Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek ez dabe onartu 14 urtetik beherakoek doan bidaiatzea Bizkaiko herri garraioan

Batzordea

Bilbon, 2014ko irailaren 26an

Bizkaiko Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak ez dau onartu 14 urtetik beherakoentzat herri garraioa doan izatea eskatzen eban Socialistas Vascos taldearen (PSE-EE) Arauz Besteko Proposamena. Ekimen horren bitartez, eskaera egin gura jakon Aldundiari, Bizkaiko Garraioen Partzuergoan egin beharrekoak egin daizan 14 urtetik beherakoek doan izan daien Bizkaiko Lurralde Historikoan gaur egun ibilten diran garraio “guztiak” erabiltea. Ekimena ez da onartu, kontrako 6 botogaz (EAJ-PNV), aldeko 4gaz (PSE-EE eta PP) eta 3 abstentzinogaz (EH Bildu).

Neurria Joaquín Colmenero batzordekide sozialisteak defendidu dau, eta azpimarratu dau 14 urtera arte –gero proposamena 16 urtera arte luzatu da, PSE-EE taldeak PP-ren zuzenketa eskea onartu dauelako– herri garraioa erabili ahal izatea aukera bikaina izango litzatekela herri garraioaren “etorkizuneko erabiltzaileengan inbertitzeko”. “Familien egoera ekonomiko larria arintzen eta gazteak fidelizatzen lagunduko leuke, etorkizunean erabiltzaile izan daitezan”. Bere defentsan, Colmenerok, doakotasun hori apliketan daben urien adibide batzuk aitatu ditu, doakotasun hori “13 urtetik” beherakoei eskintzen jaken Gijon adibidez, edo “tarifa edo bono bereziak” ezarri dituen lekuak, “Bartzelona, Girona, Lleida, Madril edo Donostia”, beste batzuen artean.

Azkenean onartu barik geratu dan ekimenak PP-ren zuzenketa eske bat be jaso dau, tarifen hobari hori 16 urtera arte luzatzeko. Jesús Isasik, PP taldeak batzordean daukan bozeroaleak, azaldu dauenez, helburua adina luzatzea da, derrigorrezko hezkuntzaren adinagaz “bat etorri daiten”, holan, euren ikastetxeetatik 4 kilometro baino gitxiagora bizi diran eta eskolako garraiotik kanpo dagozan ikasleen garraio beharrei erantzun ahal izateko. Isasik adierazo dauenez, bere taldeak gai horri buruzko Arauz Besteko Proposamen bat aurkeztuko dau.

Batzarretako EAJ-PNV eta EH Bildu taldeen eretxiz, beste talde biak planteautako doakotasuna “inkoherentea” eta “populistea” da. “Hauteskundeak heltzen diranean egiten diran planteamentuak dira”, aurpegiratu deutsie Jon Larrea jeltzaleak. Bi talde abertzaleak, bizikidetza unidadearen edo familiaren errenten araberako beherapenak apliketearen alde agertu dira, zer edo zer egitekotan. “Ez dau emoten zuzena danik danontzat doan izatea”, esan dau Larreak. Bilduren eretxiz, Gizatrans txartelaren (65 urtetik gorakoentzako titulua) filosofia gazteei luzatzea izango litzateke. Txartel horregaz, “BBVA-ko erretirau batek, bestelako alargun edo pentsiodun batek edo baliabide gitxiagoko beste edozeinek daukan tarifa bera ordaindu behar dau”.

EAJ-PNV taldearen eretxiz, badagoz sozialisten proposamenaren “ontasuna zalantzan jarten daben” hainbat alderdi. Jon Larrea jeltzalearen ustetan, ekimenaren helburuak “txalogarriak” izan daitekez, baina 14 edo 16 urtera arte doan izateak “ez dau esan gura politika hori beherapenak eskintzeko politikea baino eraginkorragoa danik” bezeroak erakarteko orduan. “Egia esan, ezer kostetan ez dana ez da baloretan, edo oso gitxi baloretan da. Seguruenez, gazteak herri garraiora bideratzeko egokiagoa izango da euren familia eta gizarte ingurunean garraio publikoa erabilten dala eta garraio publiko hori kalidadekoa dala ikustea”, defendidu dau.

Talde jeltzalearen eretxiz, kalidadeko herri garraioa lortzeko “jasangarritasun ekonomikoa guztiz beharrezkoa da, eta hori ez da doakotasunagaz lortzen”. EAJ-PNV taldeko ordezkariak adierazo dauenez, kontuan izan behar da garraioak administrazinoen laguntza “handia” jasoten dauela eta, ganera, lehendik be apliketan jakezala beherapenak gazteei. Ganera, PSE-EE eta PP taldeei galdetu deutse ea “zuzena” iruditzen jaken “bizkaitarrok 16 urtetik beherakoen aisia bidaiak ordaindu behar izatea”.


LAB-EN PRESENTZIA BIZKAIBUSEKO AKORDIOAREN JARRAIPENERAKO BATZORDEAN

Saio berean, batzordeak ez dau onartu EH Bildu taldeak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamen bat, Herri Lan eta Garraioetako Sailak LAB sindikatuari Bizkaibusen jarraipenerako mahaian egotea “laga deion”. Koalizino abertzaleak salatu egin dau sindikatu hori, ganerako sindikatuek eta Aldundiak orain arte egindako 7 bileretatik “baztertua” izan dala, ez ebalako akordioa sinatu. Ekimena baztertu egin da, kontrako 6 botogaz (EAJ-PNV), aldeko 3gaz (EH Bildu) eta 4 abstentzinogaz (PSE-EE eta PP).

Ganerako taldeen eretxiz, sindikatu abertzalea bera izan zan orain urtebete ELA, UGT, CCOO eta USO sindikatuek eta Herri Lan eta Garraioetako Sailak sinatu eben akordioaren jarraipenerako mahaitik “kanpo geratu zana”. Akordio hari esker indar barik geratu ziran Bizkaibuseko emakidadun barriek beharginen subrogazinoa lortzera bideratuta egozan mobilizazinoak. “Aldundiak ez dau inor baztertzen, LAB izan zan bere burua baztertu ebana, ez ebalako akordioa sinatu”, erantzun dau Nerea Ahedo jeltzaleak, eta azpimarratu dau sindikatu horrek bileretan parte hartzeko aukera daukala, akordioa sinatzen badau.


PP TALDEAK BAZTERTU EGIN DITU AURKEZTU BEHAR EBAZAN ARAUZ BESTEKO PROPOSAMEN BI

Horrez gain, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) baztertu egin ditu batzordean aurkeztu behar ebazan Arauz Besteko Proposamen bi, bere eskari biak bete egin dirala ulertu dauelako: autobus markesina baten instalazinoa Barakaldoko Labe Garaien etorbideko 2. zenbakian, eta Artxandan errepideko herri garraioa ezartea. Orain arte Bizkaibusek eskintzen eban zerbitzu hori Bilbobusek eskiniko dau hemendik aurrera.