Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek agindua emon deutsie Foru Aldundiari, Plentzian 2122 foru errepidea hobetzeko lanak ahalik eta arinen hasi daizan

Batzordea

Bilbon, 2014ko ekainaren 12an.

Gaur, eguenean, ekainaren 12an, bildu dan Herri Lan eta Garraioetako batzordeak aho batez onartu dau, Foru Aldundiari, Plentziatik igarotean 2122 foru errepidean bide segurtasuna hobetzeko egin behar diran jarduketak hasteko agindua emoten deutsan Arauz Besteko Proposamena, ahalik eta arinen eta Plentziako Udalagaz koordinauta.

Batzarretako Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak aurkeztutako proposamena aho batez onartu dan arren, gai horri buruzko eztabaidea gogorra izan da, eta Batzarretan ordezkaritzea daukien taldeek bata besteari arazoaren errudun izatea leporatu deutsie, obren atzerapenean erakunde bakotxak daukazan erantzukizun politikoak dirala eta.

Holan, Jesús Isasik, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) batzordean daukan bozeroaleak, 2122 foru errepidea konpontzeko egin beharrekoak egiteko Plentziako Udalaren, Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren artean sinatutako hitzarmena aitatu dau, eta proiektua aurrera eroateko 1,5 milioi euro hartzen dituen aurrekontu partidak dagozala esan dau. “Hori guztia hutsean geratu da”, esan dau Isasik atsekabetuta.

Isaac Fernándezek, proposamena aurkeztu dauen taldeko ordezkariak, gogoratu dau, baita be, “Plentziako Udalak bere arau subsidiarioen aldaketa puntuala egin dauala dagoaneko, proiektua desblokeetako eta foru errepide sareko puntu baltz horretako jarduketea errazteko. Puntu horretan hainbat azpiegiturak egiten dabe bat, horreen artean ikastetxe batzuek”.

Aitor Torre EH Bilduko bozeroaleak, bere aldetik, 2122 foru errepidea hobetzeko proiektuaren “blokeatze politikoa” kritikau dau, eta horren errudun EAJ-PNV dala esan dau. Torreren berbetan, EAJ-PNV-k, “berak agintzen dauen herrien alde egiten dau beti”. Jon Larrea Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeko batzordekideak guzurtau egin dau Aitor Torrek esandakoa, eta Herri Lan eta Garraioetako Foru Sailak Bermeo, Ermua edo Muxika moduko udalerrietako bide azpiegituretan egindako jarduketak gogoratu deutsaz EH Bilduri, udalerri horreetako alkatetzak euren esku ez dagozala azpimarratuz.

2122 errepidearen kasuan, Larreak azpimarratu dau “errepide hori hobetzeko proiektuaren parte bat Gatzamiñe inguruko urigintza arloko garapenagaz dagoala erlazionauta, eta, behar horreen arduradunak sustatzaileak edo lurraren jaubeak edo, halan danean, Plentziako Udala, dirala”.


MIRAFLORESEKO BIDE-ZUBIA OINEZKOENTZAT EGOKITZEA

Miribilla auzoa Bolueta, Santutxu eta Atxuri auzoakaz lotzen dauen Mirafloreseko bide-zubiak urigintzako jarduketea jasoko dau, oinezkoentzat egokitzeko, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako Foru diputatu andreak batzordean bertan adierazo dauenez. Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak finantziauko daben proiektua “behin betiko balorazino ekonomikoaren” zain dago, baina Garamendik, 600.000 eurotik gorako kostua izango dauela eta burutzapenerako epea sei hilebetekoa izango dala aurreratu dau.

Aitor Torrek proiektu horren atzerapena kritikau dau, “azterlanaren eskaerea 2012ko ekainaren 4ko batzordean onartu zala gogoratuz, indarrean dagoan legedian oinarrituta Mirafloreseko bide-zubia oinezkoen joan-etorrietarako egokitzeko, Miribilla eta Santutxu auzoen artean oinezko joan etorriak errazteko”.


TRAFIKO PILAKETEA ERRONTEGIN, ISTRIPUA DALA ETA

Saio berean, Itziar Garamendik, “joan dan maiatzaren 8an Supersur errepidean, Errontegiko Zubian hainbat automobilek izandako istripu bat zala eta, sortu zan trafiko pilaketa handiari” buruzko kritikak “larregizkoak” dirala esan dau, gai horri buruzko azalpenak emoteko foru diputatu andrearen agerraldia eskatu dauen PSE-EE taldeko Isaac Fernández batzordekideari erantzunez.

“Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarra ez dala Errontegiko zubiaren alternatibea” azpimarratu ostean, Garamendik, Errontegiko istripuaren egunean ordaindu beharreko autopista horretako ordainlekuetako kabinetatik igaro ziran ibilgailuei buruzko datuak emon ditu. Kamioi batek eta lau automobilek eragindako istripuaren ondorioz, maiatzaren 8 haretako goizeko lehenengo orduan Errontegiko zubiaren lau erreietatik hiru itxi behar izan ziran, eta horrek trafiko pilaketa handiak eragin ebazan A-8 autopistan eta inguruetan. Asko izan ziran alternatiba moduan Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarra aukeratu ebenak.

Garamendiren esanetan, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarreko Gertakizunen Hautemate Automatiko sistemak (GHA-DAI) erregistrautako datuek erakusten dabenez, “une batean be ez zan trafikoa geldik egon, trafiko geldoa egon zan”. Adierazo dauenez, enpresa emakidaduneko behargin gehiago joan ziran ordainlekuetako kabinetara, automobilei kobrau beharrekoa arintzeko, eta “ilarak ez ziran inoiz 60 metro baino gehiagokoak izan”.

Jesús Isasi bozeroale popularrak, puntu horretan izan dauen esku hartzea baliau dau Lamiakoko azpi-flubialaren proiektua errebindiketako, Errontegiko zubiaren bide alternatiba moduan.