Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek, Txirrindularientzako Bizkaiko Bideen Foru Arauaren Proiektua onetsi dabe

Abellaneda

Abellanedan, 2014ko ekainaren 27an.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, txirrindularientzako Bizkaiko foru bideei buruzko Arau proiektua onetsi dabe gaur, barikuan, ekainaren 27an, Abellanedako Batzar Etxean egin dan iraila arteko azkenengo osoko bilkuran. Proiektu horren helburu nagusia “motordunak ez diran garraio baliabideen erabilerea erraztea eta sustetea da, eta horreen artean bizikletaren erabilerea, eguneroko garraiorako ibilgailu gisa, nazinoarteko estrategian arlo horretan biltzen diran ildo nagusiakaz bat etorriz”.

Proiektua, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Bizkaiko Talde Popularra (PP) taldeen aldeko botoakaz eta EH Bilduren abstentzinoagaz onartu da. Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako foru diputatuak, bere eretxiz “Bizkaian uri arteko mobikortasun iraunkorraren garapena hobetzen lagunduko dauen” araudia aurrera aterateko jasotako laguntzea eskertu dau.

Osoko Bilkurak, aho batez oraingoan, PP-k taldeak, exekuzino hipotekarioaren ordezko neurri moduan ordainean emotea errazteko kargak baliobakotzeari buruz aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamen bat be onartu dau. Holan, Aldundiak baliobakotu egingo ditu ohiko etxebizitzaren gainean dagozan tributuen zorretatik sortutako kargak, baliabiderik bako hipoteka zordunak babesteko preminazko neurriei buruzko errege lege-dekretuan jasoten diran balizkoetan.


FELIPE VI, "BIZKAIKO JAUNA"

Felipe VI.ak Bizkaiko Jaun titulua izaten jarraituko dau, Batzar Nagusien Osoko Bilkurak, Espainiako erregeak aintzatespen historiko hori erabilteari itxi deion EH Bilduk aurkeztu dauen proposamena baztertu ostean. Mozinoak PP eta PSE-EE taldeen kontrako botoak jaso ditu, eta EAJ-PNV abstenidu egin da.

Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak, Espainiako erregeari "Montblanc-eko eta Cerverako duke eta Balaguer-eko jaun" tituluak kentzeko Katalunian onartu dan antzeko ekimena gogoratu dau. Ganera, Erregetzan orain denpora gitxi izandako aldaketea, “diktadore hiltzaile madarikatuak lotuta eta ondo lotuta itxi ebana betirako luzatzeko ahalegina” izan dala esan dau. Horrez gain, “benetako haustura demokratikoa” eskatu dau.

Esther Martínez Bizkaiko Talde Popularreko ordezkaria oso gogor aritu da euren ustez “erridikulua” dan EH Bilduren proposamenaren kontra. “Zuek zulo batean ikasi dozue historia, eta Bizkaiko Jaunari buruz Eraztunen Jaunari buruz egingo zeunkien moduan egiten dozue berba”, esan dau Martínezek, EH Bilduko taldeari zuzenduz. Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeko Juan Otermin batzordekideak, bere aldetik, 1978ko Espainiako Konstituzinoa onartu ostean sortutako erregimen demokratikoaren legetasuna defendidu dau, eta, gogoratu dauenez “Euskadin be baiezkoa jaso eban”. Bere eretxiz, EH Bilduren ekimenak “aurre-eretxiak eta gurariak nahasten ditu, eta ez dago justifikauta”.

EAJ-PNV-ko Lorea Bilbaoren eretxiz, eztabaidea “ustela eta alperrekoa” da, eta EH Bilduri bere “iraganeko akatsak gogoratu deutsaz, orain 35 urte Txibertan gertatutakoa” edo, orain denpora gitxi, 2011ko hauteskundeen ostean, Amaiur taldeko Xabier Mikel Errekondo ordezkariak Zarzuelako jauregira egindako bisitea”, besteak beste.


EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN JAIA

"Ez daukat ubikuotasunaren dohaina, ezin naz egun eta ordu berean leku desbardin bitan egon”, izan da José Luis Bilbaok Iñaki Egaña batzordekide sozialistari emondako erantzuna, harek joan dan ekainaren 1ean Balmasedan ospatu zan Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren XXIII. edizinoan Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ez ebalako parte hartu azalpenak eskatu ostean.

Egun haretan Gernikan ospatu zan Bizkaiko Ikastolen jaira (Ibilaldia) joan zan José Luis Bilbaok bere txandea baliau dau Ibilaldiaren eta Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren antolatzaileei eskaerea egiteko, hemendik aurrera “zorrotzago” aritu daitezan, ekitaldi biak egun berean izan ez daitezan.

Osoko Bilkurak, oposizinoak egindako ahozko beste erantzun-eske batzuk be jaso ditu, Zugaztietan (Trapaga) dagoan titularidade publikoko Meaztegi Golfaren egoereari, Etxebizitzen Foru Planean hutsik dagozan etxebizitzen parkeari eta 2013an Soziedadeen Zergaren erregimen berezietan eta, zehatzago esanez, Sustapen Soziedadeetan, agertu dan iruzurrari, buruzkoak.

PP-ko Esther Martínez batzordekideak “Zugaztietako golf zelaia gitxiegi erabilteari buruz” egin dituan kritikei erantzunez, Josune Ariztondo Kultura diputatu andreak “Meaztegi Golf zelaiaren erabilera mailea defendidu dau, egunean 120 erabiltzaileraino erregistretan ditualako”, eta baita Bizkaiko ikasleen artean kirol hori sustetako orduan egindako beharra be. “Une honetan 1.140 federazino lizentzia dagoz”. Esther Martínezek “Instalazinoetan 20 milioi euroko inbertsino publikoa egin dala” be esan dau.

Imanol Pradales Ekonomiaren Sustapeneko diputatuak, EH Bilduk egindako galderari erantzunez, Foru titularidadeko etxebizitzak horreen beharra daukien pertsonen alde mobilizetako orduan Aldundiak “erabateko eraginkortasunez” jardun dauela esan dau. Horren adibide moduan, Pradalesek, 2013ko apirilean Bermeon hainbat higiezin suntsitu ebazan suteak kaltetutako pertsonak etxebizitza horreetara eroatea, eta baita aste honetan bertan Getxon gertatutako kaleratze kasu bat, aitatu ditu. “Udalagaz alkartu ostean, Alokabidek konponbidea eskini deutso familia horri”.

EH Bilduk planteau dauen 2013an Soziedadeen Zergaren erregimen berezietan eta, zehatzago esanez, Sustapen Soziedadeetan, agertu dan iruzurrari jagokonez, José María Iruarrizaga Ogasuneko foru diputatuak “bere sailak ez dituala datu horreek esan dau, informazino hori ez dalako garrantzitsua”.