Batzar Nagusiek ez dabe onartu Itsasadarreko Itsas Museoari "Nuevo Antxustegi" itsasontzia bere bildumaren barruan mantentzeko eskaria egiterik
Gaur eguaztenean, ekainaren 25ean, egindako bileran, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu “Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren Patronatuak, `Antxustegi´ ontzia museoaren bildumatik kentzeko hartutako erabagiari aurre egiteko” eskatuz EH Bilduk aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena. Arauz Besteko Proposamenak Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldearen kontrako botoak, EH Bilduren aldekoak eta Socialistas Vascos (PSE-EE) taldearen eta Bizkaiko talde popularraren (PP) abstentzinoak jaso ditu.
Ondarroako `Antxustegi´ atun ontzia Bilboko Itsas Museotik eroateko aukerea izan da Batzar Nagusietako Kultura eta Euskerako batzordeko lanaren protagonistetako bat, Arauz Besteko proposamen baten eta agerraldi eskaera biren bitartez.
Miren Josune Ariztondo Kulturako Foru Diputatuari egindako agerraldi eskaeran, Asier Sanz EH Bilduko bozeroaleak, “Nuevo Antxustegi” itsasontziaren gaiari buruz Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritzak Museoaren Patronatuaren barruan daukan jarrereari eta “itsasontziaren narriatze egoera negargarriari” buruzko azalpenak eskatu ditu. Horrez gain, itsasontzia dohaintzan emon eban familiaren eskaera dala eta Aldundiak daukan eretxiari buruzko azalpenak be eskatu ditu. Sanzek agerian itxi dau museo batek, bere ondarea kontserbetako orduan, aurrera eroan behar dauen kode deontologikoa ez dala bete.
Batzarretako Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak, Juan Otermin ordezkariaren bitartez, izen bereko itsasontzia bertan behera itxita dagoalako Antxustegi familiak jente aurrean adierazotako kexatan oinarritu dau gai horri buruzko agerraldi eskaerea.
Bere agerraldian, itsasontzia 1997an Museoari dohaintza emon jakonetik egindako ibilpidea azaldu dau Ariztondok. “Epealdi horretan 1.534.423 euro bideratu dira itsasontziaren berreskuratze, mantentze eta erakusketa lanetara, 900.000 euro inguru, ostean beste itsasontzi batzuk be egon diran dike sikuaren eraikuntzara zuzendu diran arren”. Dike sikuan egon behar izateak, dohaintzarako akordioan jaso zan moduan, egurra hondatzea eragin dau, eta hori dala eta, baztertu egiten da esku hartze barririk egiterik, Ariztondoren eretxiz horrek ez leukelako etorkizuneko kontserbazinoaren arazoa konponduko.
“Nuevo Antxustegi” itsasontzira zuzendutako inbertsinoei esker, itsasontziaren bizia 17 urtez luzatu da, eta, ganera, irakaskuntzarako balioa izan dau, museoaren elementuak gehitu jakozalako. Bere agerraldian, diputatu andreak, “kultur ondarea kontserbeteak ondare horren elementu esanguratsuenak kontserbetea esan gura dauela, adierazo dau, baina iraunkortasun erespideak kontuan izanda”.
Arturo Aldecoa Bizkaiko Talde Popularraren (PP) bozeroaleak International Council of Museums (ICOM) izenekoaren kode deontologikoa aitatu dau. Bertan “naturaltasunez ikusten da museo bateko bildumatan objektuei baja motea”. Esan dauenez, beharrezkoa da erantzukizunez jardutea, dagozan baliabide ekonomikoak kontuan izanda.
Batzarretako Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldetik adierazo danez, Antxustegi familiak idatzi eta EH Bilduk irakurri dauen idazkian, akordioak bilatzeko asmorik bako adierazpenak eta gogoetak egiten dira, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoari etikarik ez daukala esaten jakolako, adibidez.
LIBURU DIGITALEN ON-LINE MAILEGUA EZARTEKO AZTERLANA
Saioan aho batez onartu da “Liburu digitalak on-line lagateko zerbitzu publikoa Bizkaian ezarteko eta martxan jarteko aukereari buruzko azterlana aurrera eroateko” Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernuari eskaria egiteko PSE-EE taldeak aurkeztu dauen Arauz Besteko proposamena.
Socialistas Vascos taldeak adierazo dauenez, mailegu digitala hainbat liburutegiren eskaintza digitala da, edozein erabiltzailek, denpora jakin baterako, euskarri digitalak maileguan euki daizan, liburu elektronikoak, audio artxibategi elektronikoak eta bestelako argitalpen elektronikoak, eta hori guztia, mailegu digitalaren bitartez jeitsiz.
LUMENTXAKO KOBAZULOAN AURKITUTAKO LABARRETAKO MARGOAK
Bizkaiko Talde Popularrak (PP) beste agerraldi eskari bat aurkeztu dau, “Lumentxako kobazuloan (Lekeitio eta Ipazter) aurkitutako labarretako margoak eta bestelako aztarnak, eta horreen guztien ikerketea, babesa eta balioa emotea” lantzeko.
Agerraldi horretan, Miren Josune Ariztondo Kulturako Foru Diputatu andreak, aurkitutakoaren irudiak erakutsi deutsez taldeei. Irudien artean bisonte bi eta zaldi bat azpimarratu behar dira. “Bizkaian paleolitoko artea daukan seigarren kobazuloaren aurrean gagoz”, esan dau.
Bizkaiko Talde Popularra eta EH Bildu bat etorri dira kobazuloan jarri beharreko segurtasuneko neurriak jarri behar dirala esateko orduan, jentea ez daiten kobazulora sartu, aurkikuntzek kontserbazino egoera onean jarraitu daien.
Ganera, diputatu andreak, Bizkaiko kobazulo guztien erreplika birtuala egiteko azterlana egiten ari dala azaldu dau.