EHUko eta Basalaneko adituak: "Gernikako Haretxa bizi-bizirik dago, baina ahulduta dagoanez behar baino arinago egokitu da udagoienerako"

Gernikako Aretxaren egoera kezkagarria ikusita, Bizkaiko Batzar Nagusiek presazko zenbait neurri hartzea erabagi dabe abuztuan, eukal askatasunen ikur dan Gernikako Batzarretxeko 28 urteko haretxa egonkortu eta bere egoerea hobatzeko. Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko eta Basalan basogintza-zerbitzuetako enpresako adituek azpimarratu dabe “arbolea bizi-bizirik dagoala, baina ahulduta” eta azaldu dabe gora-behera metereologikoagaitik eta ahulezi horregaitik udagoien-egoeran sartu dala behar baino arinago. Adituek esan dabe anilisiek erakutsi dabela arboleak ez daukala inguruan Armillarea Mellea onddorik, aurreko haretxaren bizialdiaren amaierea ekarri eban gaixotasuna hain zuzen be.
Batzar Nagusietako Lehendakaria kezkatuta azaldu da arboleak gaur egun daukan ahuleziagaitik. “Euskal askatasunen ikurra da Gernikako Arbolea, ehundaka eta ehundaka urte dituan ikurra, denboran zehar iraun dauena eta iraungo dauena, 2004an bertan sartu zan 28 urteko haretx horrek irudikatzen dauena. Izaki biziduna da, bai, baina ez da hazi guk nahi izango genduan bestean” esan dau Ana Madariagak, eta argitu dau hedabideen aurrean agertu gura izan dabela hitzegiteko “gai erabat tekniko bati buruz, inondik inora ez dana gai politikoa edo alderdikeriazkoa”.
Miren Duñabeita EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko irakasle titularrak azaldu egin ditu “sustraiak oxigenatzeko eta arbolearen metabolismoa hobatzeko” zeintzuk izan diran hartutako neurriak. Azaldu dau “oxigenorik ez izate horrek aldaketa fisikoak, kimikoak eta biologikoak eragiten dituala lur-zoruan, eta arbolearen hazkunde prozesuan kalte handia” ekarri dauela, “eta ganera, energia sortzeko gaitasuna gitxitu egiten da modu nabarmenean, eta elikagaiak eta ura sustraietatik hartzeko gaitasuna oztopatu egiten da. Horrek guztiorrek asko ahuldu dau arbolea eta arriskuan jarri da arbolearen biziraupena. Beraz, babes neurri moduan, eta neguari aurre egin ahal izateko, arboleak behar baino arinago gorde dau orrietako esnea”.
Hurrengo hilabeteetan hartuko diran neurriak zehaztu ondoren, Duñabeitia irakasleak esan dau “Gernikako Haretxaren kokagunea ez dala oso egokia (eraikinez eta porlanez inguratuta, hezetasun handiko leku ilunean) eta horrek erakutsi beharko leuskigula etorkizunean bertan egon daitezan haretxek nekez iraun leikiela aurrekoek iraun daben beste. Beraz, aintzat izan behar dogu gutarikoen belaunaldi batek gaur egun Gernikako Batzarretxearen esparruan egon eta euskal askatasunen ikur dan Haretx Zaharraren ondorengo bat baino gehiago ezagutuko dauela”.
Bere aldetik, Kepa Txarterina Basalan basogintza-zerbitzuetako enpresako injeniari tekniko agronomo eta funtzionariok zehatz-mehatz zerrendatu ditu abuztuan egindakoak. Txarterinak esan dau datorren neguan aztertu beharko dala zein dan Haretxaren kimetzen egoerea eta arbolearen garapen begetatiboa dana dalako neurriak hartzea erabagi aurretik.