Batzar Nagusiek agindua emon deutsie Aldundiari, Durango-Gasteiz autobus lineako erabiltzaileen interesak defendidu daizan
Gaur, barikuan, ekainaren 20an, alkartu dan Herri Lan eta Garraioetako batzordeak, aldeko 11 botogaz (Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Socialistas Vascos) eta kontrako bigaz (Bizkaiko Talde Popularra), EH Bildu taldeak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena onartu dau. Proposamen horretan agindua emoten jako Bizkaiko Foru Aldundiari, “ALSAk ustiatzen dauen Durango – Gasteiz lineako erabiltzaileen interesak defendidu daizan, linea horrek hartzen dituan herrietako udalen aurrean, eta harremanak euki daizan Arabako Foru Aldundiagaz eta Euskadiko Garraioaren Agintaritzagaz, Bizkaiko udalerriek eskatzen dituen kalidadea eta zerbitzua bermatuko daben hitzarmenak edo akordioak sinatu ahal izateko”.
Aitor Torrek, proposamena aurkeztu dauen taldearen ordezkariak, azaldu dau badakiela gai horrek konplexutasuna daukala eskumenei jagokenez, horren esleipena Arabako Foru Aldundiari jagokolako. Bere esku hartzean erabiltzaileen interesak defendiduteko eta hitzarmenak edo akordioak ezarteko eskatu dau.
Jesús Isasi Bizkaiko Talde Popularreko (PP) batzordekidea proposamenaren kontra agertu da, bere ustez “Arabako Foru Aldundiari eskatu behar jakon gaia dalako”. Bere txandan adierazo dauenez, Arabako Foru Aldundiak eskinitako zerbitzuari buruzko lau espediente ditu zabalik, eta egin beharrekoa, kontratuak beteten ez dituen enpresak zigortzea da, eta ez hitzarmenak sinatzea, proposamenean jasoten dan moduan.
Joaquín Colmenero Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeko ordezkariak adierazo dauenez, bere taldea esfortzua egitearen aldekoa da, Izurtza, Mallabia edo Otxandio bezalako Bizkaiko herriak igaroz Durango eta Gasteiz arteko bidea egiten dauen autobus lineak “zerbitzu egokia emon daian”.
Nerea Ahedo Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak, bere aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiak Arabako Foru Aldundiaren aurrean zerbitzuari buruzko alegazinoak aurkeztu dituala adierazo dau, eta Arabako Aldundiaren erantzuna jasotzeko zain dagoala gehitu dau.
INFORMAZINO PANELA LEMOAN
Herri Lan eta Garraioetako batzordean, aldeko 11 botogaz (Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Socialistas Vascos) eta Bizkaiko Talde Popularraren abstentzinoagaz, Arauz Besteko beste Proposamen bat onartu da, Aldundiari eskaerea egiteko, EuskoTreneko geltokiaren ondoan dagoan Lemoako geralekuan, Foru Aldundiak ustiatutako autobusen ordutegiei eta maiztasunei buruzko “informazino panel” bat instalau daian, bertatik Bizkaibuseko “5 linea” igaroten diralako, eta horretarako akordioa sinatu daian Euskotrenegaz, panel horretan Euskotreni buruzko informazinoa be agertu daiten. Lemoako Bizkaibuseko geralekuak intermodal moduan jokatzen dau, lotura daukalako Donostia, Bilbo, Durango, Gernika eta Bermeo lotzen dituan Euskotren tren operadoreagaz.
Proposamena aurkeztu dauen EH Bildu taldeko Fernando Larrinaga ordezkariak adierazo dauenez, “bertatik igaroten dan autobus kopurua eta leku horrek daukan izaera intermodala dala eta, gure ustez beharrezkoa da geraleku horrek informazino puntu digitala eukitea”.
Bizkaiko Talde Popularreko Jesús Isasiren ustez, komenigarria izango litzateke erabiltzaileek autobusen iritsierari buruzko informazino zuzena jasoteko euren telefono mobikorrak erabili ahal izateko aukerea aztertzea.
Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeko Joaquín Colmenerok aldeko botoa defendidu dau, bere eretxiz erabiltzaileek informazino guztia jaso behar dabelako, euren ibilpidea antolatu ahal izateko.
Javier Setién Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak adierazo dau Lemoako geralekuak, intermodala danez, pantaila bat euki daikeala EuskoTrenegaz batera, emakida barriak indarrean sartzen diran unean.
GAZTETRANS TXARTELA GAZTEENTZAT
Batzorde berean, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako diputatu andreak, EH Bilduk eskatuta, gazteei zuzendutako Gaztetrans txartelaren ezaugarriak azaldu ditu. Garamendik adierazo dauenez, “sistema hori, gure lurralde historikoan garraioaren erabilerea hobetzeko Bizkaiko erakundeek bere egunean egin eben eta etorkizunari begira be egiten daben apustu argia eta garbia da”.
Lehenengo fase honetan, aldi baterako hileroko titulu partzuergotuak eta modalitate bakarrekoak ezarriko dira, Bizkaibuserako edo Metrorako baino ezin izango diranak erabili, 26 urtetik beherako gazteentzat, Gazte Bizkaibus eta Gazte Metro izenekoak.
Garamendik azaldu dauenez, “tarifen integrazinoa, bateratzea, lortzeko bidean aurrera egiteko lehenengo pausu handia da. Lehenengo aldiz, Bizkaibus eta Metro bezalako hain garraio desbardinek tarifa bat bateratzea lortu dabe. Horri esker, inolako zalantza barik gertu egongo dan etorkizunean, titulu partzuergotu multimodalak ezarri ahal izango dira eta, ganera, garraiobide barriak sartu ahal izango dira hileko titulu horreetan”.
Gazte titulua (Bizkaibus edo Metro), Bizkaiko Garraio Partzuergoak jaulkitako aldi baterako titulu partzuergotua da, hilebeteko iraupenekoa, pertsonala eta transferitu-ezina, Bizkaibusen edo Bilboko metroan erabiltekoa, eta Bizkaiko edozein herritan erroldatuta dagozan 26 urtetik beherako pertsonei zuzendua.
Titulu horregaz gura beste bidaia egin ahal izango da erosi eta 30 hurrengo egunetan, aukeratutako guneen barruan dagozan abiapuntuen eta jomugen artean.
Gutxienez gune batean eta gehienez metroko 3 gunetan edo Bizkaibuseko 5 gunetan erabili ahal izango da, erabiltzaileak erosketaren unean egindako aukeraketaren arabera, eta tarifea aukeratutako gune kopuruaren araberakoa izango da.
Titulua indarrean dagoan bitartean Bizkaibusen edo Bilboko metroan inolako muga barik ibilteko aukera dagoanez, izaera pertsonala eta transferitu-ezina dauka.
BIZKAIBUSEKO 331 LINEA TRAPAGAKO ELGUERO AUZORA LUZATZEA
Aitor Torre EH Bilduko bozeroaleak, Batzar Nagusiek urtarrilean onartu eben Arauz Besteko Proposamen batek jasoten eban moduan Bizkaibuseko 331 linea Trapagako Elguero auzora luzatzeari buruz egin dauen informazino eskariari jagokonez, Garamendik, Elguero auzorako sarbidearen arazoa aztertu dala eta zerbitzua emoten dauen enpresa emakidadunagaz berba egin dala adierazo dau, denporak eta distantziak neurtzeko eta barriro be zerbitzuaren ustiapeneko ratioak kalkuletako.
“Trapagako Udalagaz berbetan jarraitu dogu, horrek eskatzen dauen diskrezinoagaz, Elguero auzoak dituan 100 biztanle ingururi zerbitzua emon ahal izateko konponbide hoberena aurkitzeko”, gehitu dau.
Herri Lan eta Garraioetako diputatu andreak iragarri dauenez, emakida barriak funtzionetan hasi ostean helduko da Bizkaibus Trapagako Elguero auzora, eta bost zerbitzu eskiniko ditu astegunetan eta lau zapatuetan eta jaiegunetan.