Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie Barakaldoko Udalari, ez daian Loiolako urtegiko ura erabili, kontsumorako egokitasunari buruzko berme guztiak beteten ez diranean
Gaur, astelehenean, ekainaren 30ean, alkartu dan Batzar Nagusietako Nekazaritza eta Ingurumeneko batzordeak, Euzko Abertzaleak (EAJ-EAJ-PNV) taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat onartu dau, EH Bildu taldeak sartutako zuzenketa-eske bigaz, Barakaldoko Udalari eskaria egiteko, prekauzino printzipioa aplikau daian eta Loiolako urtegiko ura ez dala erabiliko bermatu daian, Udal hori dalako horretarako eskumena daukan erakunde bakarra. Proposamenak aldeko 11 boto (Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Bizkaiko Talde Popularra) eta abstentzino bi (Socialistas Vascos) izan ditu.
Horrez gain, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egiten deutsie Barakaldoko Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta Bilbo-Bizkaia Ur Partzuergoari, kutsadura eragin daikien foku kutsatzaile guztiak eta isurpen, aireratze eta galera guztiek eragindako kutsadura guztia suntsitu daien, uztailaren 20ko 1/2001 Errege Dekretuak agintzen dauen moduan.
Euzko Abertzaleak Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenari EH Bilduk aurkeztutako gehikuntzazko bigarren zuzenketa-eskearen bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egiten deutsie Barakaldoko Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta Bilbo-Bizkaia Ur Partzuergoari, urtegia oso-osorik garbitu daien, hondakinak barru, analitiken emaitzak holan adierazoten daben kasu guztietan.
Horrez ganera, Batzar Nagusiek eskaria egin dabe, erakunde horreek, gai horren inguruan aurrera eroaten diran erabagi eta jarduketa guztiei buruzko aldizkako informazino zehatza zuzendu deien halan eskatzen daben udal taldeei, talde ekologistei eta bizilagunen erkidegoei eta talde sozialei.
Bere zuzenketa eske biak onartu diranez, EH Bilduk baztertu egin dau, Barakaldoko hainbat biztanle erkidegok ur hornidura saretik deskonekteteari buruz aurkeztu dituan eskariak bideratzeko aurkeztu behar eban Arauz Besteko Proposamena.
María Presa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak adierazo dauenez, Arauz Besteko Proposamenaren helburua “biztanleen nasaitasuna bermatzea da”.
Isaac Fernández Socialistas Vascos taldeko batzordekideak, Arauz Besteko Proposamena kritikau dau, bertan “usteez egiten dalako berba”. Bere parte hartzean, Loiolako urtegiko uraren kalidade ona abaletan daben hainbat txosten irakurri ditu, horreen artean, urtegian dagozan hexakloroziklohexano (HCH) kontzentrazino ebaluazinoari buruzko txosten bat, Uraren Euskal Agentziak, URA-k, egindakoa, eta Barakaldoko herritarrek jasoten daben horniduraren kalidadeari buruzko berme guztiak eskintzen dituana.
Fernándezek, bere abstentzinoa justifiketako orduan, “gaur egun egiten dan gauza bat egitea eskatzeak ez daukala zentzunik” adierazo dau. Ganera, Barakaldoko Udala, deitzen jakon bilera guztietara joaten dala gehitu dau, Arauz Besteko Proposamenak eskatzen dauen moduan.
BEHATOKIEN ETA BEGIRALEKUEN EGOERAREN AZTERLANA
Batzar Nagusietako Nekazaritza eta Ingurumeneko batzordeak aho batez onartu dau Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena, Batzarrek eskaerea egin deioen Bizkaiko Foru Aldundiari, Bizkaian dagozan behatokien eta ikuslekuen egoerearen inguruko azterlana egin daian eta, kasu bakotxean eskumenak eta ardurak dituen erakundeen eta administrazinoen artean mantentze lan eta balioan jarte egokia bultzatu daian”.
Arturo Aldecoa proposamena aurkeztu dauen taldearen bozeroaleak proposamena justifikau dau, “Foru Aldundia dalako behatoki eta ikusleku horreen egoerea baloretako eta horreen ardurea daukien administrazinoen eta erakundeen esfortzuak batzeko beharra ondoen egin daikean erakundea, elementu horreen balioan jarte osoa lortzeko”.
BILBOKO ITSASADARREKO BEGIRALEKUA LARRAÑETAN (TRAPAGA)
Batzorde berean, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako Arauz Besteko beste Proposamen bat be onartu da. Bertan, Batzarrek eskaerea egiten deutsie Foru Aldundiari, Larrañetan (Trapaga) dagoan Asturiastarraren Zelaiaren ondoko behatokia egokitzeari eta, zugatzak, bidexkak, umeentzako jolasak… izango dituan aisiarako gunea sortzeari buruzko azterlana egin daian, etorkizunean, Udalagaz eta herritarren alkarteakaz lortu beharreko akordioak lortu ostean, balioan jarte egokia bultzatzeko. Proposamenak aldeko 10 boto jaso ditu (Euzko Abertzaleak, Socialistas Vascos eta Bizkaiko Talde Popularra) eta EH Bildu taldearen abstentzinoa. EH Bilduko bozeroaleak bere abstentzinoa justifikau dau, ez dalako harremanik bultzatzen inguruko biztanleakaz proiektuak aurrera aterateko, eta proiektu horreen artean Golf Zelaia edo Meatzaritzako Ospitalea aitatu ditu.
OINEZKOENTZAKO PASEALEKUA ZUGAZTIETAN
Iosu Madariaga Ingurumeneko Foru diputatua Bizkaiko Talde Popularraren eskariz agertu da Batzordearen aurrean, Trapagan dagoan Zugaztieta inguruko Parkotxa, Ostion eta Blondis pozuen artean oinezkoentzako oholezko pasealekuak egiten ari diran beharrak azaltzeko.
Madariagak azaldu dauenez, eskolako egunetan joaten da jente gehien parkera, inguru horretatik pasealdi didaktikoak egiten dituen ikasle taldeak, batez be, baina jaiegunetan be jasoten ditu bisitariak. Ingurumeneko Foru diputatuak azaldu dauenez, 800 metroko distantzia gaindituko da, hormigoizko zapaten gainean jarritako egur landuzko oholezko zoladura ez labangarrizko igarobide biren bitartez. Beharrak uztailean bukatuko dira, eta panel didaktikoakaz osatuko dira”, gehitu dau.