Sestaori buruzko argazki-erakusketea Zarautzeko Photomuseum-era doa
Erakusketearen irudietako bat
Enkarterrietako Museoa Bizkaiko Batzar Nagusiena da eta Sopuertako Abellaneda Auzkoko Batzarretxean dago. Museoan "Sestaon Biziz: Industria-kulturaren amaiera” izeneko erakusketea inauguratu zan urrian, Iñaki Izquierdo argazkilari sestaoarraren eskutik. Erakusketea urtarrilera arte egon da bertan eta orain Zarautzeko Photomuseum-ari itxi jako. Hortxe egongo dira aldibaterako erakusgai ezkerraldeko argazkilari horren 53 argazki zuri-baltzezkoak, baita erakusketarako argitaratutako liburu baten bildurik be.
Argazki-erakusketa honekin Enkarterrietako Museoak omenaldia egin nahi deutso Sestaori, bigarren mendeurrena beteten dau-eta; gogotara ekarri nahi da Sestaok izan dauan ibilbide industriala eta Enkarterrian izan dituan sustrai sendoak. Azken alderdi hori berariaz berreskuratu nahi izan dau Museoak, nahiko ahazturik egoalako. “Sestaon Biziz: Industria-kulturaren amaiera - Viviendo en Sestao: fin de una cultura industrial" deritxan argazki-bilduma honek Sestaok izan dauan azken aldaketa-prozesua iruditan erakutsi eta aldikada luzearen amaiera gogotara ekarten deusku, industriaren berebiziko eraginez moldatutako herriaren eta herritarren islada.
Iñaki Izquierdo Muxika argazkilari sestaoarra bera be partaide da eregiten dauan historian, eta horrek emoten deutsan esperientziaren ikuspuntutik atondu dau erakusketea. 1965. urtean jaiotakoa eta La Iberiako aldapan, Labe Gariaen itzalpean eta langileen joan-etorri artean hazitakoa izanik, kontatzen dauanetik aldendu ezin eta sasoi hareetaik gaur arte izaniko aldaketearen gauzarik esangura¬tsuenetan jarten dau indarra: batetik langileak “metatzeko” pentsatutako uriaren urigintza zatarrean eta, bestetik, inguru horretara moldatu eta gizabidetasun handiko alkartasuna izan daben gizakiengan.
Artista sestaoar horrek berariaz ekiten deutse desagertuz doan bizimodu horri eta Sestaok bizi dituan aldaketei. Alderdi guztiok alkarturik agertzen diranez Sestao lako toki txiki horretan eta denbora-tarte laburrean, kontraesanak-eta nabarmenagotu egiten dira. Argazkilariak baina, ez dau uste isolatutako kasua danik, gizartearen prozesu orokorra deritxo, edozein uritako edonorentzako interesekoa nonbait.
Iñaki Izquierdo argazkilari dokumentalistea da, ez dau eszenan parte hartzen eta begien aurrean gertatzen danaren lekuko bihurtzen ditu argazkiak. Bapateko jazoerak argazkitan atara edo irudi estatikoak lasaitasun osoz jaso edo argazkietan agertzen diran pertsonekin hartuemonak izaten ditu, kameraren presentziarik ahalik eta murritzena bilatuz, naturaltasunik haundienaren bila. Argazki-teknikea, positibatua eta aurkezpena ondo zaindu dira ahalik eta kalidaderik handieneko irudia lortzearren, argazkilariak helburutzat dau-eta benetazko esperientzia geureganatzea eta egunerokotasuna osatzen daben zehaztasun eta testurak argazki-pelikulan atrapatzea.
Iñaki Izquierdoren argazkiak amaituz doan sasoien azken lekukotza dira, oraindino asko ez dala bizirik egoan sasoia, baina denbora hain azkar doanez, urruneko begitantzen jakun sasoia, hain urruneko ze gauza batzuk ahazturik be baditugula. Erakusketearen katalogoan badago Portugaleteko Juantxu Rodríguez argazkilari zanaren argazki bat, non Iñaki Izquierdo bera dagerren. 1983. urtean, argazkia ateraten ari jakola erreparatu barik, Iñaki Izquierdo bera itsasadarrean arraunean agertzen da Juantxu Rodríguezen argazki baten, erakusketa honen giltzarri eta gune dan Sestao industrialean, non bertako herritarren bizimodua ondu eta moldatu dan.
Juantxuren argazkia argazkien eta bizitzaren arteko loturaren erakusgarritzat jo geinke. Iñakiren lanean iragana begitantzen jaku, argazkitan atara dauan espazioan bizi izan dauana; Juantxuk atara eutsan argazkia lekuko da Iñaki han egon zala guri erakusteko.