Aurreko Albisteak

Argi berdea Bizkaiko "bidegorrien" Foru Arau proiektuari

batzordea

Bilbon, 2014ko ekainaren 6an.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako batzordeak “argi berdea” emon deutso Aldundiko Gobernu Kontseiluak joan dan 2014ko apirilaren 15ean onartu eban Bizkaiko Txirrindularitza Foru Errepideen Proiektuari. Araudi barriari batzarretako taldeek aurkeztutako proposamenak gehitu jakoz. Bertan txirrindularitza bideak, ezaugarri propioak eta bereziak dituan bide mueta edo bide azpiegitura mueta gisa onartzen dira. Ezaugarri horreek beharrezkoak dira motorduna ez dan mobikortasunerako, bizikletaz egiten danerako, batez be, eta beste garraio azpiegitura mueta posible batzuetatik bereiztuta dago.

Arauzko esparru barruan, Bizkaiko Lurraldeko Txirrindularitza Foru Errepideen plangintza, proiekzino, eraikuntza, aldaketa, artapen, ustiapen, finantzaketa, erabilera eta defentsagaz erlazionautako alderdiak be arautzen dira. “Hori guztia, uri inguruneko mobikortasunaren garapenari eta sustapenari zuzenduta”, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako diputatuak defendidu dauenez.

Aldundiko arduradunak azpimarratu dauenez, “azkeneko helburua, Txirrindularitza Foru Errepideen Sarea osatzen daben eta Aldundiaren esku dagozan behar dan moduan bereiztutako txirrindularientzako bideen garapena arautzea da, Bizkaian txirrindularien mobikortasunerako egitura saretua osatu daien”.

Foru arau barria bizikleta sustetako estrategia horren parte da, eta bere helburua Bizkaiko lurraldea egituratzea da, Arauaren bitartez arautzen diran foru txirrindularitza bideez osatutako bide azpiegituren bitartez. Bide horreek Bizkaiko Txirrindularitza Plan Zuzendariaren parte dira, udal kudeaketako ganerako txirrindularitza bideakaz batera.

Bukatzeko, Foru Arau horrek erantzuna emoten deutso Bizkaiak Euskadiko Ingurumenaren Babeserako 3/98 Lege Orokorrean adierazotako lege aginduari. Bertan esaten zan beharrezkoa zala erakundeek, motordun ibilgailu pribaduaren aurreko garraiobide alternatiboak bultzatzea.

Arauzko proiektuak batzarretako prozesuagaz jarraituko dau, Euzko Abertzalak, Socialistas Vascos eta Bizkaiko Talde Popularra taldeetako ordezkarien laguntzari esker. EH Bildu abstenidu egin da. Azkeneko talde horretako bozeroaleak, abstentzinoa justifiketako orduan, esan dau “asmoa ona iruditzen jaken arren, ez dala txirrindularia bide sarearen antolamenduaren barruan modu naturalean integratzerik lortzen, eta ez dituala kontuan hartzen Lurraldeko txirrindulari alkarteek egindako errebindikazioetako asko”.


ERREKALDEKO SAIHESBIDEA

Saio berean, Socialistas Vascos taldeko Joaquín Colmenero batzordekideak Errekalden egingo dan saihesbidearen eraikuntzari buruz ahoz egindako itaunari erantzun deutso Itziar Garamendik.

Bere erantzunean, Garamendik, joan dan maiatzaren 27an egindako Batzar Nagusien Osoko bilkuran onartutako Arauz Besteko Proposamena aitatu dau. Bertan, eskaerea egiten jakon Herri Lan eta Garraioetako Sailari “Errekaldeko Saihesbide barriaren Proiektuaren idazketea hasi daian”. Gai horri jagokonez, diputatuak jakinarazo dau “izapide horreek hasi dirala, aurretik egin beharreko ingurumeneko bideragarritasunerako beharrak agindu diralako, aurretiko ingurumen arloko kontsultetarako lehenengo dokumentua prestetako eta ingurumen erreferentziazko dokumentua izenekoa lortzeko”.

Bere esku hartzean, Garamendik hau gogoratu deutso Joaquín Colmenerori: “ez zu, ez zure alderdia ez zinaten Errekaldeko Saihesbideaz gogoratu, orain sei hilebete 2014. urteko Lurralde Historikoko Aurrekontuak tramitetan egon ziranean”, eta baita beste hau be: “Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren eraikuntzari esker debekau ahal izan dogu kamioiak A8ko enborretik, eta Errekaldeko saihesbidetik, batez be, igarotea. Hori oso lagungarria izan da autobidetik gertu dagozan hiriguneetan hobekuntza nabarmena lortzeko”.


TRENBIDE PASAGUNEAK KENTZEA AMOREBIETA-ETXANON

Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako batzordeak, EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu taldeen aldeko botoagaz eta PP-ren abstentzinoagaz, koalizino abertzaleak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat onartu dau. Proposamen horretan eskaerea egiten jake Eusko Jaurlaritzari eta EuskoTreni, Amorebieta-Etxanoko uri-gunean dagozan bi trenbide pasagune kendu daiezan. Fernando Larrinaga EH Bilduko bozeroalearen eretxiz, leku bi horreek “puntu baltz bi dira oinezkoen eta ibilgailuen segurtasunerako, eta ahalbait arinen kendu behar dira”.

Euzko Abertzaleak taldea ekimenaren alde agertu da, baina talde horrek batzordean daukan bozeroaleak azpimarratu dauenez, “soluzino teknikoak konplexuak eta garestiak dira”. Edorta Rodrigo batzordekideak gogoratu dau badagoala Lurraldean dagozan trenbide pasaguneen egoerari buruz Euskal Trenbide Sareak (ETS) egindako txosten bat, eta Amorebieta-Etxanoko bien kasuan, pasagune horreek lur azpian sartzeko beharren kostua 10 milioi euro ingurukoa izango litzatekela adierazoten dau txostenak.


MARTIARTU AUZORAKO (ARRIGORRIAGA) SARBIDEAK

Ez dau zorte bera izan EH Bilduk gaurko batzordean aurkeztu dauen Arauz Besteko bigarren Proposamenak. Proposamen horren bitartez eskaria egiten jakon Aldundiari, Arrigorriagan dagoan Martiartu auzotik BI-625 errepidera joateko sarbide zuzena bilatzeko. Proposamen hori mozino moduan onartu eban udalerri horretako udalak. Proposamena ez da onartu, EAJ-PNV-ren kontrako botoakaz eta PP-ren abstentzinoagaz. EH Bilduk eta PSE-EEk proposamenaren aldeko botoa emon dabe.

EH Bilduk 50 metroko diametroko biribilgunea eregitea proponiduten eban, Martiartu auzora ibilgailuak sartzeko eta bertatik urtetako, bertan dagoan industrigunearen barruan. EAJ-PNV taldeko Nerea Ahedo bozeroalearen eretxiz, EH Bilduk proponidutako soluzinoak “ez leuke indarrean dagoan udal arautegia beteko, PTS izenekoari zein arau subsidiarioei jagokenez”. “Ganera, ez da alternatiba bideragarria, eta kaltegarria izango litzateke inguru horretako bide segurtasunerako. Arazoak konpondu beharrean, sortu egingo leukez”, adierazo dau.

Joaquín Colmenero PSE-EE-ko bozeroaleak, bere aldetik, deia egin deutse Aldundiari eta Arrigorriagako Udalari “bien artean Martiartuk dituan sarbide arazoentzako konponbide onena aurkitu daien”.