Aurreko Albisteak

"Costa Calma – el Festín", unibertsitateko talentu gazteen beste erakusketa bat Batzar Nagusietan

Bilbon, 2014ko irailaren 11n.

UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearen ikasleen lana plazaratzeko, bada, erakunde horren eta Bizkaiko Batzar Nagusien arteko lankidetzaren eskutik, beste erakusketa bat atondu da Matxalen Oñate eta Mikel Ruiz lizentziatuen lanarekin. Euren ibilbidean bat egin dabe alkarregaz batera atondutako erakusketa-proiektu baten, Unibertsitatean egiten ari diran doktoradutza ikasketen osagarri. Estilo oso ezbardinak daukiezan artista biren alkarrizketea, Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa-Aretoan ikusgai egongo dana irailaren 30era arte.

Praktika artistiko heterogeneotatik abiatuta —Oñate Pintura masterrean dago eta Ruiz Ikerketa eta Sormenekoan— 25 lanez osatutako proiektu hau prestatu dabe, bakotxaren tankerea azaltzen daben banakako artelanetan eta alkarrekin egindako beste batzuetan.

Matxalen Oñatek dino: “Costa Calma espazio aldagarria da, non, piezak kokatu, bildu eta erlazionatzen diren. Piezak tartekatzea eta topaketa berriak suertatzea xede nagusia duen prozesu ludikoa.” Jira-birak bilatzen ditu, gai berari buruzko ikuspuntu zabalagoa aurkitzeko, eta ikuslea piezak ikutzera gonbidatzen dau.

“Banderak, estandarteak, paretan zintzilikatutako oihalak, Pop Up hedatuak, paperezko pieza txikiak, mosaikoak eta bideoak. Bidai baten oroitzapenak, merkatu bat, kanpindenda arrosa eta berdea” dino berak. “Costa Calma” izena jarri deutso.

Mikel Ruizek, bestalde, haurtzarorik urrunenera jo dau familiaren argazki bildumaren bitartez, piktorikoki eraldaturik “desagertutako hainbat oroitzapen berreskuratu nahian”. “Inkontzienteki ahaztutako bizipenen birplanteaketa” erakusten dau lanotan.

“El Festin” izeneko horren bitartez, azken urtean zehar burututako ikerketa eta sormen lana biltzen dau Mikel Ruizek, eta bertan festaren kontzeptuaren eta bere prozesu artistikoaren artean egon leitekezan parekotasunak planteatzen ditu. Bere ikuspegitik, “festa eta prozesu artistikoa intentzionalak diren bi ekintza izateaz gain, ospatze edo burutze konpromezu zehatz batzuk eskatzen duten bi jarduera dira.” Eta esan dau be “nolabaiteko elkartopaketa bultzatzen duten bi mundu hauek, eskaintzen duten askatasunaren bidez egunerokotasuneko mugak apurtzeko edo hauetatik urruntzeko aukera opa zaigu”.

Jesús Meléndez irakaslearen eta erakusketearen komisariaren koordinazinopean, artista biok hiru zatitan banatu dabe erakusketa-aretoa. Espazio bi bardinak, bat bakotxarentzat, eta aretoaren beste zati baten alkarpuntu txiki bat, batera egindako lanak erakusteko, “lan bateratua, uniformea eta egituratua”, Louis Bougeois eta Tracey Emin artisten “Do not abandon me” proiektuaren moduan, baina euren lenguaiarekin.

Lotutako artxiboak: