Enkarterrietako Museoak guztientzako kultur proposamen zabala eskainiz hasiko dau ikasturtea

Enkarterrietako Museoak guztientzako kultur proposamen zabala eskainiko dau 2014-2015 ikasturtean. Bizkaiko Batzar Nagusiek Abellanedako batzarretxean (Sopuertan) daben kulturgune horretan erakusgai dagoz eskualdearen bizimodua eta historia aztertzeko eta gureganatzeko osagaiak (artelanak —orijinalak zein erreprodukzinoak—, maketak, planoak, argazkiak…), eta horreen lagungarri, tailer praktikoak dagoz Bizkaiko eskola-umeek era atseginean eta jolasgarrian ikuspegi argiagoa izan daien eskualdearen historiari buruz. Ikasturte honetarako barritasunen artean nabarmentzekoa da “Enkarterriko ontzi mundua” izeneko aldibaterako erakusketea, urte biko azterlanaren emaitza, eskualde horrek Erdi Aroan hasita itsasketan, gauza ia ezezaguna izan arren, izan dauen tradizino handiaren barri emon gura dauena
ZABALIK DAGO TAILERRETARAKO IZENA EMOTEKO EPEA
Urtero lez, kultur egitaraua eskola-umeentzako tailerrakaz hasiko da. Enkarterrietako Museoak zabalik dau tailerretan parte hartzeko Bizkaiko eta inguruko ikastetxeek izena emoteko daben epea. Tailerrak ohikoak dira (Historiaurreko tailerra, erromatarren garaiari buruzkoa, eta Erdi Arokoa). Beste alde batetik, igaz hasi zan bideari jarraituz, aurton be “Batzar gaitezen Abellanedan” izeneko ekimena egingo da, gazteek Enkarterriko Batzarrak hobeto ezagutu daiezan.
Parte hartu gura daben ikastetxeek hitzordua eskatu leikie Museoko telefonoen bitartez (94 650 44 88 / 94 610 48 15) zein posta elektronikoaren bitartez (enkarterrimuseoa@bizkaia.eus). Joandako ikasturtean 8.890 eskola-umek hartu eben parte ekimen didaktiko horreetan, sekulako gehien Museoaren historian. Museora 395 talde etorri ziran, gehienak Bizkaikoak, baina Kantabriakoak eta Gipuzkoak be bai.
Joandako ikasturteko barritasunik nabarmenenak izan ziran, batetik, “Batzar gaitezen Abellanedan” izeneko tailerra”, ekimenak dirauen artean DBH eta Batxilergoko ikasleak Abellanedako Batzarretxeko batzarkide bihurtu eta erakundearen ezagutza sakonagoa izan daien; eta bestetik, “Erromatarren atzetik” izeneko ekintza didaktikoa, orduko garaietara bidaiatu eta erromatarren inperioak eskualdean itxi ebazan aztarnak ezagutzera bideratutakoa.
Irakasleek zein ikasleek hain ondo hartu dabenez Bizkaiak —Enkarterria barruan dala— mendeetan zehar izan dauen eraketa politikoa eta administratiboa era atseginean eta parte hartzailean ezagutzeko ekimen hori, Museoak erabagi dau tailer hori barriro egitea eta sendotzea. Ekimenaren bitartez, ikasleak Batzar Nagusi bateko batzarkide bihurtzen dira eta aukera dabe Batzar Nagusien egitekoak eta ahalmenak zeintzuk diran ezagutzeko.
HISTORIAURREKO, ERROMATARREN AROKO ETA ERDI AROKO TAILERRAK
Lehenengo, Historiaurreko eta Erdi Aroko tailerrak hasiko dira urrian. Historiaurrekoan, ikasleek harrizko lanabesak egiten, sua egiten eta kobazuloetako hormetan margoak egiten ikasten dabe. Erdi Arokoan, esate baterako, arte erromanikoaren inguruko ezagutza lantzen da —eleiza bat zelan eraikitzen dan— eta idazkera gotikoaren oinarriak azaltzen dira. Geroago etorriko da “Erromatarren atzetik” izeneko tailerra; ikasleek erromatarren garaira bidaiatuko dabe eta era atseginean eta bizian ezagutuko dabez zibilizazino horren osagairik nagusienak.
ESZENA ARTEAK
Museoak eutsi egingo deutse ume gazteenek oso gustoko dabezan ekimenei. Hain zuzen be, “Bizi zure kontua” eta “Sortu dezagun gure munstroa” deritxenei. Lehenengo horren bitartez, lehen hezkuntzako umeak historiaren protagonista bihurtzen dira, antxinakoen bizimodua zelango zan ikusi daien. “Sortu dezagun gure munstroa” ekimenaren bitartez, ikasleek ezagutu ahal izango dabez gure eleiza, komentu eta ermitetan dagozan izaki fantastiko horreek zer diran. Tradizinoa ezagutarazoteko apustu horren barruan be, zenbait “kontu kontari” etorriko dira Museora, umeek kontuen mundua gozatu daien.
Enkarterrietako Museoak aurton be eskualdeko ikastetxeakazko alkarlanari ekingo deutso. El Pobaleko olagaz baterako ekintza gauzatuko dau, bisitaldi gidatuen bitartez ikusi ahal izateko burdingintzak eta olek eskualde honen bilakaeran norainoko garrantzia izan daben.
ALDIBATERAKO ERAKUSKETAK
Maiatzetik hasita ikusgai dago “Bizkaiko azken maisu jostunak” izeneko erakusketea. Abenduan hasiko da “Enkarterriko ontzi mundua” izenekoa. Almiranteak, jeneralak, kapitaiak, merkatariak, kontrabandistak, zamariak, arrantzaleak, alturako eta baxurako pilotuak, kortsarioak… Enkarterriko kostaldeko —batez be Somorrostroko Haranekoak eta Portugaleteko uribildukoak— marinelak entzutetsuak izan ziran mendeetan zehar. Enkarterrietako Museoak must egingo dau Enkarterriaren eta itsasoaren arteko hartu-emonean, urte biko ikerketearen emaitzari buruz atonduko dauen erakusketa horretan.