarekin, izendatzea. Eusko Jaurlaritzari eskatzen jako, hain zuzen be, “presaz abiarazo daiala” Getxoko Galeako gotorlekua ondasun kulturaltzat izendatzeko espedientea, egoera “penagarrian” dagoalako. Aldecoa batzarkidearen ustez, hori ez da oztopo Eusko Jaurlaritzak “EAEko defentsa osagai garaikideei buruz —horreen artean Galeako gotorlekua— egin gura dauen azterlana” egiteko.

Beste Arauz Besteko Proposamen bategaz, PP alderdiak gura dau Batzar Nagusiek Aldundiari eskatzea “Done Jakue bidea Bizkaian berreskuratzeko urte betez haraindiko Osotasunezko Plana atondu eta aurkeztu dagiala Batzar Nagusiotan 2015. urteko lehenengo seihilabetekoan, bide horren adar guztiak hartuko dituana”. Plan horretan udalen, beste administrazinoen eta erakunde pribatu eta publikoen parte hartzea ahalbideratuko da eta helburutzat izango da datozen sei urteetan bide hori berreskuratzea Bizkaian daukazan adar guztietan, trazatua, zorua, pasabideak eta igarobideak hobatuta eta erromesei informazinoa, atsedena eta laguntza eskaintzeko azpiegiturez horniduta.

Azkenik, beste arauz besteko proposamen baten bitartez, Bizkaiko Talde Popularrak proposatu gura dau “kamera multiespektralak” erabiltea bultzatu dagiala Aldundiak, helburua izanik gaur egun ikustezinak diran margoak (kobazuloenean, arkeologia aztarnategietan, eleizetan eta eraikinetan) erregistratu eta dokumentatzea.

Lotutako artxiboak: