Denporaleen eraginak jasan ebezan Bizkaiko hondartzak konpontzeko lanean erakundeen artean egin dan beharra eta koordinazinoa azpimarratu ditu Aldundiak

Bizkaiko hondartza denporaldia datorren domekan, bagilaren 1ean, hasiko da, eta “hondartza gehienak egoera onean egongo dira, martian izandako denporaleek eragindako kalteak konpontzeko eskumenak daukiezan administrazino guztien artean martxan jarritako erakundeen arteko beharrari eta koordinazinoari esker”, Iosu Madariaga Ingurumen Foru Diputatuak azpimarratu dauenez. Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako Nekazaritza eta Ingurumeneko batzordearen aurrera joan da gaur, oposizinoak mahai ganean jarritako hainbat gairi buruz erantzuteko.
Bizkaiko hondartzen egoerari buruzko azalpenak Batzarretako Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak eskatu ditu. Isaac Fernándezek, talde horrek batzordean daukan bozeroaleak ardura berezia erakutsi dau, “Lagako eta Laidako hondartzek erakusten daben itxura negargarria” dala eta. Ibarrangeluko udalerrian dagoan azken hondartza horri buruz, “duna natural handi bat desagertu egin dala” esan dau Fernandezek.
“Bagilean hainbat hondartzatan egin beharreko lanak bukatzen joango dirala” esan ostean, Madariagak adierazo dau Laidaren kasuan “hondarra desagertzea ez dala gertakari dramatikoa, estuarioak dituan ezaugarrien ondorioz gertatzen dan zer edo zer dala”, eta hondartza horren iparraldearen, Izaroko ugartera begiratzen dauenaren, parte garrantzitsua Mundakako portua dragetako lanetatik ateratako hondarragaz estaldu dala jakinarazo dau. Ganera, aurreratu dauenez “Kostetako Zuzendaritzak, hondartza horretarako sarbide guztiak konpontzeko asmoa dauka”.
Madariagak, Ingurumen Ministerioaren esku dagoan Kostetako Zuzendaritza Nagusia egiten ari dan lanen martxa onari buruzko zehaztasunak emon ditu. Lanak hondartza honeetan ari dira egiten: La Arenan (Pobeñako zubiaren konponketea), Barinatxen (hondartzaren soslai segurua berreskuratzea, makinen bitartez eta, kasu batzuetan, dragetearen eta ponpaketaren bidez), Plentzian eta Gorlizen (harea mobidutea badian eta azken hondartza horretarako sarbideetako egurrezko pasabideen konponketea), Bakion (pasealekuaren eta sarbideen konponketea eta aztarna antropikoak hondartzatik kentzeko aurreikuspena eta erdialdean hondarra gehitzea, dragetearen eta ponpaketaren bidez), Bermeon (hondartzako sarbidearen eta plataformaren konponketa bukatzea eta zerbitzuen eraikina ordezkatzea), Laidatxun (egurrezko pasabidearen konponketea) eta Karraspion (pasealekua berregitea).
FOKEN PRESENTZIA
Beste alde batetik, Foru Aldundiko Ingurumen sailak, Bizkaiko kostaldean fokak agertu izanaren aurrean protokoloa edo arautegia egin eta zabalduko dau, ugaztun hori gero eta gehiago ikusten dalako, Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena aho batez onartu eta gero, neurri hori “itsasoko ugaztun guztiei” zabaltzea eskatzen eban PP-ren zuzenketa-eskea gehitu ostean.
Proponidutako ekimenen artean, foken atsedena jaso daikien hondartzetan eta ganerako lekuetan informazino panelak jartea aurreikusten da, bertako biztanleei eta bisitariei informazinoa emoteko. Animaliengana ez gerturatzea aholkatuko jake, itxura nasaia daukien arren arriskutsuak diralako, eta holango animaliaren bat ikusten dabenean 112 zenbakira deitzea eskatuko jake.
TMB eta “Q SUKARRA”
“Q sukarraren” gaia barriro landu da gaur Bizkaiko Batzarretan, oraingo honetan Bizkaiko Talde Popularraren eskutik. Talde horrek Ingurumeneko diputatuaren agerraldia eskatu dau, TMB lantegia desinfektetako hartu diran neurrien barri emon daian.
Iosu Madariagak azaldu dauenez, “aste honetan bertan TRAGSA enpreseak lantegia desinfektetako beharren lehenengo fasea hasi dau, lantegiko koadro elektrikoari jagokozan beharrakaz, hain zuzen be”. Diputatuak bagilaren 22ko datea jarri dau desinfekzino beharrak bukatzeko. Behar horreek, Neiker-Tecnalia teknologia zentroaren azken txosten batek abalauko ditu. Ganera, diputatuak “lantegiko segurtasuneko protokoloen aldaketea” iragarri dau, “antzekorik barriro gertatu ez daiten”.