Aurreko Albisteak

Aurtengoa bigarren abuzturik onena izan dau Gernikako Batzarretxeak bisitari-kopuruari jagokonez

Gernika

Udaroan izandako bisitari-kopuruak barriro be erakutsi dau Gernikako Batzarretxeak daukan erakargarritasuna. Bisitari-kopuruari jagokonez, 2006. urteko abuztuan baino ez ziran gehiago etorri. Aurtengoan 28.731 bisitari izan ditu Batzarretxeak, hau da, iaz baino %16 gehiago. 2013. urteko abuztuan baino ia 4.000 bisitari gehiago. Aurtengo datuetatik beste gauza bat be azpimarratu leiteke: inoiz baino turista atzerritar gehiago izan dira, aintzat hartuta 2003. urtean hasi zala datuon bilketea.

Gernikako Batzarretxearen eremuak, Gernikako Arbolea dagoan lekuak hain zuzen, bataz beste 900 bisitari izan ditu egunero-egunero abuztuan. Bisitarien artetik, %84a Euskal Herritik kanpotik etorri dira, inoiz baino euskal herritar gehiago etorri dan arren Gernikara. 2013ko abuztuan 3.796 etorri baziran be, aurtengo abuztuan 4.750 izan dira, ia-ia mila gehiago.

Zenbakiok argi izten dabe Bizkaira datozenentzako derrigorrezko bihurtu dala Gernikako Batzarretxea eta Arbolea ikusten joatea. Urdaibaiko Bisofera Erreserbearen bihotzean egonik, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza dan Batzarretxera etorri diranak 20.000 eta 30.000 artean kokatu gehinkez azken bost urteetako abuztuko datuei erreparatuta: 2009ko abuztuan 23.632 izan ziran; 2010eko abuztuan, 23.702; 2011ko eta 2012ko abuztuan hogeita sei milatik gora (26.501 eta 26.264, hurrenez hurren). 2013ko zenbaketea 24.767 bisitaritan geratu zan.

Aurtengo abuztuan 28.731 bisitari izan dira, iazkoan baino %16 gehiago. Datu horrek erakusten dau Batzarrretxea Bizkaiko kultura-turismoko bigarren lekurik bisitatuena dala, Guggenheim museoaren ostean.

Udaroan beste autonomi erkidego batzuetako eta atzerriko turistak etorten dira batez be Batzarretxera; sasoi honetan turismoa batez be familikoen artekoa izaten dala gogoratu beharra dago. Estaduko beste leku batzuetatik etorten diranen artetik (guztirakoaren %77a dira), kataluiniarrak dira gehienak. Horreen ostean, valentziarrak, madrildarrak eta andaluziarrak dagoz.

Atzerriko turistei jagokenez, Europako herrialde handietatik etorten dira batez be. Guztira 4.861 bisitari izan dira, Batzar Nagusiek datuok jasoten hasi ziranetik kopururik handiena hain zuzen be. Batzarretxera guztira etorritako bisitarien artetik %17a atzerritarrak izan dira, eta porzentaje hori 2013. urtetik 3 puntutan hazi da. Europearren artetik, herena Frantziatik etorri da; frantziarren ostean, italiarrak, alemaniarrak eta ingelesak, hurrenez hurren.

Batzarretxeak daukan erakargarritasunari esker, mila bisitaritik gora izan dira 13 egunetan. Abuztuaren 21ean etorri zan bisitaririk gehien, 1.996 pertsona hain zuzen be. Urtearen amaierarako 100.000 bisitaritik gora izango ditu Batzarretxeak barriro be, turistez gain hainbat eskola-ume joaten dalako Batzarretxea ikustera ikasturtean zehar.