Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek ez dabe onartu PSE-EE taldeak Bailen kaleko "Narkosalak" zabalik jarraitu daian aurkeztu dauen proposamena. Dana dala, itxierea abenduaren 31ra arte atzeratu daiteke

batzordea

Bilbon, 2014ko ekainaren 25ean.

Bailen kalean dagoan Bilboko Kontsumo Gainbegiratuko Gelak, “Narkosalea” izenez ezagutzen danak, azken uneak bizi ditu gaur egungo kokalekuan eta Gobernuz Kanpoko Munduko medikuak erakundeak aurrera daroan kudeaketagaz, eguazten honetan, ekainaren 25ean, alkartu dan Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordeak, gela hori ixtea saihesteko Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak aurkeztutako Arauz besteko Proposamena atzera bota eta gero.

Ekimena defendidu dauenean, Juan Otermin PSE-EE-ko bozeroaleak gogoratu dauenez “2003. urtean, Bailen kaleko “narkosalea” sortu zanean, erakunde guztiek zorionak emon geuntsezan alkarri, baliabide horrek drogamendekotasunean jausitakoen bizi baldintzak hobetzen ebazalako, kontsumo kontrolaua errazten ebalako eta kontsumo hori kaleetatik urruntzen ebalako”. Horrez gain, adierazo dau “orain arte, 3.000 pertsona baino gehiagok jaso dabela arretea zentro horren bitartez, eta epealdi horretan, erabiltzaileek 270.000 zerbitzu baino gehiago jaso dituela”.

“Itxierari buruzko iragarpena ‘narkosalaren” erabiltzaileentzat benetako kolpe gogorra izan dala” gogoratu ostean, “Eskumenei buruzko atxakiek ez dabela Bilboko herritar batzuei hain zerbitzu eta laguntza garrantzitsua emoten deutsen zerbitzuagaz ez jarraitzeko balio” adierazo dau Oterminek. Holan, PSE-EE-ren ekimenaren helburua, Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Udalari eskaria egitea zan, “Bilboko Kontsumo Gainbegiratuko Gelearen kudeaketea euren esku hartu daien eta itxieraren kontra agertu daitezan”.

Munduko medikuak erakundeak Bailen kalean dagoan “Narkosalan” egin dauen beharra batzarretako talde guztiek autortu dabe, baina ekimena ez da onartu, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeak kontrako botoa emon dauelako. Bizkaiko Talde Popularreko (PP) ordezkari biak abstenidu egin dira eta, hori dala eta, PSE-EE eta EH Bildu taldeen aldeko 6 botoak ez dira nahikoa izan ekimenak aurrera egin daian.

EAJ-PNV-ko Jon Larrea batzordekideak adierazo dau negoziazinoetan ari dirala Munduko medikuak erakundeagaz, GKE horrek aurtengo abenduaren 31ra arte luzatu daian ‘narkosalan” egiten ari dan beharra, orain arteko asmoa datorren ekainaren 30ean ixtea zan arren. Larrea seguru agertu da, zentro hori itxi ostean, “administrazino guztiek, modu koordinauan, zerbitzu bera emoten jarraitzea lortuko dabela, berme sozio-sanitario hoberenakaz”. Holan, adierazo dau “badagozala dagoaneko drogamendekotasunean jausitakoei arretea emoteko programak, mendekotasunak dituen pertsonei zuzendutako gizarte arloko esku hartzerako Foru Aldundiaren LIZA programea, edo GIB-VIH programea, adibidez”.

EH Bilduko Amaia Agirresarobe batzordekideak adierazo dauenez, “drogamendekotasunean jausitako pertsonen egoerari buruzko eztabaida sakona, nasaia eta arduratsua falta da, beharrezkoa dalako talde horrentzako izaera integraleko konponbideak bilatzea”.


TUTELAPEKO ADINBAKOAK ETA NERABEAK

Saioan Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatu andreak be hartu dau parte, EH Bilduk eskatuta, Batzordearen aurrean “Eusko Jaurlaritzaren adinbakoen dekretua Bizkaian zein mailatan apliketan dan” azaldu daian.

“Zalantza handiak daukaguz umeentzat eta nerabeentzat egoitzako harrerako baliabideak arautzen dituan 1331/2008 Dekretuaren betete mailari jagokonez”, esan dau Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak, agerraldi eskaria justifiketako orduan. Gai horri jagokonez, “Arartekoak 2013ko azaroan egindako txosten kritikoa eta Bizkaian adinbakoak jasoteko zentroetako hainbat beharginen kexak” gogoratu ditu Sotok. Horrez gain, bere eretxiz, azken urteetan adinbakoen egokitzako gizarte babesaren arlo horretan egon diran hainbat “irregulartasun” be azaldu ditu, eta horreen artean “espezializautako beharginen falta, zentroetako segurtasuneko beharginakaz egon diran arazoak, instalazino batzuen mantentze, garbiketa eta irisgarritasun eskasa, eta 2013. urtera arte ikuskapenik ez egotea” aitatu ditu. EH Bilduko bozeroaleak “emantzipazinoari laguntzeko programen faltea eta Udal batzuek, euren udalerrietan dagozan zentroetan hartutako adinbakoak erroldetako orduan dituen gabeziak” be kritikau ditu.

Pilar Ardanzak guzurtau egin dau EH Bilduk esandakoa, eta Bizkaiko Foru Aldundia 1331/2008 Dekretuan ezarten dana betetan ari dala baieztu dau “pixkanakako egokitzapen epealdiaren ostean”. “10 urtetan argazkia goitik behera aldatu dala” esan ostean, Ardanzak adinbakoaren babeserako Foru Sareak gaur egun Bizkaian, 548 egoitza plaza egonkor eta preminazko beste 9 eskintzen dituen 47 zentro dituala adierazo dau, “eta une honetan, zentro horreen okupazino mailea %98koa dala”.

PSE-EE taldeko Juan Oterminek, “arlo horretan alarma daturik ez dogula ikusten” argitu ostean, denpora gitxi barru bere taldeak “Bizkaian adinbakoaren arretearen egoerari buruzko txosten berezia” proponiduko dauela iragarri dau.


EGOITZA ZERBITZUAK PERTSONA NAGUSIENTZAT

Batzordeak atzera bota dau, “Aldundiaren edo udalen titularidadea daukien eta Bizkaian dagozan zentroak eta zerbitzuak kontroletako helburua daukan gizarte zerbitzuei buruzko 155/2011 dekretuari” buruz EH Bilduk aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena. Amaia Agirresarobe EH Bilduko ordezkariaren esanetan, proposamenaren helburua “Hirugarren Adinekoentzako egoitza zerbitzuetako arretea hobetzea da”.

Bizkaiaren kasuan, mendekotasuna daukien pertsona nagusien egoitza zerbitzuak kontzertetako gitxieneko eskakizun eta baldintza aplikagarriak, Agirresaroberen eretxiz “gabeziak” dituan kudeaketa kontratu batek zehazten ditu.

EAJ-PNV eta PP taldeen kontrako botoakaz eta PSE-EE-ren aldekoakaz baztertu dan ekimenaren bitartez, EH Bilduren helburua Batzar Nagusiek Aldundiko Gizarte Ekintzako sailari eskaria egitea zan, baldintza teknikoen hurrengo pleguan gai bi sartu daizan: “mendekotasun mailen artean bereizketea sartuko dauen arreta zuzeneko ratioetan eta soslai profesionaletan oinarritutako laguntza eredua, eta pertsona nagusi bakotxarengatiko behargin/erabiltzaile ratioa handitzea, herritarrei kalidadezko zerbitzua bermatuko deutsen laguntza ereduaren arabera”.

“Kalidadezko laguntza zerbitzuak emoteko Foru Aldundia araudira etenik barik egokitzen dala” ziurtatu ostean, Irene Edesa EAJ-PNV-ko bozeroaleak, “Bizkaiak %51n gainditzen dauela pertsona nagusien egoitzetarako arretaren legezko ratioa” eta “Gizarte Ekintzako Foru Sailak, arretaren eraginkortasun eta kalidade erespideei erantzuten deutsen egoitzako arreta ereduari eusten deutsala” adierazo dau.