Aurreko Albisteak

Adarren soinuak ehundaka pertsona gidau ditu Ganekogorta mendiaren tontorrera, Batzar Nagusietarako deialdi tradizionalean

Bilbon, 2014ko ekainaren 15ean.

Eguraldi desegonkorra ez da oztopo izan ehundaka pertsona, dagoaneko ohikoa dan Batzarretarako deian parte hartzeko animau daitezan gaur goizean. Tradizinoak agintzen dauenez, eguerdiko 12:00etan, Gernikako osoko bilkuren ospakizunak iragarten ebezan adarrak barriro entzun dira Ganekogortako tontorrean eta hegaletan. Mendi horrek eta Gorbeia, Kolitza, Sollube eta Oiz mendiek osatzen ditue Bizkaiko bost deiadar tontorrak.

Batzar Nagusiek, Bilboko Uribarri auzoko Gailurra mendi taldeagaz batera antolatutako aurtongo mendi martxa goizeko 08:00etan abiau da Bilboko Fango Kiroldegitik. Ia itsasoaren mailan dagoan puntu horretatik urten eta gero, partaideak 11:30etatik aurrera heldu dira Ganekogorta tontorrak dituan 999 metroetara, taldetan banatuta. Tontorrean, ohikoa dan Batzar Nagusietarako deia egin da.

Bizkaiko Batzar Nagusiek 2004. urtetik antolatzen dabe jardunaldi hori, garai modernoan erakundea barriro be indarrean jarri zanetik 25. urteurrena bete ebazanetik. Urte horretatik, adin guztietako bizkaitarrek adarrotsa entzun ahal izan dabe, ost deiadar mendietako (Gorbeia, Kolitza, Sollube, Oiz edo Ganekogorta) batetik, antxinatik Gernikan batzeko egiten zan deia gogoratuz.

Tontorrean, Gailurra taldearen ordezkariak adar ofiziala emon deutso, datorren urteko igoerearen antolatzailea izango dan eta Gorbeia mendian egingo dan Lemoako Ganzabal taldeko ordezkariari. Batzar Nagusiak ordezkatuz, Batzarretako Mahaiko idazkaria, Jon Andoni Atutxa, joan da, eta beragaz batera Oscar Arana eta Edorta Rodrigo batzarkideak egon dira.

Adarrotsaren eta ohorezko aurreskuaren ostean, Atutxak eskerrak emon deutsez bertara gerturatutakoei, eta gogoratu dau Batzar Nagusiek, Europa osoko lehenengo erakunde demokratikoetako batek, “Gernikan egiten ziran osoko bilkurak deitzeko egiten zan herritarren partaidetzarako deiadarra gogoratzeko” asmoz berreskuratu ebela ehun urte baino gehiagoko tradizino hori.

Jardunaldia, Pagasarriko magaletan egin dan jaiagaz amaitu da. Bertara joandakoek opari txiki bat jaso dabe, eta, ganera, Peñascal fundazinoak egindako pintxoz osatutako hamaiketako xume batez gozau ahal izan dabe. Bitartean, dantzariek, bertsolariek eta trikitilariek alaitu dabe giroa.

Hamar urteotan Deiadar Mendien Eguna ibilpide klasiko bihurtu da Bizkaiko mendizaleentzat eta euskal tradizinoen zaleentzat. Eguraldia oso ona izan ez dan arren, aurton bostehun pertsona inguru batu dira Ganekogorta mendian, Bizkaiko Batzar Nagusien deiari erantzunez, antxina Gernikara, Haretxaren gereizpera, bizkaitarron arazoez eztabaidatzeko eta erabagiteko joaten ziran ordezkariei egiten jaken deia gogoratzeko.