Aurreko Albisteak

Agenda: ekainaren 11. Batzarretako taldeek iruzur fiskalaren kontrako neurriei eta Ogasunari iruzur egiten deutsien pertsonen zerrendea argitaratzeko aukereari buruz eztabaidatuko dabe Gernikan

Eguazten honetan, ekainaren 11n, Gernikan egingo dan osoko bilkuraren gai azpimarragarrienetako bat iruzur fiskalaren kontrako neurriak martxan jartea izango da, iruzurra egiten daben pertsonen zerrendea argitaratzeko aukerea barne. Horretarako, Batzarretako EH Bildu, Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeek aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenak eztabaidatu eta bozkatuko dira.

Beste neurri batzuen artean, EH Bilduk, bere proposamenean, eskaerea egin dau, Batzar Nagusiek agindua emon deioen Batzar Nagusiei, “Gipuzkoan egiten dan moduan, iruzurgile handien zerrendea argitaratzeko legezko aukerea aztertu daian”, eta baita “Arrisku Berezia daukien Zergadunen Erregistroa egin daian be, Sailak behar dituan egoera jakin batzuetan iruzur susmoak sortzen dituen norbanakoen edo pertsona juridikoen zerrendea jasoz”.

PSE-EE-ren ekimenaren helburua, barriz, Batzar Nagusiek Aldundiari eskaerea egitea da, “Euskal Herriko Unibersidadeagaz eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluagaz batera, lurraldean dagoan lurpeko ekonomiari buruzko Behatokia antolatu daian, 2014. urte hau bukatu aurretik”, eta, ganera, “hilebete biko epean, Bizkaiko Foru Aldundiko iruzurgileen zerrendea argitaratzearen komenigarritasunari buruzko txosten tekniko-juridikoa bialdu daian Batzarretara”. Azken neurri hori bat dator EAJ-PNV-k aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenagaz. Talde horrek, bere ekimenean, eskaerea egin dau, Batzar Nagusiek “agindua emon deioen Aldundiari, erakunde horrek galderea egin daian Datuen Babeserako Euskal Agentziaren aurrean, euskal ogasunaren iruzurgile nagusien zerrendak argitaratzeko dagoan lege aukereari buruz”.


ETXERIK BAKO PERTSONAK ETA MENDEKOTASUNA DAUKIENEI EMON BEHARREKO PRESTAZINOA

Saio berean, EAJ-PNV taldeak, Bizkaian etxerik ez daukien pertsonei zuzendutako osotasunezko estrategia martxan jarteari buruzko Arauz Besteko Proposamena defendiduko dau. Estrategia horrek, “erakundeen arteko koordinazino eta lankidetza mekanismoak indartzea eta egoera gogorrean edo gizartetik baztertuta dagozan pertsonei arretea emoteko beste soluzino posible batzuei buruzko gogoetea egitea eskatuko leuke”. PP taldeak, egoera txarrean dagozan pertsona horreei arretea emoteko antzeko beste proposamen bat aurkeztu dau.

Beste alde batetik, EH Bilduk, Laguntza Pertsonalerako Prestazino ekonomikoak (PEAP) arautzen dituen dekretuaren aldaketarako proposamena sartu dau. Aldaketa horren helburua, “gaur egun indarrean dagoan 65 urteko mugea kentzea da, kasu gehienetan zainketak behar dituen pertsona nagusientzat be, prestazino horren onuretarako ateak zabalik ixteko”.

Talde horrek berak Arauz besteko beste Proposamen bat eroango dau bilerara, “ELA, LAB, CCOO, UGE, ESK eta USO federazino sindikalek txartel bakarra sortzeari buruz egin daben eskaerea”.

BIZIKIDETZA ARAZOAK SESTAON

Batzarretako osoko bilkurak, EH Bilduk, “Sestaoko udalerrian dagozan bizikidetza arazoei” buruz aurkeztu dauen Arauz besteko beste Proposamen bat be eztabaidatuko dau. EH Bilduren eretxiz “preminazkoa” da aitatutako Bizkaiko udalerrian sortu diran bizikidetza arazoak gainditzeko hartu beharreko neurriak hartzea, “sortu dan gizarte alarmea kontuan izanda”. Horregaitik, bere proposamenean eskaerea egiten jako Sestaoko Udalari “udalerrian erroldetako eskubidea autortzen dauen legedia bete daian, eta Arartekoak behin eta barriro emon dituan aholkuak kontuan hartu daizan, erroldatzeari jagokonez legediagaz bat etorri beharrari buruz”. Ganera, Bizkaiko Foru Aldundiari be eskaerea egiten deutso “arduraz jokatu eta arazoa gestionetako erantzukizuna hartu daian, lekuko ganerako erakundeakaz eta Eusko Jaurlaritzagaz batera, alkarteen laguntzea eta partaidetzea be kontuan hartuz”.

ITAUNAK

Batzarren aurrean egindako itaunen bitartez, EH Bilduk 2013an Bizkaian lortutako birziklapenari buruzko datuak eskatuko ditu, eta ganera, “2020. urterako lortu behar diran hondakin organikoen birziklapen helburuak lortuko dirala bermatzeko hartu beharreko neurriak azaltzea” be eskatuko dau.

EH Bilduk, Ondarearen ganeko Zergari eta “Opor fiskalen auzian Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak isuna jarteko legez kanpoko laguntzak berreskuratzeko epemuga bete ez izanaren inguruko erabagiaren ondorenezko isunagaitik Foru Aldundiak eta Ahaldun Nagusiak berak hartuko dituen erantzukizunei” buruzko beste itaun bi erregistrau ditu. Azkeneko gai horri buruz, osoko bilkurak, batzarretako EH Bildu taldeak berak aurkeztutako Arauz Besteko beste Proposamen bat be eztabaidatuko dau.

Beste alde batetik, eta Gizarte Ekintzaren arloan, “Foru Aldundiaren tutoretzapean dagozan adin txikikoak hartzen dituen familiei diruz ordaintzeko Sail horrek planteau dituan erespideei eta baldintzei” buruzko itauna egingo dau Bizkaiko talde popularrak (PP).

Itaunen arloak, PSE-EE-k ahoz egingo dituan beste galdera bi be jasoten ditu. Oraingo honetan, Foru Aldundiak AP-68 Autopistea kudeatzen dauen enpreseagaz daukan hitzarmenari buruzkoa eta “orain denpora gitxi ezagutu doguzan Bizkaiko langabeziari buruzko datu larriei buruz: %18,9ko langabezia tasa, gure lurraldean 102.300 pertsona langabezian”.