Foru Aldundiak adierazo dauenez, Lezamako lehengo tiro-lekua ez dago Eusko Jaurlaritzaren lurzoru kutsatuen inbentarioaren barruan
2008an itxitako Lezamako lehengo tiro-lekuaren lurrak ez dagoz Eusko Jaurlaritza prestetan ari dan Euskadiko lurzoru kutsatuen inbentarioan, Irene Pardo foru diputatu andreak Bizkaiko Batzar Nagusietako Nekazaritza eta Ingurumeneko batzordearen aurrean adierazo dauenez.
Pardo, Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak aurkeztutako agerraldi eskaria dala eta azaldu da. Talde horren helburua, “Lezamako lehengo tiro-leku irregularraren jardunaren eraginez kutsatuta egon leitekezan lurren kutsadura mailea jakiteko azterlanari” buruzko informazinoa eskatzea zan. Bere agerraldian, diputatu andreak, gai hori ez dagoala bere Sailaren “eskumenen barruan” adierazo dau.
Sozialisten ekimenak, 2010eko apirilaren 20an, “Lezamako lehengo tiro-lekuko jardun irregularraren eraginez kutsatuta egon leitekezan lurren garbiketeari” buruz onartutako Arauz besteko Proposamen batera eroaten gaitu.
PSE-EE taldeko Isaac Fernández bozeroaleak kritikau egin dau proposamena onartu zanetik 4 urte igaro diran arren, “ez dala inolako jarduerarik egin Lezamako Udala jaubetakoak diran, baina Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituan lur horreetan”. Horrez gain, zalantzan jarri dau “4.000 metro karratuko azalera batean 50 tona berun egoteak kutsadurarik ez dakarrenik”. Kutsadura posible horri, “babestutako mendi batean hiru erreka sortzen dirala” gehitu deutso. Hori dala eta, Fernándezek eskaerea egin dau, Aldundiak agindua emon deion Eusko Jaurlaritzari, Lezamako zoru horreetan katak egin daizan “lur horreen kutsadura maila zehazteko”.
EH Bilduko Asier Vega batzordekideak azpimarratu dau “legez kanpoko jarduera batek eragindako kutsadurea dala”, eta “erakundeek kasu honetan erakutsi daben pasibidadea” kritikau dau. Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeko Nerea Ahedo bozeroalearen eretxiz, barriz, tiro praktikak ez ziran legez kanpokoak, “Guardia Zibilak eta Lezamako Udalak berak emondako baimenak euki ebezalako”.
Irene Pardok batzordeko taldeei emondako informazinoaren arabera, aurtongo azken hiruhilekoan, hurrengo hamar urteetako Ganguren mendiaren baso kudeaketarako bere Sailak agindu dauen azterlana aurkeztuko da.
BEHARRAK OTXARRETAKO BASOAN (ZEANURI)
Nekazaritzako diputatu andrea, PSE-EE-k egin dauen bigarren agerraldi eskaereari erantzunez be agertu da batzordean, oraingo honetan, Zeanuriko udalerrian, Gorbeiako Parke naturalaren mugen barruan, dagoan Otxarretako basoari buruzko informazinoa emoteko. Holan, sozialistek, joan dan apirilean, makina astunak erabiliz egindako beharrei buruzko azalpenak eskatu ditue. Behar horreek eragina euki dabe aitatutako Otxarreta basoko pagadian, “oso leku ederra, eta erreferentziazko leku garrantzitsua eta etenbako jomugea argazkilaritza turismoaren arloan”.
Pardok jakinarazo dauenez, aitatutako lan horreek “zugatzen birsorkuntzarako inausketagaz” dagoz erlazionauta, bere Saileko teknikariek baimenduak eta gainbegiratuak. Bere berbetan, behar hori ohikoa da, kasu honetan gertatzen dan moduan, moeta “motzeko” arbolak diranean, eta bere helburua “zugatzen adaburuen tamainua eta pisua txikitzea da, arbolen bizia luzatzeko”. Diputatu andreak azaldu dauenez, aitatutako basoak “bere edertasun osoa berreskuratuko dau” basoko lan horreek bukatu ostean.
Bukatzeko, batzordeak ez dau onartu “Mendexako Vista Alegre Unidadean babestutako artadiaren mozketea dala eta Foru Aldundiak erakutsi dauen jarreraren inguruko erantzukizunak zehazteko” eskatuz EH Bilduk aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena.
Ekimen horren bitartez, EH Bilduk barriro ekarri dau Batzarretara kostaldeko herriko kokaleku horretan egoan arte kantabriarreko basoa desagertu izanaren gaia. Asier Vegak barriro eskatu dau “delitu ekologiko posible” hori ikertzeko, eta “SOS Karraspio plataformak gertatutakoaren barri Aldundiari jakinarazo eutsanetik Nekazaritza eta Ingurumeneko sailen artean egon dan koordinazino txarra” salatu dau.
Arturo Aldecoa PP-ko bozeroaleak atsekabea erakutsi dau artadiaren desagerpena dala eta “gu konturatu barik galdu daikeguna erakusten deuskun istorio tristea”, baina bere taldearen abstentzinoa justifikau dau, EH Bilduk aurkeztutako proposamenean “zer edo zelango helburu politikoa” ikusten dauela esanez. EAJ-PNV-k proposamenaren kontra botau dau. María Presa bozeroaleak gogoratu dauenez, lur hori “uriko” lur moduan egoan sailkatuta Mendexako arau subsidiarioetan, “eta, hori dala eta, ezinezkoa zan mendiei buruzko legedia apliketea”, eta, “edozelan be, egon daitekean delitu ekologikoa preskribiduta egongo litzateke, orain hiru urte baino gehiago gertatu zalako”.