Kulturako Diputatu andreak, Bakioko Txakolingunearen behin behineko kudeaketea Itxaslehor enpreseari esleitu izana defendidu dau
Josune Ariztondo Kultura eta Euskerako Foru diputatu andreak, Bakioko Txakolingunearen behin behineko kudeaketea Itxaslehor enpreseari esleitzeko prozesuaren gardentasuna eta legetasuna defendidu ditu gaur goizean egindako Kultura eta Euskerako batzordean, “museoaren beharrak ezagutzeko eta behin betiko esleipenerako lehiaketearen pleguak prestetako formula hoberena dala” esanez.
Bakioko Txakolingunea, txakolinari eskinitako museoa, joan dan martxoan inaugurau zan Bizkaiko udalerri horretan, eta bere kudeaketea Itxaslehor enpreseari esleitu jakon, kulturaren kudeaketan espezializautako beste bi enpresa be gonbidatu ziran aukeraketa prozesuaren ostean. Denpora horretan, Itxaslehorrek hiru arlotan egin dau behar: bisitak –bisitariek “arreta zuzena” jasoten dabe, hasera batean planteautako “auto-gida” jaso beharrean–, txakolinagaz erlazionautako guztia hedatzeko eta ezagutuazoteko jarduerak, eta programazinoa.
Holan, diputatu andreak, zabaldu zanetik zentroak 1.500 bisitari jaso dituala adierazo dau. Zientzia eta teknologia tailerrak eta bertako artisten erakusketak antolatu dirala, eta hainbat kultur topaketa eta Bizkaiko Museoen Sarearen eta Euskal Kostaldeko Museoen koordinazino mahaiaren hainbat bilera bertan egin dirala be azpimarratu dau.
Museoaren behin betiko kudeaketea, abuztuaren 31n amaitzen dan sei hilebeteko epealdia bukatu eta gero deituko da, lehiaketa publikoan. Prozesu guztiak “sektore publikoko kontratuen legeak agintzen dauena beteten dauela” ziurtatu eta gero, Ariztondok aukeratutako esleipen formulea justifikau dau, eta esan dau formula bera erabili izan dala Bizkaikoak eta Foru Aldundiak bultzatutako antzeko beste ekimen batzuetan. Adibide moduan, Santimamiñeko kobazuloen interpretazino gunearen kudeaketea eta urte horretan bertan egin zan Sopelako ludotekarena eta gaztelekuarena aitatu ditu.
Josune Ariztondok Bakioko Txakolinguneari buruz emon dituan azalpenek ez ditue Batzarretako oposizinoko talde guztiak konbentzidu, eta kulturgune horren esleipen eta kudeaketa prozesuari buruzko euren zalantzak planteau ditue.
Irune Sotok, Diputatu andrearen agerraldia eskatu dauen taldeetako baten, EH Bilduren, bozeroaleak, “Txakolingunearen azkeneko kontratazino prozesuan Aldundiak bardintasuna zelan bermatuko dauen” galdetu deutso Ariztondori. Bere esku hartzean, Sotok kritikau egin dau “txakolin ekoizleen” eretxia kontuan hartu ez izana, eta bere susmoa agertu dau, “indarrean dagoan kontratua ez ete dan alkatearen enpresea porrotetik salbetako modu bat izan”, egungo Bakioko alkateak Itxaslehor enpresako akzinodunen artean daukan partaidetzea gogoratuz. Gai horri jagokonez, Josune Ariztondok azpimarratu dau “alkatea ez dala daborduko enpresa horretako kide, enpreseak Txakolingunearen kudeaketearen ardurea bere gain hartu eban unetik beretik”.
Arturo Aldecoa Bizkaiko Talde Popularraren bozeroaleak esan dauenez, zoritxarrez, Bakioko Txakolingunea polemikaz inguratuta egon da hasera-haseratik. “Ardaoari buruzko museo batentzako gauzarik txarrena ardao hori ozpinduta egotea da”, esan dau.
Juan Oterminek, diputatu andrearen agerraldia eskatu dauen beste taldea izan dan Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeko, batzordekideak hau esan dau: “erabateko gardentasunaren eta argitasunaren aldekoak gara holango jarduketetan, interes publikoa defendiduteko eta herritarren artean sortu daitekezan edozelango zalantzak sustraietatik mozteko”.
LARRAÑETAKO FUNIKULARRARI BURUZKO MUSEO BAT SORTZEKO AZTERLANA
Kultura eta Euskerako Batzordeak, Aldundiari, izen bereko Trapagako auzoan Larrañetako Funikularraren Museo bat sortzea aztertzeko eskatuz, PP taldeak aurkeztutako Arauz Besteko beste Proposamena onartu dau. “Kultur Intereseko Ondasun izendautako prozesuan” dagoala gogoratu ostean, Arturo Aldecoak “Estaduan geratzen diran guztien artean funikularrik bereziena dala” azpimarratu dau, eta, ganera, “garraio ingeniaritzaren maisu lana”.
PP-ren ekimena, proposamena aurkeztu dauen taldearen eta EH Bildu eta PSE-EE taldeen aldeko botoakaz onartu da, eta Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) abstenidu egin da. Josu Artetak, azken talde horretako bozeroaleak, adierazo dauenez, “ziklo ekonomiko gatxean gagoz, Bizkaian museo barri batera baliabideak bideratzeko”.
PP-k Arauz Besteko beste Proposamen bat aurkeztu dau, “Bizkaian dagozan kultur espazioei buruzko informazino kanpainea” antolatzeko. Proposamen horrek ez dau aurrera egin, EAJ-PNV-k kontra botau dauelako eta EH Bildu eta PSE-EE taldeetako batzordekideak abstenidu egin diralako. PP-ren asmoa, Aldundiak, Bizkaiko etxebizitza guztietako postontzietara sartuko litzateken gidaliburu baten argitalpena bultzatzea zan. Gidaliburu horretan, Bizkaian dagozan turismo intereseko leku guztiak jasoko litzatekez, titularidade pribadua daukienak eta Foru Aldundia edo Bizkaikoa ez diran beste erakunde batzuek kudeatutakoak be bai.
Amaitzeko, PP-k baztertu egin dau “adierazpena eskatu dan kasuetan Bizkaiko ondare kulturaleko, industrialeko eta inmaterialeko elementuak Kultur Ondasun izendatzeko espedienteen izapidetzea arintzeko” eskatuz aurkeztu behar eban Arauz Besteko beste Proposamena. PSE-EE taldeak gauza bera egin dau “Barik sistemagaz koordinauta, uri-guneetako garraio publikoa erabilteko eta Bizkaikoak erakundeak kudeatzen dituan museoetara eta kultur intereseko lekuetara sartzeko aukerea emongo dauen txartel bat (Bizkaia Card) sortzeko azterlana egiteko” eskatuz aurkeztu behar eban Arauz Besteko Proposamenagaz.