Aurreko Albisteak

Aldundiak "beherakada handia" aurreikusten dau Gizarteratzeko Laguntza Berezien eskarietan

Batzordea

Bilbon, 2014ko irailaren 29an

Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak iragarri dauenez, aurton “beherakada handia” aurreikusten da Gizarteratzeko Laguntza Berezien eskarietan. Uztailaren 31ra arte “232” eskari egin ziran. Hau da, urte amaierara arteko datuak estrapoletan badira eta 2013an egindako “608 eskariakaz” alderatzen badira, beherakadea “%34koa” izango da. Ehuneko hori harik eta handiagoa da 2012ko “687” eskariakaz alderatzen bada. Aldundiak aurreikusi dauenez, ekitaldi honetan “1.300.000 euro inguru” inbertituko ditu Diru-Sarreren Berme Errenta (DSBE-RGI) jasotzeko aukerarik ez daukien eta gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dagozan 23 urtetik beherakoek osatutako taldeari laguntzeko.

Diputatuak azpimarratu dauenez, bere sailak “jasoten diran eskari guztiak” erantzuten ditu. Beherakada iraunkor horren “arrazoiak” –Ardanzaren berbetan– “Bizkaira bakarrik heltzen diran adinbako atzerritarren kopuruan izandako jatsiera” da, laguntza horreek, etorkinen oinarrizko beharrak betetera bideratzen diralako, batez be. Beherakada hori dala eta, 2014. urtean laguntza horreei aurre egiteko hasera batean aurreikusitako aurrekontu partideak "50.000 euroko" soberakina erakutsiko dau, eta kopuru hori, gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dagozan beste talde batzuei zuzenduta egongo da. “Zehatzago esanez, drogamenpekotasunaren mundutik datozan pertsonari zuzendutako 27 plaza dituan” eta joan dan ekainean martxan jarri zan “Abegi Ostatu” egoitzaren gastuak ordainduko ditu, eta baita “buruko gaixotasunak daukiezan eta baztertuta geratzeko arriskuan dagozan pertsonei” arretea eskintzen jaken beste zentro bateko beste gastu batzuk be.

Ardanzak, EH Bildu taldeak eskatutako agerraldian emon ditu datu horiek. Talde abertzaleak azalpenak eskatu ditu, azaldu daian Aldundiak zergatik “murriztu” dauen Gizarteratzeko Diru-laguntzen partidea eta argitu daian nora bideratuko dan partida honetatik murriztutako dirua. Ardanzak ezeztau egin dau murrizketarik gertatu danik. Diputatuak esandakoa entzun eta gero, Amaia Agirresarobe Bilduko batzordekideak salatu egin dau 2010. urtean “4 milioi euroko” aurrekontua izan eban zerbitzu horren murrizketan Aldundiak bete izan dauen lana. Bere eretxiz, Diputatuaren agerraldia “ezkutatzea eta manipulazinoa” izan da, baina, geroago, Ardanzak hori ez dala holan izan adierazo dau.

“Ezkutatzerik eta manipulazinorik, ezta inondik inora”. Ardanzak adierazo dau murrizketa hori 2011ko azaroan izandako lege aldaketeagaz be badagoala erlazionauta (Azaroaren 24ko 4/2011 legea, Diru-Sarreren Bermerako eta Gizarteratzeko Legea aldatzen dauena). Lege horrek “ondorioak” izan ebazan, prestazinoa jaso ahal izateko eskakizunak aldatu egin ziralako. Aldundiak “hilebete geroago” egokitu eban lege hori, eskari hori egiten daben eta DSBE-RGI-ren babesa lortzen ez daben pertsona “guztiei” laguntza emoten jarraitzen dauen Foru Dekretuaren bitartez.

Azalpenak Bizkaiko Ganbarako ganerako taldeak konbentzidu ditu. Eduardo Andrések (PP) adierazo dauenez, eskarien murrizketea “positiboa” da, eta kritikau egin dau EH Bilduk eztabaida hori Batzar Nagusietara “hirugarren aldiz” eroan izana. “Sobran” beteten dira behar guztiak, eta ganerako dirua gizarte bazterketa egoeran dagozan pertsonei dago zuzenduta, esan dau Jon Larreak (EAJ-PNV). Juan Otermin batzordekide sozialistaren eretxiz, diputatu andreak emondako erantzuna “logikoa eta nahikoa” da.


GETXON TOPAGUNEA EZARTEKO ESKARIA

Beste alde batetik, Gizarte Ekintzako Batzordeak, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamen bat onartu dau. Proposamen horretan eskaerea egiten jako Aldundiari, “Getxoko Udalagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz beharrezkoak izan daitekezan tramiteak eta alkarrizketak hasi daizan, Deribazio Judizialaren Bidezko Familia Topagunea martxan jarteko Getxon”. Ekimenak, saioan egon diran PP, PSE-EE eta EH Bildu taldeetako 6 ordezkarien aldeko botoa eta EAJ-PNV-ko sei ordezkarien kontrakoa jaso dau. EH Bilduko ordezkari bat ez egotearen ondorioz gertatutako bardinketea, boto ponderauaren mekanismoaren bitartez ebatzi da (29 batzarkide alde eta 22 kontra).

Popularren ekimenaren alde agertu diran taldeen eretxiz, “krisian” dagozan familientzako topagunea “beharrezkoa” da, Bizkaian dagozan ganerako lekuak “oso beteta” dagozalako, Eduardo Andradek (PP) esan dauenez. Juan Otermin (PSE) bat etorri da popularrekin, zabaltze hori “Getxoko Osoko Bilkurako gehiengoaren borondatea errespetetea” izango litzatekela esatean. Getxoko Udalak gai berari buruzko antzeko eskaria onartu dau orain denpora gitxi egindako osoko bilkura batean.

EAJ-PNV bat etorri da ekimenaren “izpirituagaz”, baina, bere ustez, zabaldu aurretik, Eskumaldeko herrian hori egitearen “bideragarritasuna” balorauko dauen “beharren azterlana” egin beharko litzateke. Eginbehar hori Eusko Jaurlaritzaren esku dago, bera dalako Deribazio Judizialaren Bidezko Familia Topaguneen gaian “eskumenak” dituan erakundea. Ainara Aretxabaleta jeltzalearen ustez, badagoz “behar gehiago daukien beste udalerri batzuk”. Ez dau lehentasuneko gai moduan ikusten, kontuan hartzen bada 2013an ganerako puntuetan “Getxoko 11 umeri” eskini jakela arretea, bere berbetan. Alternatiba “logikoa” Bilboko topagunea indartzea izango litzateke.


FAMILIA-HARRERAREN INGURUKO SENTSIBILIZAZINO KANPAINEA

Saio berean, Aldundiak, familia-harreraren inguruko sentsibilizazinoa lantzeko eta familia-harrera bultzatzeko kanpainea zabaltzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sinatuko daben lankidetza-hitzarmena aurkeztu dau. Hitzarmen hori, Bizkaiko ikastetxeetako lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako “irudi eta kontakizun lehiaketan” gauzatuko da, Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatuak azaldu dauenez. Hitzarmenaren testua aho batez berretsi da.

11 eta 12 urteko umeei zuzendutako lehiaketak “ikasleakaz eta, bide batez euren familiakaz, familia-harreraren gaia lantzen jarraitzeko aukerea emongo dau, familian alkarregaz bizitzeko beste modu bat dala erakutsiz eta horren beharra daukien umeei laguntzeko sentsibilizatuz”.