Aurreko Albisteak

Foru Aldundiak, Ogasunari iruzur egiten deutsien pertsonen zerrendea argitaratzea abalauko dauen txostena eskatuko deutso Datuen Babeserako Euskal Agentziari

Gernika

Gernikan, 2014ko ekainaren 11n.

Bizkaiko Foru Aldundiak ogasun publikoari iruzurra egiten deutsien zergadunen zerrendea argitaratzeko aukerea aztertuko dau, Datuen Babeserako Euskal Agentziari neurri horren legezko aukereari buruzko txostena eskatu ostean. Iruzur fiskalaren kontrako neurri barriak hartzea, iruzurra egiten daben pertsonen zerrenden argitalpen posiblea barne, izan da gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkuran eztabaidatutako gaietako bat. Saioan, Batzarretako EH Bildu, Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeek aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenak aztertu, eztabaidatu eta bozkatu dira.

Azkenean, aho batez, EAJ-PNV-k aurkeztutako ekimena onartu da. Proposamen horretan, eskaerea egiten jako Foru Aldundiari, txostena eskatu deion Datuen Babeserako Euskal Agentziari. EH Bilduk eta PSE-EE-k aurkeztutako proposamenak ez dira onartu.

Bere proposamenean, EH Bilduk, iruzurgile handien zerrendea argitaratzeko legez dagoan aukerea aztertzeaz gain, –“Gipuzkoan egiten dan moduan”, Joseba Gezuraga bozeroaleak azpimarratu dauenez– “Arrisku Berezia daukien Zergadunen Erregistroa egin daiten be eskatzen zan, Sailak behar dituan egoera jakin batzuetan iruzur susmoak sortzen dituen norbanakoen edo pertsona juridikoen zerrendea jasoz”. PSE-EE-k aurkeztu dauen ekimenari jagokonez, “lurraldean dagoan lurpeko ekonomiari buruzko Behatokia eratzeko be eskatzen zan, 2014. urte hau bukatu aurretik”.


TRIBUTUAK ETA ZERGAK

Osoko bilkurak aho batez onartu dau laneko bizitzea bukatu ondorengo egoera jakin batzuetarako tributu tratamendu alternatiboa ezarten dauen Foru Arau Proiektua. Proiektu horren helburua, behargin eta, aldi berean, egoera gogorrean dagozan enpresetako bazkide, diranak babestea eta kostu fiskal gehigarria saihestea da. Langile horreek, laneko bizitzea amaitu eta gero jaso behar ebezan baliabideak enpresetan itxi ebezan, mailegu moduan, ganerako beharginei laguntzeko eta hareekaz alkartasuna erakusteko neurri moduan.

Beste alde batetik, osoko bilkurak, kontrako boto barik, egin beharreko kontzertazinoa egin eta 7/2014 Legearen eta 1/2014 Foru Arauaren bitartez berretsi eta gero araubide komuneko tributu sisteman sartutako sei zerga barriren Foru Arau proiektuak onartu ditu. Horren helburua Bizkaiko araudiaren barruan sartzea da, tributu horreen ordainarazpena, kudeaketea eta bilketea Foru Aldundien esku geratuko diralako.

Guztira sei zerga dira: Sektore elektrikoari buruzko hiru (Energia Elektrikoaren Produkzinoaren balioaren ganeko Zergea, Gastautako Erregai Nuklearraren eta Hondakin Erradiaktiboen Produkzinoaren ganeko Zergea, eta Gastautako Erregai Nuklearraren eta Hondakin Erradiaktiboen Biltegiratzearen ganeko Zergea), eta Negutegi Efektuko Gas Fluoratuen gaineko Zergea, Kreditu Erakundeetako Gordailuen ganeko Zergea eta Joko Jardueren ganeko Zergea.
Tributu barriak, 2013ko urtarrilaren 1eko ondoreakaz kontzertauta dagozala ulertzen da, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako datea daukan Negutegi Efektuko Gas Fluoratuen ganeko Zergea izan ezik.


ENPLEGUA

Foru Aldundiak martxan jarri dituan enplegu planei esker 2.000 pertsona inguru lan munduan sartu ziran 2013an, eta 2014. urtean langabezian dagozan beste 2.400 pertsona ingururi beharra aurkitzen lagunduko deutseela aurreikusten da, 1.300 gaztek lan munduan sartzeko aukerak hobetzeaz gainera, Imanol Pradalesek, Ekonomiaren Sustapeneko diputatuak emondako datuak kontuan izanda. “Enplegua ez da sortzen Aldizkari Ofizialaren edo lan erreformaren bitartez, enpresen sorkuntza bultzatuz eta jarduera ekonomikoa indartuz baino”, esan ostean, Pradalesek konfiantza erakutsi dau Aldundiaren Enplegu Planean. Aurton plan horrek 17,5 milioi euroko aurrekontua dauka.

Ekonomiaren Sustapeneko diputatuak, Iñaki Egaña Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeko bozeroaleak egindako itaun bati erantzun deutso. Talde sozialista arduratuta agertu da, “orain denpora gitxi ezagutu doguzan gure lurraldeko langabeziari buruzko datu larriak dirala eta: %18,9ko langabezia tasa, gure lurraldean 102.300 pertsona langabezian”.


ETXERIK BAKO PERTSONAK

Gizarte bazterketa egoeran dagozan pertsonak, etxerik ez daukienak, batez be, izan dira Batzar Nagusien osoko bilkuran egindako eztabaidaren parte baten protagonistak. Bertan, EAJ-PNV taldeak aurkeztu dauen Bizkaian etxerik ez daukien pertsonei zuzendutako osotasunezko estrategia martxan jarteari buruzko Arauz Besteko Proposamena onartu da, PSE-EE eta EH Bildu taldeek aurkeztutako zuzenketa-eske bana sartu eta gero.

Arauz Besteko Proposamena EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu taldeen aldeko botoagaz eta Bizkaiko talde popularreko (PP) 8 batzarkideen abstentzinoagaz onartu da. Bertan agindua emoten jako Foru Aldundiari, “Eusko Jaurlaritzagaz eta Bizkaiko udalakaz batera, modu koordinauan eta bakotxaren eskumenak kontuan izanda, eta Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektorearen laguntzagaz, Bizkaian etxerik ez daukien pertsonei zuzendutako osotasunezko estrategia martxan jarri daian, Euskal Administrazino Publikoei, estrategia horren jarraipena eta ebaluazioa modu koordinauan planifiketako aukera emongo daben kontzeptuak eta adierazpenak modu homogeneoan identifiketako tresnen erabileran oinarrituz”.

Gai berari buruz PP-k aurkeztu dauen proposamena, barriz, ez da onartu. Talde popularrak arazoari lurraldeko ikuspegitik aurre egitea proponiduten eban, baina ganerako taldeen eretxiz ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzaren inbolukrazino aktiboa. Eztabaidan, Esther Martínez PP-ko bozeroaleak, “igaz Bizkaian etxerik bako sei pertsona hil zirala” gogoratu dau.

Jon Larrea EAJ-PNV-ko bozeroaleak esan dau zoritxarrez ezin izan dala talde politiko guztien arteko akordioa lortu, “etxerik bakotasuna” baztertzeko batzar nagusietako talde guztien adierazpen bateratua egin ahal izateko.


TXARTEL BAKARRA

Osoko Bilkurak ez dau onartu EH Bildu taldeak Bizkaiko garraio publikorako “txartel bakarra” eratzeari buruz, ELA, LAB, CCOO, UGE, ESK eta USO federazino sindikalek gai horri buruz egin daben eskaereari erantzunez, aurkeztu dauen Arauz besteko beste Proposamena. Aitor Torre EH Bilduko batzarkidearen berbetan, “neurria gizartearen eskaerea da, eta bat dator kalidadeko garraio publiko zerbitzuagaz”.

Ekimena baztertu egin da EAJ-PNV eta PP taldeen kontrako botoakaz. Proposamena aurkeztu dauen taldeak eta PSE-EE-k aldeko botoa emon dabe. Nerea Ahedo EAJ-PNV-ko bozeroalearen eretxiz, “EH Bilduk txartel bakarra eta tarifa bakarra nahasten jarraitzen dau”. “Txartel bakarra, dagoaneko beteta dagoan gizartearen eskaerea da, daborduko existiduten dalako”, esan dau, ukipenik bako Barik txartela aitatuz.


OPOR FISKALAK DIRALA ETA JARRITAKO ISUNA

Batzar Nagusiek ez dabe onartu EH Bilduk aurkeztutako beste ekimen bat. Ekimen horren helburua, “Opor fiskalen” auzian Europako Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak isuna jarteko, legez kanpoko laguntzak berreskuratzeko epemuga bete ez izanaren inguruko erabagiaren ondorenezko isunaren 30 milioi euroetatik Eusko Jaurlaritzak %70 ordaintzea proponiduten zan. Bere proposamenean, EH Bilduk beste gauza bat be bilatzen eban, Aldundiak argitu daiala “zeintzuk izan diran haren ordainketea atzeratzea erabagi ebenak, eta erabagi horren erantzukizun politikoak onartu daiezala”. Irune Soto bozeroaleak, “erabagiaren errudunak EAJ-PNV eta Confebask izan zirala” esan dau.

“Opor fiskalak onartu ziranean ekonomiaren eta enpresaren ikuspegietatik Euskadik bizi eban abagune gogorra” gogoratu ostean, Koldo Mediavilla EAJ-PNV-ko bozeroaleak adierazo dau EB-k ezarritako isunaren ordainketea “Finantzen Euskal Kontseiluan erabagiko dala, Espainiako Gobernuak horren barri emon ostean”.

Arauz besteko beste Proposamena ez da onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako botoakaz, PP-ren abstentzinoagaz eta EH Bilduko 11 batzarkideen aldeko botoakaz.


MENDEKOTASUNA DAUKIENEI EMON BEHARREKO PRESTAZINOA

Beste alde batetik, osoko bilkurak ez dau onartu EH Bilduk aurkeztutako Arauz besteko beste Proposamen bat. Bertan, “Laguntza Pertsonalerako Prestazino ekonomikoak (PEAP) arautzen dituan dekretua aldatzea eskatzen zan. Aldaketa horren helburua, “gaur egun indarrean dagoan 65 urteko mugea kentzea da, kasu gehienetan zainketak behar dituen pertsona nagusientzat be prestazino horreen ateak zabalik ixteko”.

Ekimena ez da onartu, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen kontrako botoakaz eta proposamena aurkeztu dauen taldearen aldekoakaz. Amaia Agirresarobe batzarkideak, “mendekotasuna daukien pertsonen eta pertsona horrek zaindu behar dituenen aldeko zerbitzuak eta baliabide publikoak indartu beharraren” barruan sartu dau proposamena.


BIZIKIDETZA ARAZOAK SESTAON

Batzarretako osoko bilkurak ez dau onartu Josu Bergara (EAJ-PNV) Sestaoko alkatearen dimisinoa eskatzerik. Hori zan EH Bilduk, “Sestaoko udalerrian dagozan bizikidetza arazoei” buruz aurkeztu dauen Arauz besteko Proposamenaren helburuetako bat. Holan, Sestaoko higiezinen enpresetako ordezkariakaz egindako bilera batean Bergarak esandako berba polemikoak heldu dira Batzarretara. Udalerrian etorkinak erroldatzeari buruzko berba horreek komunikabideen bitartez filtrau ziran.

EH Bilduren asmoa, Sestaoko udalari eskaerea egitea zan, “udalerrian erroldetako eskubidea autortzen dauen legedia bete daian, eta Arartekoak, erroldatzeari jagokonez legediagaz bat etorri beharrari buruz, behin eta barriro emon dituan aholkuak kontuan hartu daizan”. Ganera, Bizkaiko Foru Aldundiari be eskaerea egiten jakon “arduraz jokatu eta arazoa gestionetako erantzukizuna hartu daian, lekuko ganerako erakundeakaz eta Eusko Jaurlaritzagaz batera, alkarteen laguntzea eta partaidetzea be kontuan hartuz”. Ekimenak ez dau aurrera egin, EAJ-PNV-ren eta PP-ren kontrako botoak eta PSE-EE-ren abstentzinoa dirala eta.


FAMILIAKO HARRERA PROFESIONALIZATURAKO PROGRAMA PILOTUA

Bizkaiko Foru Aldundiak, erakundearen tutoretzapean dagozan eta behar bereziak daukiezan adinbako batzuen harrera “profesionalizaturako” programa piloturako lehiaketa publikoa deituko dau, Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatuak jakinarazo dauenez, Eduardo Andrések, Bizkaiko Talde Popularreko batzarkideak, Gernikan egin dan osoko bilkuraren arratsaldeko saioan egin dauen itaunari erantzunez.

Ardanzak azpimarratu dauenez, programa pilotua, Europako beste herrialde batzuetan martxan dagozan antzeko esperientzietan dago inspirauta, eta “urritasun arazoak eta behar bereziak daukiezan adinbakoak, edo anai-arreba taldeak, jasotzeko dago pentsauta, gatxagoa dalako talde horreen harrerarako familia boluntarioak aurkitzea”.

Gizarte Ekintzako diputatuak azpimarratu dau bere saila arduratuko dala esleipena lortzen dauen enpresaren beharraren jarraipena egiteaz. “Seguruenez, Hirugarren Sektoreko enpresaren bat izango da”, esan dau. Programa pilotu barria urte honetako azkeneko hiruhilekoan jarriko da martxan.


HONDAKIN ORGANIKOEN BIRZIKLAPENA

Bizkaiak 256.000 tona baino gehiago birziklau ebazan igaz, Lurraldean sortutako hondakin guztien %42, Europar Batasunean birziklapenaren arloan lider dan Alemaniaren antzera, Iosu Madariaga Ingurumeneko diputatuak, Asier Vega EH Bilduko bozeroaleak aurkeztutako beste itaun bati erantzunez emondako datuek erakusten dabenez. EH Bilduko bozeroaleak adierazo dauenez, Bizkaiak “ez dau betetan hondakin organikoen %50aren birziklapena ezarten dauen Europako Batasunaren Hondakinen Esparru Arteztaraua”.

Halaber, Madariagak birziklapen zifrak hobetzeko konfiantza erakutsi dau “Tratamendu Mekaniko-Biologiko Plantea oso-osorik beharrean hasten danean, eta bosgarren edukiontzi pertsonalizatuaren bitartez frakzino organikoaren birziklapenari emongo jakon bultzadagaz”.


AP-68AREN KUDEAKETEA

Socialistas Vascos (PSE-EE) taldearen ahozko itaun bati erantzunez, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako foru diputatu andreak jakinarazo dau ez dagoala inolako hitzarmenik Foru Aldundiaren eta AP-68 Autopistea kudeatzen dauen enpresaren artean, azpiegitura horren Bizkaiko zatian erabiltzaileentzako diru-laguntzei jagokenez, “Espainiako gobernua horren kontra agertu dalako”.


OPOR FISKALAK

Europako Batasuneko Justizia Epaitegiak, opor fiskalen gaian legez kanpokoak dirala esandako diru-laguntzak itzultzeko epea ez betetearen ondorioz jarritako isunaren gaia barriro agertu da arratsaldeko saioan, oraingo honetan Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak egindako ahozko itaun moduan. Irune Sotok azalpenak eskatu ditu, “Foru Aldundiak eta Ahaldun Nagusiak berak isun horren ordainketari jagokonez hartuko dituen erantzukizunei” buruz. Erantzunean, Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak berak, gai horretan jagokon erantzukizunaren partea “onartzen dauela” adierazo dau “lehenengo pertsonan eta baita Aldundi moduan be. Besteek be gauza bera egin beharko leukie”, gehitu dau.